MAITE DUT MAITE... GORBEIA. Alex Txikon. Alpinista

«Gorbeian eta Himalaian sentitzen dudan lasaitasuna bera da»

Txikonek mendia du berezko habitat, ofizio eta pasio. Ezagutzen dituen guztien artean, Gorbeia du kuttunena. Lasai eta eroso sentitzen da bertan.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Orozko
2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Munduko gailurrik garaienetako zenbaitetan egondakoa da Alex Txikon (Lemoa, Bizkaia, 1981), baina sustraietara jo du aukeraketa egitean. Zapaldutako mendi guztien artean Gorbeia du estimatuena. Etxeko mendia da alpinistarentzat, oroitzapen samurren lekuko eta bere mendizaletasunaren eragileetako bat. Munduak bizi duen egoera aintzat hartuta, herritarrak Gorbeiara eta oro har inguruko mendietara igotzera gonbidatu ditu. Orozkon (Bizkaia) jarri du hitzordua, eta aukeratutako txokoaren bueltan erantzun ditu galderak.

Zer da Gorbeia zuretzat?

Hasteko, nik hotz gehien pasatu dudan mendia izan da Gorbeia. Horrez gain, Gorbeia da nire arnasa hartzeko tokia. Normalean hirietan gustura egoten naiz,baina mendiarekin dudan harremana estuagoa da, sakonagoa. Aske eta eroso sentitzen naiz, nire habitata balitz bezala.

Oroitzapen berezirik duzu?

Oroitzapen polita familiako neba-arrebekin daukat, 3 urte nituela. Berezia izaten da, baita ere, urtea ondo bukatzeko edo ondo hasteko Gorbeiara igotzea, eta saiatzen naiz mantentzen ohitura hori.

Askotan igotakoa zara, eta askotariko bideetatik; zein duzu igoera gustukoena?

Ez da gustukoena, praktikoena da. Gorbeiara Bizkaitik eta Arabatik igor daiteke, eta nik Bizkaitik dut errazen: Lemoan bizi izanda, praktikoena Zeanuritik igotzea da.

Munduko mendirik ikusgarrienetan egondakoa zara. Gorbeiak ba al du xarma bera?

Gorbeia ez da soilik mendi bat, hori baino gehiago da. Ikono bat da.Ni mendira noa disfrutatzera, eta hor sentitzen dudan lasaitasuna Himalaian sentitzen dudan bera da.

Gainera, oso polita da ikustea mendiak zer aldaketa dituen urtaroz urtaro. Gorbeia urtaro guztietan da ederra.

Gorbeiak badu eraginik gerora zure ofizio bihurtu den mendizaletasunean?

Bai, inongo dudarik gabe. Gure ofizioan orain profesionalak gara honetan, eta hemen beti eskura izan dut Gorbeia; denbora gehien pasatu dudan mendia izan da. Gorbeia da nire etxeko mendia, eta erakutsi dit ulertzen zer ezberdina den gure herria beste eremuetara goazenean, eta enpatia garatzen beste herriekin. Ni naiz naizen pertsona mendiari esker, eta Gorbeiari asko zor diot.

Mendian, aire zabalean eta naturan egotera ohituta zaude. Gogorra izan zen itxialdia?

Ez, egia esan. Argi nuen ezin zela, gaitz hau dagoela, eta ez nuen behar hori. Pazientzia izan behar dugu. Nik Himalaian ikasi dut pazientzia izaten. Bizirik nago ez naizelako handizalea. Bizitza guztia dago aurretik mendira igotzeko, eta hau nire bizitzako etapa bat da. Ezin banaiz irten ez naiz irteten, eta ez da ezer pasatzen; ikasi dut nik ere hori egiten.

Pazientzia ezinbestekoa da mendian seguru ibiltzeko?

Mendian gertatzen diren hildakoen istripuen %92 gizakion akatsak dira. Planifikazioagatik, prestakuntzagatik, materiala ez eramateagatik... Askotan esaten dugu faktore asko ez daudela gure menpe, baina guk uste dugun baino askoz gehiago daude gure esku. Askotan, gutxien espero duzun tokietan eduki ditzakezu arazo gehien. Naturaren aurka ezin da egin; naturarekin batera joan behar da, eta burugogorkeria ez da ona mendian, ez eskaladan, ez naturan.

Mendia ez baita beti igotzen norberak nahi duenean...

Nik, 2011. urtetik 2020ra, zortzi edo bederatzi saiakera egin ditut 8.000 metroko mendietara igotzeko, eta behin bakarrik heldu naiz tontorrera. Tontorra da igoeraren 0,1; gainontzekoa prestakuntza da, bertan egote hutsa. Ez duenak ulertzen hori, ez du disfrutatzen. Eskalatzailerik onena ez da zailtasun gehieneko hormak egiten dituena, baizik eta gehien disfrutatzen duena eta gehien konektatzen duena mendiarekin.

Gorbeiara joan zinen konfinamenduaren ondoren?

Bai, itxialdia bukatutakoan igo nuen lehen mendia izan zen. Konfinamendua bukatu zenetik lauzpabost aldiz egonda nago dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.