Ipar Euskal Herriko elkargoa eta euskara. Hautetsien erabakia

Lehia baten lehen putarrak

Euskal Konfederazioak eta Batera-k herri elkargo bakarraren aldeko kanpainaren abiapuntu gisa pentsatu dute atzoko Deiadar manifestaldia. Heldu den udaberrian iraganen da 158 herriko etxeetan bozkaldia, eta egitura bakarraren aldekoak eta kontrakoak hasiak dira lanean.
Euskal Kosta-Aturri hiriguneko auzapezak: Emmanuel Alzuri (Bidarte), Michel Veunac (Biarritz), Jean Rene Etxegarai (Baiona), Claude Olive (Angelu), Francis Gonzalez (Bokale).
Euskal Kosta-Aturri hiriguneko auzapezak: Emmanuel Alzuri (Bidarte), Michel Veunac (Biarritz), Jean Rene Etxegarai (Baiona), Claude Olive (Angelu), Francis Gonzalez (Bokale). BOB EDME

Iñaki Etxeleku -

2015eko urriak 25
Kalkulagailuak martxan dituzte Ipar Euskal Herriarentzat Helep herriarteko lankidetza erakunde publiko bakarraren aldekoek eta kontrakoek.

Batera-k heldu den udaberrira arte iraunen duen kanpaina luze baten lehen jauzi gisa baliatu nahi du Deiadar manifestaldia, herri elkargo bakarraren aldeko olde baten muntatzeko. Helburua, 158 herriko etxeetarik ahal bezainbatek herri elkargo bakarraren alde bozka dezaten sei hilabeteren buruan. Partida ez du hain erraza, irudiz, azken aste hauetan kontrako suak piztu baitira han-hemenka.

Ipar Euskal Herriak 296.500 biztanle ditu, guti gorabehera. Erdiak, 148.250 inguru, horretan dira. Bizilagun kopuru horren gainditzera heltzeko, ahal bezainbat herriko kontseilu konbentzitu beharko dituzte, beraz, bi aldeek. Prefetaren proposamenak aitzina egin dezan bi baldintza baitira: 158 herriko etxeen erdiak baino gehiago eta biztanleen erdiak pasa ordezkatzen dituzten herrien bozak izatea. Jakinez barnealdean, bereziki Baxenabarre eta Zuberoan, herri ttipi anitz badela, eta haietan anitz herri elkargo bakar baten alde liratekeenak, ez du iduri zailtasun handirik izanen dutela aldekoek herri andanaren aldetik. Biztanleriarekin, besterik da. Hala dakusa Nikolas Blain Batera-ko kideak ere: «Egia da biztanleriaren gehiengoarentzat kalkulu zehatzak egin beharko direla».

Herriko kontseiluak hasiak dira bozkatzen prefetak eskatu lehenbiziko iritziaren emateko, eta, horretarako, azaro hondarrera arte dute denek. Euskal Irratiek herri elkargoka bizpahiru auzapez edo hautetsiren iritzi bilketak egin dituzte azken bi aste hauetan. Jakina zen Amikuzen Barthelemy Agerre Lukuzeko auzapeza bera eta inguruan dituenak kontra agertu zirela. Iholdi-Oztibarren, Lucien Delgue Armendaritzeko auzapezak (362 biztanle) betidanik kontrako ikusmoldea erakutsi du, eta hala segitzen. Beñat Cachenaut Iholdiko auzapezak ere (450 biztanle) errana du kontra zela. Garazi-Baigorrin ere gauzak ez dira hain argi. Herri elkargoaren ordezkari lanetan ibiltzen den Pierre Eiherabide Donazaharreko auzapeza (880 biztanle) uzkur agertu da egitura bakarrarekin. Haren gisa, Alfontxo Idiart, Donibane Garazikoa (1.711 biztanle).

Baina ez dira baitezpada arrangura iturri nagusiak horiek prefetaren proposamenaren aldekoentzat. Min handiagoa egin dezakete Euskal Kosta-Aturri Hiriguneko kontseiluen bozek. Angelu (40.607 biztanle), Biarritz (26.089 biztanle), Bidarte (6.671 biztanle) eta Bokale (7.959 biztanle) hirietako auzapezak Hirigune elkargo bakarraren kontra agertu dira berriki. Haiek gehiengoaren norabidea baldintza dezakete heldu den udaberrian. Bizkitartean, itxaropena badu oraindik Blainek: «Beharbada batzuk ez dira itzuliko, baina lau auzapezen artean ez dute denek ber postura. Entzun da [Emmanuel] Alzuri Bidartetik arrunt kontra. [Claude] Olive gobernantzaren estakuruarekin kontra litzatekeela, baina, bestela, alde. Hori guzia argitu beharko da bozkatzeko garaian».

Biarritzen partida zaila izanen dute, irudiz, Batera-koek. Michel Veunac auzapezak (Modem) errana du ez duela begi onez ikusten prefetak aitzinatu egitura. Guy Lafitte eta Guillaume Barucq bi itzulien artean gehiengoa osatzen lagundu zutenek ere ikuspegi berdintsua zabaldu dute. «Barucqena ikusi dugu; gure iduriko, ez du menperatzen gaia. Gaur egun ez da sobera alde, baina ez ditu elementu guziak bere iritzia egiteko; beraz, ez da dudarik halako hautetsiengana joan beharko dugula esplikatzeko testuingurua, pisa dezaten».

Hirigune handieneko bost auzapezek jakinarazi dute ikerketa berri bat eginaraziko zutela herri elkargo bakarraren ordez —integratua—, herri elkargoen arteko beste egituratze baten —federazioa— aztertzeko. Debaldekoa iduritzen zaio Blaini: «Horien estudioa ez da izan behar estakuru bat kontra bozkatzeko. Jorratuko dutena da B Plana deitu dutena, molde federatiboa. Hautetsien Kontseiluak [HK] jadanik jorratu zuena 2011n».

