Hauteskundeak Alemanian

ATZERA ERE, MERKEL

Ia kanpaina ere izan ez den kanpainaren ondoren, Angela Merkel laugarrenez aukeratuko dute gaur alemaniarrek kantziler posturako, aurreikuspenen arabera. Menderaezin aura du arerioen artean, eta sozialistek ez dute asmatu beste behin hautesleei sinesgarri egingo zaien alternatiba aurkezten.

Danel Agirre.
Berlin
2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Joan den asteko ostiralean, Angela Merkelek hauteskunde federal batzuk irabazi zituen, botopaperen %28,5arekin. Bigarren eta hirugarren izan ziren sozialista eta berdeekiko tarte nabarmena erdietsi zuen.

Adin nagusitasunera heldu gabekoen artean deiturikoak ziren bozak. Alemaniako Gazteriaren Elkargoak antolatu ohi ditu, 1996az geroztik, benetako hauteskunde federalak baino bederatzi egun lehenago, haur eta nerabeak bozkatzera ohituz joateko. Gary Lineker aurrelari ingelesak etsita adierazi zuen behin futbola hamaika hamaikaren aurkako kirola dela, «non beti Alemaniak irabazten duen». Linekerren ateraldi ezaguna politikara estrapolatuz gero, gaztetxoek berretsi zuten joan den astean hauteskundeak askotarikoak izan daitezkeela Alemanian, baina beti Angela Merkelek irabazten dituela.

Brunnentrasse kalean, Ekialdeko Berlingo saltoki ezagunenetakoa zen Jandorf eraikin bikainean mitina eman zuen Merkelek adingabeentzat joan den asteburuan. Prentsak laugarrenez kantziler izateko aurkeztu denari buruzko iritzia haurrei galdetu, eta «cool» dela erantzun zuten hainbatek; «modu bitxi batean, oso dibertigarria da» miretsi zuen helduenetako batek.

Adin multzo guztietan da nagusi Merkel, adin multzo guztietan alde nabarmenarekin. Gaur nagusiei tokatzen zaie hautetsontziak betetzea. Kantzilerrak berak ere barneraturik du zirrara handiegitik gabeko igande gaua izango dela. CDU/CSUren zerrendaburu moduan berriz aurkeztea onartu zuela iragarritakoan, hauteskunderik aipatu ere ez zuen egin Merkelek. Alemania beste lau urtez gobernatzeak eragingo dion akidurari buruzko kalkuluez aritu zen, bidaien errutinak eragiten dion asperduraz. Gaur irabaztea ez den beste aukerarik ez zuen imajinatu ere egiten. Ez Merkelek, ez haren aurkariek, ez eta herritarrek ere.

Kanpaina nabarmen baldintzatu du garrantzitsuena dagoeneko erabakita dagoenaren sentipenak. Ostegun eta ostiralean fenomeno bakana eman da. Alemaniako parlamenturako bozetarako bizpahiru egun falta, eta azalean gaiari zentimetro karratu bat bera gorde gabe argitaratu da egunkari handi bat baino gehiago.

Parekorik topatu ezin

Errefuxiatuen afera zela eta nazioarteko prentsaren atal batek setiatutako Merkel bat irudikatu bazuen ere, CDU/CSU ez da boto intentzioan %33tik behera jaitsi legealdi osoan. 2015eko udaren hondarrean, Europa hegoaldetik Alemaniara aste gutxiren buruan ia milioi bat lagun iritsi berritan, %40aren inguruan mantendu zen. Eskuin muturreko Alemaniarentzako Alternatiba (AfD) alderdiak gertakaria hautesle berriak eskuratzeko baliatu bazuen ere, kalteak gainontzeko indar guztien artean banatu ziren.

Wir schaffen das (Lortuko dugu) esaldiarekin interpelatu ohi zituen Merkelek herritarrak bolada hartako agerraldi bakoitzean. Bi urte geroago, Wir haben es geschafft-era igaro da (Lortu dugu). «Lehen eta orain, sinetsita nago zuzen jokatu genuela. Baita Alemaniaren alde on bat erakutsi genuela zela ere», errepikatu du egunotan. Haren gobernuak, hori bai, nabarmen gogortu du asilo legea ordutik, eta Europako Batasunak Turkiari sei mila milioi ordaintzea bultzatu, Siriako iheslarien multzo handiena hartzearen truke. Berlinen eta Ankararen arteko harreman diplomatiko tirabiratsua baldintzatzen du orain tratu horrek, Recep Tayyip Erdogan presidenteak behin baino gehiagotan mehatxatu duelako errefuxiatuei Europako bideak berriro zabaltzearekin.

