Albistea entzun

Katalunia. Espainiako Gobernuaren erabakiak

Generalitatea, Madrilen esku

Kataluniako autogobernua deuseztea erabaki du Espainiako Gobernuak, gero bozetara deitzeko asmoz. Neurriak hurrengo astean sartuko dira indarrean

Igor Susaeta -

2017ko urriak 22

Hartutako erabakiari larritasuna kendu nahi izan zion Mariano Rajoyk: «Ez da Kataluniako autonomia bertan behera gelditu». Praktikan, ordea, nahiz eta Espainiako presidenteak adierazi deliberatu dutena izan dela autonomia «arriskuan» jarri duten pertsonak «kargugabetzea», finean Kataluniako autogobernua deuseztu du Espainiako Gobernuak, PSOEren eta Ciudadanosen oniritziarekin. Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua bete-betean aplikatu, eta Generalitatea bere esku jarri du Madrilek. Kataluniako instituzioen kontra Espainiako Ministroen Kontseiluak hartutako erabakiez eztabaidatzeko eta bozkatzeko biltzekoa da Senatua datorren ostiral goizean, eta, ezustekorik ezean —PPk gehiengoa dauka goi kameran—, neurriak hurrengo astean sartuko dira indarrean, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain pronto.

Eta, hasteko, horietako batek dio Kataluniako presidentea eta Kataluniako Gobernuko kontseilariak kargugabetu ahal izango dituela Espainiako Gobernuak. Hain zuzen ere, horixe izan zen Rajoyk, atzo, Ministroen Kontseiluaren ondorengo bileran ahotan izan zuen lehen neurria. Esku hartzearen tamainaren berri ematen duten beste batzuk zerrendatu zituen ondoren: kontseilaritzen egitekoak Espainiako ministerioen esku geratuko direla, Kataluniako Parlamentuak ezingo duela Espainiako Konstituzioaren aurkako erabirik edo ekimenik onartu, horien aurrean Espainiako Gobernuak beto eskubidea izango duela... Eta Rajoyk berak aldez aurretik desegin ahal izango duela parlamentua, hauteskundeetara deitzeko helburuarekin. Gehienez sei hilabeteko epea dauka horretarako, eta Espainiako presidentearen esanetan, «legeria berrezartzean» deituko ditu. Beraz, 155.ak bozak egin artean irautea du asmo Espainiako Gobernuak.

Artikuluaren ezarpenak, Rajoyren esanetan, lau helburu ditu: «Legeriare mendera bueltatzea; normalitatea eta bizikidetza berreskuratzea; Katalunian ageriko arriskuan dagoen suspertze ekonomikoarekin jarraitzea; eta hauteskundeak egitea, normaltasun egoera batean».

Espainiako Gobernuak Senatuari bidali dion dokumentuaren arabera, 155.a aplikatu nahi du, «behar-beharrezkoa» iruditzen zaiolako «askatasuna, segurtasuna eta pluraltasuna» babestea. Espainiako Gobernuarentzat, Kataluniako prozesuak «arrisku larriak» eragiten dizkio «interes orokorrari».

Hartutako erabakiaren erantzuleak Kataluniako agintariak beraiek dira, Rajoyren ustez, eta Konstituzioko 155. artikulua aplikatzea nahi izatea egotzi zien. «Batzuek 155.aren ezarpena nahi zuten. Ezin dut ziurtatu, baina uste oso hori daukat. Espainiako Gobernuak aplikatu egin behar izan du. Ez genuen nahi, ez zen gure intentzioa». Eta azaldu zuen zergatik adostu duten Generalitatean esku hartzea: «Herrialde demokratiko bateko gobernu batek ezin duelako onartu legeari jaramonik ez egitea, hori urratzea, aldatzea, eta hori dena egin dadila besteei haien irizpideak inposatzeko asmoarekin».

Pentsatzen du, halere, Madrilek «tentuz» jokatu duela, «erantzukizunarekin», eta ahalegindu dela Kataluniako Gobernuaren «zuzenketa» hauspotzen. «Gauzak ezin dira egin Generalitateak azken datetan egin baino okerrago».

