Lurrarekin bat egiteko

Baserritarren produktuak ezagutaraztea da Berako Lurraren Egunaren helburua. Euskal Herriko eskulangileak bilduko dira gaur

Barazkien erakusketa izaten da ikusgai goiz guztian. BERRIA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Egun berezia da gaurkoa beratar anitzentzat, Lurraren Eguna ospatuko baitute gaur, Beran (Nafarroa). Baserrietako produktuak karrikara ateratzeko helburuarekin hasi zen eguna antolatzen Gure Txokoa elkartea. Hasieran azoka soila zena anitz handitu da azken urteetan, eta, gaur egun, baserrietako uzta karrikara ateratzeaz gain, Euskal Herriko eskulangile anitz ere joaten dira Berara, beren produktuak saldu eta nola egiten dituzten erakustera.

Hasieran egun bateko besta zena asteburu guztira zabaldu da azken urteetan. Atzo, bertzeak bertze, Lizuniaga mendira igoera,Rosa Errandonearen argazki erakusketa eta barazki opil lehiaketa egin zituzten. Bera Kantari abesbatza ere kaleak alaitzen ibili zen iluntzean.

Baserrietako produktuak izaten dira Lurraren Eguneko ardatza. Goizean goiz hasita, Berako baserritarren uzta ikusgai egoten da Merkatu plazan, eta, horrekin batera, baserriko tresnen erakusketa ere izaten da leku berean. Jende andana ibiltzen da bertan, barazki eta lan tresnak ikusteko.

Gazta lehiaketa izaten da eguneko bertze ekitaldi garrantzitsuenetako bat. Lurraren Eguna antolatzen hasi ziren urtetik bertatik egiten dute lehiaketa, eta Bortzirietako hainbat gaztagilek dute bertan parte hartzeko aukera. Gainera, arratsaldean gazta sarituak bertsolariek zuzendutako enkantean saltzen dira. Gazta lehiaketaz gain, azken urteetan indarra hartu du eguerdian egiten den sagardo lehiaketak. Hor ere, Bortzirietako sagardogile ugarik hartzen du parte.

Baserriko produktuez gain, musika ere protagonista izanen da gaur Beran. Mota guztietako musika aditzen ahalko du bertaratzen denak, egun guztian musika eskolako taldeak kalez kale ibiliko baitira. Altzateko plazan, gainera, txalaparta doinuak eta musika zelta aditzeko aukera izanen da. Egun guztian, Altzatekoplazan bertan, taloa erostekoaukera izanen da, eta iluntzean gaztainak erreko dituzte leku berean.

Karrikan eginen da azoka

Kalean egiten den besta da gaurkoa. Altzate karrikako bi aldeetan jarri ohi dituzte eskulangileen postuak. Badirudi, ordea, aurten eguraldiak ez duela lagunduko, euria egingo duela iragarrita baitago. Lurraren Eguneko antolakuntzan aritzen diren kideek adierazi dutenez, ordea, euriak ez du eguna zapuztuko. Antolakuntzako kideek postuak estaltzeko karpak ekar ditzaten eskatu diete eskulangileei, horrela azoka Altzate karrikan egin dadin. Altzate karrikan ez ezik, beste postu batzuk Ricardo Baroja eskolako frontoian jarriko dituzte.

Eguraldia lagun ez izanagatik, beraz, baserriko produktuak ikusi, dastatu eta erosteko aukera izanen du gaur Berara biltzen denak. Azoka goizetik iluntzera bitartean egonen da Altzate karrikan eta frontoian; eta arratsaldean, eguna bukatzeko, Jaki Hadi taldeak dantzaldia emango du frontoian bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.