Azkenaldian, Sigmar Gabriel kantzilerorde eta atzerri ministro sozialistari egokitu zaio Erdogani errietan egin edo Turkian suhiltzailearen rola jokatzea, krisiaren arabera. Legealdiaren erdialdera arte, Gabrielek zirudien hauteskunde federaletan zerrendaburu izateko hautagai nagusia SPDren barruan. Eragozpen bakarra—eragozpen handia— zegoen.Gobernuko kideek eta Alemaniako botere giroetan pisu berebizikoa duten enpresa handiek estimatua zuten oso Gabriel; hautesleek, ordea, ez. Pragmatismoz, bere aukerak aztertu, eta aurkezteari uko egin zion. Merkeli aurre egitearen zailtasuna kontuan hartuta, sozialistek hilabeteak eman zituzten orduan, isilean, kantziler traza gutxieneko bat igorri zezakeen hautagai bila. Berlinen ez duten bat bera ere topatu. Bruselan, bat, Martin Schulz.

Bi hamarkadatik gora Europako Parlamentuan zeramatzan beteranoari egokitu zitzaion Alemaniako gobernuan hogei urte (hamabi kantziler moduan) daramatzan Merkeli aurre egitea. Komunikabideek, gaurkotasunaren atoniatik irtetearren edo, itzulera festa prestatu zioten hautagai sozialista berriari, eta bizkor idatzi ziren Schulz efektua ematen ari zela zioten izenburuak. Tradizionalki egitura handiena izan duen Alemaniako alderdia da SPD, eta aspaldiko partez giharra erakusten hasi zen. Hamar mila afiliatu berrik izena eman zuten aste gutxitan, CDU/CSU eta sozialisten arteko berdinketa teknikoa zegoela ziurtatzen zuten inkestak ere azaldu ziren. Hautesleek azkar lehertu zuten Schulzen puxika, ordea. Hiru landetan bozak egin ziren udaberrian; hiruretan izan zen SPDren emaitza azken hamarkadan ohiko bilakatu den bezain eskasa. Gaurko hauteskunde federaletan, porrot historiko bat saihestu eta botoen %25era hurbiltzea ontzat ematen dute sozialista askok.

Kritikatzeko, komeriak

Europako Parlamentuko presidente zenean, hartu-eman adeitsua zuen Martin Schulzek Angela Merkelekin. Kanpainako sestra benetakoa suerta zedin, kantzilerra gaitzesten saiatu behar izan du, baina ez du lortu sinesgarri azaltzea. Merkelekiko Stockholm sindromea duela idazteraino iritsi denik egon da. Demokristauekin batera koalizioan burutu jarduna defendatu eta, aldi berean, arerio politikoari eraso egin ahal izateko zilipurdi dialektikoak behar izan dituzte sozialistek: «Merkelek lan txukuna egin du, guk oso gertutik kontrolatuta izan dugulako eta benetan nahi zuena egiten utzi ez diogulako», justifikatu zen joan den astean Sigmar Gabriel.

SPDn ez du inork argitu nahi izan CDU/CSUrekin koalizioa berrituko ote luketen. Urtetako bazka eragin du sozialistak Die Linkerekin batzearen aukerak ere. Schulzek ez du iragarri kantziler izateko ezkerrarekin ituna egiteko prest legokeen. Haren kasuan kantzilertza utopia delako, ziurrenik, eta gertatuko ez den partida bateko kartak gordeta edukitzea zuhurragoa delako. Die Linkek boto emaile askorengan oraindik eragiten duen mesfidantzaz jakitun, zehaztasuna exijitu dio Merkelek arerio nagusiari:«SPDk hautesleei behingoz argitu beharrekoa da, Die Linkerekin esperimenturik egiteko prest ote dagoen»

Berdeekin hirukotea osatzea lukete sozialistek eta ezkerrak gobernua osatzeko aukera bakarra. Ez dirudi inola ere jokaleku errealista, inkesten arabera. AfDren oldarraldiak tradizionala zen bost alderdien arteko oreka apurtu du. Eta eskuin muturrak eskuratuko duen eserleku bakoitzak Alemanian izen eta koloreekin identifikatu ohi diren betiko koalizioak zailduko ditu.

Kanpainan,Merkelek itxaropena azaldu du, inork alboan nahi ez duen alderdi berriarena legealdi bakarra iraungo duen amesgaiztoa izango denaz: «AfDko hautesle bakoitza berreskuratu nahi dut. Haien arazoentzat erantzunak eta pazientzia beharko dira». Saxonia-Anhalteko parlamentuko komisio batean ezkerreko ustezko indarkeriaren aurkako neurriak batera aztertzen ari dira joan den astetik AfD eta CDU/CSU. Merkelek hitzeman du Berlinen inola ere ez duela gisa horretako hartu-emanik baimenduko eskuin muturrarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.