Koronabirusa

Azarotik ez dira hainbeste positibo izan: beste 1.521 atzeman dituzte

Astebetean ez da inor hil COVID-19agatik Hegoaldean. Ospitaleratzeak %33 igo dira bi astean

Herritarrak paseoan, Gasteizen, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
COVID-19ak oldartuta jarraitzen du. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman dituzten datuen arabera, beste 1.521 positibo atzeman dituzte. Datu txarrak dira: zortzi hilabete egin behar da atzera, aurreko urteko azaroaren 13ra, datu txarrago bat aurkitzeko. Positiboen ehunekoak OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolpean izateko jarritako %5eko muga nabarmen gainditzen du: Osakidetzak eta Osasunbideak herenegun egindako 14.883 probetatik %10,2k eman dute positibo.

Egoera Nafarroan da bereziki makurra. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia 683 kasukoa da, eta beste 532 positiboren berri eman dute. Gipuzkoan, berriz, 465 kasuko intzidentzia dute, eta beste 398 positibo atzeman dituzte. Bizkaiak eta Arabak, gaur-gaurkoz, kopuru apalagoak dituzte, baina gorazko joera nabarmena da. Hurrenez hurren, 325 eta 280 kasuko intzidentzia dute, eta 462 eta 94 positibo berri. Azken asteetako joera gorazkoa da. Pare bat datu ematearren: astebetean %62 areagotu dira positiboak; bi astean, %313. Kasuen igoerak aldaera berrien hedapenarekin zerikusia izan dezake. Nafarroan, adibidez, Delta aldaera da nagusi: egun, aldaera horretakoak dira positiboen %86.

Egunak igaro ahala, egoera okerrera egiten ari da Ipar Euskal Herrian ere. Azken datuen arabera —lehengo igandean emandakoak dira—, egoerarik okerrena Hego Lapurdik du: 100.000 biztanleko azken asteko intzidentzia 165 kasukoa da. Errobi-Aturrin, berriz, 151 positiboko intzidentzia dute, eta Euskal Kosta-Aturrin, 119 kasukoa.

Erietxeak betetzen

Birusa hedatzearen ondorioz, pixkanaka-pixkanaka ari dira ospitaleetara kasuak iristen. Egun, 156 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetan. Bi astean %33 igo da ospitaleratuen kopurua. Gainera, horietako 36 ZIUetan daude, larriki gaixo. Kopuru hori egonkortuta dago, eta ez da joera argirik ikusten.

Birusa bereziki gazteen artean zabaltzen ari da orain, eta zenbaitetan larri ere egoten dira. Nafarroan, azken astean ospitaleratutako herritarren erdiek 40 urte baino gutxiago dituzte. Halere, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak datu positibo bat ere eman dute: azken astean ez da inor hil COVID-19agatik.

Txertoaren ondorioak

Bitartean, txertaketa aurrera doa, eta Nafarroako Gobernuak txertoaren eraginkortasunari lotutako datuak ere eman ditu. Horienarabera, txertoaren dosi batek %45eko eraginkortasuna du, eta pauta osoak %76koa COVID-19arekin sintomak izatea ekiditeko. Eraginkortasuna oraindik ere handiagoa du ospitaleratzeak saihesteko: %76koa dosi batekin, eta %91koa pauta osoarekin. Kutsatze denak ekiditeko eraginkortasuna, berriz, baxuagoa da: %37koa dosi batekin eta %64koa pauta osoarekin. Babes neurriak mantentzeko eskatu duten arren, Nafarroan bildu dituzte datuek argi utzi dute txertoa bere lana egiten ari dela: urte hasieratik pauta osoa jasoa zuten 532 lagunek eman dute positibo, 32 ospitaleratu dituzte, pertsona bat ZIUan egon da eta 11 hil egin dira. Azaldu dutenez, gaixotasun larria —ZIUan sartzea edo hiltzea— izateko aukerak hogei aldiz murriztu dira azken lau hilabeteetan.

Txertatzeko adina pixkanaka jaisten ari dira Hego Euskal Herrian. Nafarroak aste honetan jarriko dituen 50.016 dosiekin 18 eta 29 urte artekoen txertaketarekin jarraitu nahi du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, datorren astean hasiko da 16-29 urtekoen txertaketa, baina agenda betetze aldera, aste honetan ere ipiniko dituzte txerto batzuk.

Osakidetzak emandako azken datuetan ageri denez, dagoeneko gutxienez txerto bat jaso dute 40 eta 49 urte bitarteko herritarren %84k, 30 eta 39 bitartekoen %54,8k eta 20 eta 29 bitartekoen %16,3k. Aurreko asteko txertaketa erritmoari eutsiz gero, BERRIAk egindako kalkuluen arabera, Hegoaldeko herritarren %70 txerto bat jasota egongo dira abuztuaren 2rako. Mugarritzat dute hainbat adituk, baina ez amaieratzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.