Carles Puigdemontek elkarrizketa proposatu izan dio Espainiako Gobernuari; aspalditik, gainera, ez soilik pasa den astean Moncloara bidalitako bi gutunetan. Rajoy, baina, ez dago ados. «Generalitateak ez du elkarrizketa proposatu, inposaketa bat baizik. Jakin arren, inposatu nahi zuen gobernuarentzat eginezina den zerbait». Espainiako presidentearen aburuz, Puigdemontek eduki ditu hitz egiteko aukerak: «Gonbidatu zitzaion presidenteen hitzaldira, eta ez zuen nahi izan; autonomien finantzazioaz hitz egitera, eta ez zuen nahi izan. Legea likidatuz, legalitate paralelo bat martxan jarri zuten».

Hedabideak eta Polizia

Kataluniako agintariek, hortaz, legea «likidatu» dute Rajoyren iritziz, eta gobernuak, PSOEren eta Ciudadanosen babesarekin, berriz, deuseztu ez, baina Generalitatearenak diren eskumenak hartuko ditu datorren astean. Esaterako, eta hala jaso dute neurrietan, Ikus-Entzunezkoen Korporazio Kataluniarraren gidaritza hartuko du. Horren menpe daude TV3 telebista Catalunya Radio hedabide publikoak. Neurriak barnebiltzen dituen dokumentuaren arabera, hedabide publikoen transmisio «egiazkoa, objektiboa eta orekatua» bermatuko du Espainiako Gobernuak, «pluraltasun politiko, soziala eta kulturala errespetatuz».

Segurtasun indarrei dagokienez, Madrilek agindu «zuzenak» eta «bete-beharrekoak» eman ahal izango dizkio Kataluniako Polizia autonomikoari. Gainera, Espainiako Gobernuak, «Mossos d'Esquadrekin koordinatuta», Katalunian Espainiako segurtasun indarren hedatzea agindu ahal izango du. «Beharrezkoa baldin bada, mossoak ordezkatuko dituzte Espainiako segurtasun indarrek»; Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak, alegia.

Duela hiru egun baino ez, 155.aren aplikazio «mugatua» aurreikusten zuen PSOEk, baina Madrilek bete-betean jo du Kataluniako instituzioen kontra.

Kereila Puigdemonti

Puigdemontek independentzia aldarrikatuz gero, Espainiako Fiskaltza Nagusiak prest dauka haren kontrako kereila. Horixe baieztatu zuten, atzo, iturri judizialek. «Matxinada» egitea egotziko dio. Delitu horrek indarkeria erabiltzea jasotzen du berez, baina Fiskaltzaren arabera, badago modua delitu hori «modu zabalagoan» interpretatzeko. 30 urteko espetxe zigorra ezar diezaiokete, matxinada egitea egozten badiote.

Puigdemontek ez dauka Espainiako Senatura joateko asmorik, baina Senatuko mahaiak adostu du datorren asterako egutegia, eta Kataluniako presidenteak etzi eta osteguna bitartean han aurkeztu ahal izango ditu 155.ak ezarritako neurrien kontrako alegazioak.

Horiekin, Katalunian «legalitatea berrezartzea» du helburu Rajoyk. Gero? Hauteskundeetara deitzea. Sei hilabeteko epea jarri dute horiek ahalbidetzen dituen dekretua sinatzeko. Urte erdi hori beteko balitz, apirilean deituko lituzkete, eta legeak dioenez 54 egun zenbatu behar dira deitzen direnetik, egin arte. 2018ko ekainean izango lirateke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Mugimendu kontserbadoreen protesta galdeketaren aurka, Mexikoko presidentetzaren jauregi aurrean. ©MARIO GUZMAN / EFE

Ilun-argi askoko galdeketa

Arantxa Elizegi Egilegor

Mexikon aurreko urteetan agintean egondako goi arduradunak ikertuak izatea nahi duten erabakiko dute gaur herritarrek. Herritarren %40k hartu behar dute parte kontsultan loteslea izan dadin

 ©DANI CODINA

«Ez nuke berriz egingo; hobeto egingo nuke»

Carme Porta

Indultua «garaipen txiki bat» izan da Forcadellentzat, baina, Kataluniako prozesuagatik auzipetutako beste buruzagiek bezala, errepresaliatu guztientzako amnistia du xede.

Tigraytik ihes egindako herritarrak, Um Rakuba kanpalekuan, Sudanen. ©ALA KHEIR / EFE

Tigrayn giza laguntza sartzeko beharra nabarmendu du Unicefek

Iosu Alberdi

Haren arabera, ehun mila ume malnutrizioa jasateko arriskuan daude. AEBek «premiazko» su-eten bat eskatu diete Addis Abebari eta TPLFri. Borrokak Amhara eta Afar eskualdeetara zabaldu dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Igor Susaeta

Informazio osagarria