'Brexit'-a. Egungo egoera

KONTSENTSUA KIMERA BAT DA

Erresuma Batuko politikariek desadostasunerako gaitasun ikaragarria erakutsi dute, eta inork ez du lortu egoera bidera dezakeen ideia baten aldeko gehiengorik. Alternatibarik adostu ezean, EB ez da berriz negoziatzen hasiko. 'Brexit'-erako 61 egun falta dira, eta parlamentuaren kontrapisu lana izan daiteke gakoa datozen asteotan.

FRANKIELEON.
ander perez zala
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Diputatuen artean europazaleak daude; baita euroeszeptikoak ere; brexit gogorraren aldekoak; brexit leunaren aldekoak; akordiorik gabeko brexit-aren aldekoak; beste erreferendum baten aldekoak; hauteskunde orokorren aldekoak; eta Lisboako Ituneko 50. artikulua luzatzearen aldekoak, adibide batzuk aipatzearren. Komunen Ganbera, batez ere azken bi hilabeteotan, brexit-aren prozesuaren isla nagusia bilakatu da. Europako Batasunetik (EB) ateratzeko erabakiaren eta konplexutasunaren adibide egokiagorik ez dago; sektoreen zerrenda luze hori, gainera, alderdien ordenatik at doa. Izan ere, EBtik joateko prozesuak Erresuma Batuko joko politikoa nahasi du, baina horrek ez du irtenbide baterako erraztasunik eman; alderantziz, nabarmen korapilatu du prozesua.

Komunen Ganberako sektoreak indartsuak dira, bai, baina ez behar bezain indartsu euren iritzia gailenarazteko. Gaur-gaurkoz, diputatuen artean gehiengo bakar bat dago, kontsentsu bakar bat, itunik eza eragoztekoa. Ordea, Theresa May lehen ministroak joan den astean ohartarazi zuen bezala, ganberak oraindik ez du adierazi zer nahi duen; zer ez duen nahi adierazi du. Eta, are gehiago, orain arte inork ez du lortu egoera bidera dezakeen ideia baten aldeko gehiengorik, politikariek desadostasunerako gaitasun ikaragarria erakutsi baitute.

Brexit-aren prozesua hasi zenetik, gobernuak ez du jakin egoerari nola aurre egin. Ez du planik izan. Prestakuntza falta agerikoa izan da, eta erabaki garrantzitsuenak atzeratzeko ohitura hartu du Mayk. Kasurako, Bruselarekin iazko azaroan adostu zuen akordioa: zirriborro horretaz bozkatzekoak ziren Komunen Ganberan iazko abenduan, baina, porrota eragotzi nahian, lehen ministroak hil honetara atzeratu zuen bozketa, diputatuak konbentzitzeko. Emaitza ikaragarria izan zen: 230 botoren aldeaz galdu zuen (202-432). Ohiko egoera batean, horrelako porrot batek lehen ministroaren dimisioa eragin beharko zukeen, are gehiago brexit-aren akordioaz bozkatu zutela kontuan harturik; baina Erresuma Batuko politika ezohiko garai batean dago, eta Mayk hainbatetan esan du «amaieraraino» iritsiko dela. Horregatik, aurrera jarraitu du: B plana aurkeztu du asteon, baina ez dio aldaketarik egin porrot ikaragarria jasan zuenari —1924az geroztik izandako handiena izan zen—. Backstop-ak, Irlandan muga gogorra eragozteko bi aldeek hitzartu zuten protokoloak, eragin zuen berriz ere emaitza hori: orain, horren kontrakoek diote epe mugatu baterako izan behar duela, eta Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistak, lehen ministroaren sostenguak, akordiotik kentzeko ideiari eusten dio oraindik. Presioak nonahi ditu Mayk, eta arerioak etxean.

Nola dago, beraz, Erresuma Batuko lehen ministroa? Hannah White Institute for Governmenteko zuzendariordeak uste du egoera politiko «zailean» dagoela: «Gutxiengo gobernua du, parlamentuko alderdi nagusiek barne zatiketa anitz dituzten garai berean. 2017ko bozez geroztik, zortzi aldiz garaitu dute Komunen Ganberan. Halere, bi zentsura mozio irabazi ditu, eta bere kargua mantenduko du».

