ELAk «masibotzat» jo du Gipuzkoako zahar etxeen greba egunaren erantzuna

Grebalariek aldundiari eskatu diote finantza dezala sindikatuen eta patronalen arteko akordioa. Martxoaren 10era arte iraungo du grebak

Jon Rejado.
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Gipuzkoako zahar etxeetako langileek bigarren greba eguna dute gaur. Atzo hasi zuten mobilizazioa, eta martxoaren 10era arte iraungo du, ELA sindikatuak deituta. Txomin Lasa aipatu sindikatuko eledunaren arabera, erantzun «masiboa» izan zuen atzoko deialdiak. Halaber, dozenaka pertsona bildu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean Erresidentziak greban, diskriminazioari STOP lelodun pankarta batekin, eta manifestazioa hasi zuten handik. Guztira, 5.000 langile ditu sektoreak, eta Lasak gogora ekarri du greban finkatutako zerbitzu minimoak %70 eta %80 artekoak direla, ordu zehatz batzuetan.

ELAk ordezkatzen du sektoreko langileen gehiengoa, eta atzo hasitako grebaren aldarrikapenak aldundiari egin dizkio, nagusiki. Lasak azaldu du akordiorako oinarri bat lortu duela sektoreko lau patronaletatik birekin. Akordioa lortu arren, aldundiak uko egin zion akordio hori finantzatzeari. «Sektorearen finantzaketaren %90 aldunditik dator; beraz, patronal bakar batek ere ez du akordiorik sinatuko, foru administrazioaren oniritziarekin ez bada», iruzkindu du Lasak. Hori dela eta, akordioa aintzat hartzeko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari

Lasaren iritziz, ezin izango da beste akordiorik lortu zahar etxeen mahai sektorialean, eta mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du. Horrez gain, LABek lanuzteetara deitu du otsailaren 25 eta 26rako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.