Xedea, bi gradu baino gutxiago berotzea

Lurreko tenperatura jada gradu bat igo da. BALAZS MOHAI / EFE.
2018ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Lurrazaleko tenperatura orokorra ez dadila bi gradu baino gehiago handitu. Hori da helburua.

Beroketa globalarentzat, erreferentzia gisa hartzen da industrializazioari ekin aurreko Lurraren tenperatura—XIX. mende erdialdeko batezbestekoak—. Eta tenperatura orokor hura bi gradu zentigradu ez handitzea da orain beroketa globalaren aurkakoek euren buruei ezarritako helburua.

Zergatik bi graduen muga? Klimaren berotzea ez delako prozesu lineal bat. Txosten zientifikoen arabera, behin tenperaturak langa hori gaindituta, zenbait mekanismo abian jarri eta aldaketak neurrigabe areagotzen hasiko lirateke. Bi gradu horiek ez gainditzeko, berotegi gas isurketen maila gorena 2020. urtean iritsi beharko litzateke, eta hortik aurrera urtero nabarmen murriztu.

Zergatik jarri helburua bi gradutan eta ez beherago? Berez, 1,5 eta bi gradu artekoa da Parisko Akordioan adostutako helburua. Baina, zientzialari askoren kalkuluen arabera, dagoeneko 1,1 gradu inguru handitu da Lurreko tenperatura, eta oraintxe bertan isuri guztiak erabat etengo balira ere, tenperaturak igotzen jarraituko luke beste 0,3 edo 0,4 gradu. Izan ere, denbora tarte bat behar izaten dute atmosferara egiten diren isuriek tenperatura igoera bihurtzeko, 20-25 urte arteko tarte bat, zientziaren arabera.

Edonola ere, tenperaturaren igoera bi graduko langara hurbiltzeak berak ekosistema batzuentzat arriskua dakar, atzera-bueltarik gabeko egoera bat ekartzeko arriskua hain zuzen.

Isurien maila gorena 2020. urtea baino geroago badator, zientzialarien ustez irtenbide bakarra emisio negatiboak lirateke, alegia, atmosferatik CO2 ateratzeko moduak bilatzea. Oraingoz, muga handiak ikusten dira hori lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.