Egindako bidean, ordea, ahul geratu da. Hamar bat ministrok eman dute dimisioa botererairitsi zenetik, eta liskarrak eta eztabaidak amaigabeak izan dira; dimisio esanguratsuenak David Davisena —iazko uztailean— eta Dominic Raabena —iazko azaroan— izan ziren, biak ala biak brexit-erako ministro zirelako. Mayk, ordea, bide beretik jarraitu nahi du, ziurrenik uste duelako diputatuek onartuko dutela haren plana, azken orduko beldurren ondorioz. Eta, gainera, badaki ez dagoela haren ordezkorik Alderdi Kontserbadorean.

«Oraindik ez dago batere argi ganberak onartuko ote duen Mayren plana, eta ez dirudi hark ezer egin duenik diputatuak onarpen horretara bideratzeko, baina gauzak alda daitezke egun gutxian. Ezezkoa gailenduz gero, zera izango da auzia: diputatuek zuzenketen alde egingo duten, horiek gobernuaren jarduna bideratuko dutelako».

Komunen Ganberaren rola

Parlamentu baten izaera da hautatu duen gobernuaren kontrapisua izatea, eta brexit-aren prozesuaren amaieran zeregin horretan murgildu dira diputatuak. Hori dirudi, behintzat. Herenegunerako, ordezkariek hamabi zuzenketa zituzten aurkeztuak; etzi horien alde bozkatuko balute, gobernua ez legoke behartuta agindutakoa betetzera, ez baitira lotesleak. Baina, gutxienez, Mayri presio politikoa inoiz baino gehiago areagotuko liokete.

Geratzen diren aukeren artean, hiru dira, Whiteren iritziz, kontuan hartu beharrekoak. «Lehena, EBtik akordiorik gabe ateratzea; bigarrena, akordio batekin ateratzea; eta hirugarrena, 50. artikulua luzatzea».

Gobernuak eta Komunen Ganberak argi utzi dute akordio batekin atera nahi dutela, baina ez dira ados jartzen zer-nolako batekin.«Oso zaila da aurreikustea gertatuko dena, baina litekeena da datozen bi hilabeteak oso dramatikoak izatea», ohartarazi du Whitek. Mayk ezer lortu nahi badu, orain arteko bidea aldatu beharko du eta, nork daki, baita laboristengana hurbildu ere. Aspaldi eman behar zuen pausoa da, 50. artikulua aktibatu aurretik.

EBren begirada

EBrentzat, brexit-aren garaipena une okerrenean iritsi zen. Euroeszeptikoen indarra eta presentzia handia zen kontinente zaharrean, eta Frantziako eta Herbehereetako boz erabakigarrien aurretik izan zen galdeketa hori; urte berean, Donald Trump hautatu zuten AEBetako presidente. Bazirudien Bruselarentzako kolpe gogorregia izango zela Erresuma Batuaren agurra, hilzorian utziko zuela proiektu komunitarioa eta euroeszeptikoen artean askok EBren heriotza aurreikusi nahi izan zuten. Ez da halakorik gertatu. Oraingoz behintzat.

Proiektu komunitarioa, hein batean bada ere, indartuta atera da, betiere maiatzeko hauteskundeen emaitzen zain. Finean, brexit-aren galdeketako testuingurua kontuan harturik, EBren biziraupena dago jokoan, Maria Luisa Sanchez Barrueco Deustuko Unibertsitateko irakaslearen arabera. Eta, zeregin horretan, uste du negoziazioetako protagonistek lortu dutela arazoa bide onera bideratzea. «[Europako] Batzordearen partetik, [Michel] Barnier frantziarra eta [Sabine] Weyand alemaniarra dira negoziazio talde buru trebatuak. Europar Kontseiluko [Donald] Tusk presidentearekin eta [Europako] parlamentuak izendaturiko [Guy] Verhofstadt ordezkariarekin bat eginez, batasuna inoiz baino elkartuagoa azaltzea lortu dute [...] Erresuma Batuaren partetik, negoziazio buruak etengabe aldatu dira bi urteotan, eta noraezean zebiltzala pentsatu dugu hainbatetan».

Konparaketa sinple horrek agerian utzi du Londresen estrategia. Garai batean munduko potentzia politiko eta militar nagusia zena ez da hain handia, ez da hain indartsua gaur egun, eta nostalgia puntu hori izan zenbrexit-aren aldeko argudioetako bat; emozionala, arrazoizkoa beharrean, batez ere boto-emaile zaharrenen artean. EBtik ateratzeak estatus hori berreskuratzeko balioko diola, eta hori zela egin beharreko bidea; izan ere, beti egon da britainiarren artean deskonfiantza puntu bat kontinentearekiko.

Bruselaren ikuspuntua bestelakoa da. Munduko hirugarren bloke ekonomikotik ateratzeak baditu ondorioak, eta ez zehazki positiboak; batez ere, taldetik ateratzen denarentzat, hori izan da defendaturiko mezua. EBrentzat, negoziazio prozesua aukera ezin hobea bilakatu da estatu kide izatearen onurak mahai gainean jartzeko, eta euroeszeptikoen mezuei aurre egiteko. «Horren arabera ari da negoziatzen eta bere lehentasunak finkatzen. Negoziazioei begira, zera azpimarratu nahi izan dute: batasunetik atera zaitezke, baina ez musu truk. Kontrakoa balitz, beste estatu batzuek ere jarraituko lukete eredu hori, muturreko alderdiek beti eurenari eusten diotelako.[...] Estatuak nazioarteko erakundeen barruan aritzea onuragarria da, haien kabuz jarduten dutenean gatazkak sortzen dira beti, herritarrok pairatzen ditugunak».

Brexit-aren prozesuak Bruselari balio izan dio adabaki sendo bat ezartzeko, eta gutxik espero zuten batasuna erakusteko. Orain arte, 27 gobernuri errazagoa egin zaie jarrera komun bat zehaztea Mayren gobernuari baino. Exekutibo bakar bati baino. Bruselan kontsentsua ez da kimera bat.

Eta, ezustekorik ezean, kontsentsuak etzi ere jarraituko du, Komunen Ganberako emaitza edozein dela ere; batez ere, Erresuma Batuko lehen ministroaren B plana A plana delako. Pilota, berriz ere, Mayren teilatuan dago. «B planaren aurrean, EBren erantzuna argia izan da. Eurei ez dagokiela erantzunik ematea. Hizketetan emandako denbora eta energia itzelak izan dira. Estatuburuak ez daude [ituna] berriz irekitzeko prest. Ez da akordio berririk egingo. Gehienez jota, itunaren edukia zatitu, eta atalez ataleko adostasunetara heltzea posible litzateke, baina ez dago aukera hori proposatzen duenik, nik dakidala. Irtenbide horrek batasunaren jarrera ahulduko luke, nahiago baitu ezer ez finkatu guztia finkatu arte».

Estatu kideen baldintzak

Bruselaren jarrera argia da: alternatibarik edo bestelako itunik nahi izanez gero, beste aldeak zer nahi duen zehaztu beharko du lehenik, eta gero balizko adostasun horren aldeko babesa ziurtatu. Horrela, soilik horrela egongo litzateke berriz hitz egiteko prest; hori gertatuko balitz, halabeharrezkoa dirudi 50.a luzatzea.

Noiz arte, ordea? Aukera bat da irteera data apirilaren 18an izatea, Europako Parlamentuaren azken bozketa saioan; beste bat da uztailera artea luzatzea, maiatzeko Europako Parlamentuan herritarrek hautatuko dituzten eurodiputatuek euren eserlekuak hartu aurretik. Hortik aurrera zailagoa dirudi, baina EBk baiezkoa emango luke, teorian, soilik bigarren erreferendum bat edo hauteskunde orokorrak egiteko bada.

Goizegi da zehazteko brexit-ak zer suposatuko duen europar proiektuarentzat. Erresuma Batuarentzat ere zer suposatuko duen, oraindik ez dago batere argi, ez dagoelako batere argi nolakoa izango den irteera. Eta irteerarik izango ote den ere. Erresuma Batuko Gobernuak kontsentsua bilatu beharko du etxean, Komunen Ganberan, alderdien artean, diputatuen artean, egoerari aurre egiteko. Bestela, Komunen Ganberari egokituko zaio zeregin hori. Eta ganberak ere kontsentsua bilatu beharko du sektoreen artean. Kontsentsua da gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.