TXAPELA BURUAN. Belen Mendizabal. Indian bizi den oñatiarra

«Berraragiztatzean sinesten dute, eta arkitekturan aplikatzen dute»

Hirigintzan lan egiten du Mendizabalek Indian, eta Haryana estatuko neskak lan merkatuan sartzen laguntzeko proiektuetan ere aritzen da. Azaldu du hango kultura erabat ezberdina dela.

BERRIA.
Iker Tubia.
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Duela hamar urtetik Indian bizi da Belen Mendizabal arkitektoa (Oñati, Gipuzkoa, 1962): Punen lehenbizi, New Delhin orain. Hirigintzan aritzen da: LKSn zortzi urtez, eta berak sortutako enpresan azken urteotan. Ingalaterran eta Txinan ere bizi izan zenez, ohituta dago Euskal Herritik urruti bizitzera.

Zerk lotzen zaitu Indiara?

Beti arkitekturan eta hirigintzan aritu naiz. Hemen ez dago hirien planifikaziorik; beraz, hirigintzan lan pila bat dago.

New Delhiko arkitektura nola ikusten duzu?

Monumentu gehienak musulmanak dira, edo kristauak ere bai. Hindu erlijioak ez du betirako kontzeptu hori. Horregatik, indiar arkitektura ikustea ez da erraza. Berraragiztatzeansinesten dute, eta hori bera aplikatzen dute arkitekturan.

Zer aukeratuko zenuke?

Koloreak: hemen kolore asko eta biziak daude.

Erabat egokitu zara dagoeneko?

Baietz uste dut. Txinatik etorrita, uste nuen kultura gertuago izango nuela, baina gero konturatu nintzen hau ere oso ezberdina dela eta oso berezia. Tira, eguraldia oso zaila da. Atzo 46 gradu geneuzkan, eta lan egiteko ez da erosoa. Baina bizi betea dut, eta ez naiz konturatu ere egiten ez beroaz, ez zikinkeriaz...

Zergatik da oso ezberdina?

Pertsonen harremanengatik. Desberdintasunean bizi eta lan egitera ohituta daude; kulturak, hizkuntzak... hainbeste daude; errespetu handia diete besteei.

Kulturaz aldatzea kostatu zitzaizun hasieran?

Hau hain plurala da, hain originala... Egunero zerbait berria ikusten duzu. Ez zara inoiz ohitzen. Bestela pentsatzen dute, haien logika ez da gurearen berdina; beraz, aukera bat da zerbait berria ikasteko.

Jende asko dago hirietan. Nola bizi duzu hori?

Hemen edozein tokitan dago jendea eta zarata. Baina ez da hain erraza benetako lagunak egitea, nahiz eta jende asko ezagutu. Jende pila bat dago, baina bakoitza bere tokian.

Badira gauza komunak Indiaren eta Euskal Herriaren artean?

Gauza txiki bat: gramatikarengatik eta hitzengatik, euskara jakinda errazago egin zait hindia ikastea. Adibidez, jana berdin esaten da. Hitz batzuk berdinak dira.

Hindiz hitz egiten duzu?

Oso ondo ulertzen diet: bilerak ingelesez dira, baina errazago egiten dute hindiz edo beste hizkuntzaren batean, eta horretara pasatzen dira. Etxean konbertsazio normalerako badakit, baina lanean aritzeko ez.

Kamalini GKEan zer lan egiten duzue Haryanako neskekin?

Gizarte lana egiten dugu haiekin, lan merkatuan sartzen laguntzeko. Asko 16 urterekin ezkonduta eta haurrekin daude; haien bizimodua da etxean egon eta senarraren janaria egitea. Irakasten diegu ingelesa, informatika, josten, idazten... Emakume horien bizitza aldatu egiten da.

Bestela zer aukera dute neskek?

Indian, politikan eta enpresetan badaude emakumeak, baina Haryana estatuan ez dituzte onartzen, eta oso egoera txarrean daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.