Herriz herri

Aipatu hiri handiak bere horretan gelditzen badira, kontseilu boz guziak kontatu beharko dira biztanle kopuru goiti-beheitien arabera.

Gerta daiteke elkargo bakarraren aldekoek herriz herri eta menturaz hautetsiz hautetsi ibili behar izatea konbentzitze lanetan. Jakinez badirela edozein gisaz gibel eginen ez dutenak: «[Ipar] Euskal Herria hitza baliatzen delako kontra agertzen diren horiek ez ditugu irabaziko, galdutzat ematen ditugu» aitortu du Batera-koak.«Baina galdutzat ematen ditugun hamar bat herri horiek salbu, joan beharko gara herriz herri. Egia da matematiketan hasiko garela beharbada memento batez, herriz herri zenbat biztanle den. Agian ez».

Baina Deiadarren deitzaile den plataformarentzat, ez da aski biztanleriaren gehiengoaren bermatzea kopuruan. Lurraldearen jarrera argi batera heldu nahi luke. «Batera-rekin egiten dugun parioa da bozka irabaztea, eta ez %50,2rekin, baizik eta %60 edo gehiagorekin. Baiezko ausart bat nahi dugu. Herri elkargo bakarra egitea Euskal Kosta-Aturriko lau herri horiek kontra bozkatuz, hori arazo politiko bat izan daiteke».

Nehork publikoki salatzen ez badu ere, anitzek Jean Jacques Lasserre —senatari eta Paueko Departamenduko presidentea— eta aspaldiko bidaide duen Barthelemy Agerreren —Lukuzeko auzapez eta Eskualde Kontseilurako zentro eskuinaren hautagai— eskuak ikusten dituzte Ipar Euskal Herria bilduko lukeen herri elkargo bakarraren kontrako lanetan. Barnealdean, pertsona gisa, joera politiko horretako hautetsien artean badute eragin biek ere. «Aldeko tropak guk mobilizatzen ditugun bezala, argi da kontrakoak ere ari direla mobilizatzen herriko etxez herriko etxe». Badu susmoa Blainek eragin hori barnealdetik kostalderaino etorri dela, Biarritz eta Angeluko auzapezen eleak entzutearekin.

Lasserre, HK-ko buru zelarik, lurralde elkargoaren alde mintzatu zen beti, eta fepartamenduko buruzagitza berreskuratuz geroztik, herri elkargo bakarraren kontra agertu da. Aldaketa horrek ez du baitezpada hainbeste harritu Batera-koa: «Lehen galdera da ea konbentzitua zenetz kolektibitatearen defendatzeko mementoan. Bigarren gauza da gaur duen karguak dakarrena. Argi ikusten du Lasserrek herri elkargo bakarra egiten bada ahulduko duela departamendua. Gero, politikoki, horrelako aldaketa ulertezina da; asumitu beharko du berak ere posizio aldaketa hori. Zer kanpaina mota egiten duen, herriz herri ibiltzen den... Ez dakit %100 sartua denetz kontra borroka horretan, baina ez du laguntzen, eta hori ere asumitu beharko du».

Asumitzearena edo hautuaren aitzineko ardurarena behin baino gehiagotan errepikatu du Blainek parekoentzat: «Bozkatzeko mementoan, asumitu beharko dute Iparraldea zatiturik uzten dutela heldu diren 50 urterendako. Hautetsi batzuk berriz aurkeztuko dira ondoko hauteskundeetan. Bilanean asumitu beharko dute oztopatu edo lagundu dutenetz proiektua».

Batera-k hautetsiei helarazten dizkien arrazoi nagusietarik bat Akitania eskualde berri alimalekoaren aitzinean pisu zerbaiten izatea da. Izan hirigune ala hirialde, eskumenen aldetik eta arlo nagusietan eskualdearekin negoziatzeko mementoan entzuna izateko baitezpadakotzat dauka egitura bakarraren izenean mintzatzea. Ekonomia sailaren adibidea eman du Blainek: «Merkataritza Ganberan aho batez bozkatu dute alde. Bihar enpresaburu batzuk etortzen direnean txosten batzuen muntatzeko, kontrako hautetsiek esplikatu beharko dute zerendako ahulak garen eskualde horretan. Eskualdeak ditu plantan jartzen ekonomia garapen plangintzak. Esplikatu beharko zaie enpresei zergatik ez dugun aski pisu tokiko proiektuen ekartzeko Bordelerat».

Ahul izateko lanjer horren esplikatzeko, abenduaren 6ko eskualdeko bozek lagunduko dutela uste du, agerian emanen bailukete sor daitekeen desoreka izari handiko Akitanian.

Batera-k aitortu du ez dela aldarrikatzen zuen lurralde elkargoa. Aitortu du akatsak dituela herri elkargo bakarraren proposamenak, baina ez du beste aterabiderik ikusten, nahiz gutik erranen zuten duela zenbait hilabete ikastolen kontra jokatu zen prefetarekin bat eginen zuela horrela herri plataformak. «Beharbada paradoxa da, baina zenbait hilabete hartu dugu barne gogoeta eramateko Batera-n. Mozioa bozkatu zen aho batez kasik. Ezin da erran zalantzak egon direnik, baina gogoetak bai. Gaur egungo proposamenak ez gaitu asetzen, ez da kolektibitatea. Badakigu bitxi egiten ahal duela prefetarekin bat egiteak, baina pisatu eta aterabide hoberena da; beraz, goazen!».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna