Tuberkulosiaren atzean zegoena

Frankismo garaian Andoaingo baserri batean izandako gertakariak ikertzen dabil Burdina taldea

Olatz Esteban Ezkati.
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Frankismo garaian Andoaingo (Gipuzkoa) baserri batean izandako gertakariak ikertzen hasi da Burdina, ondare historikoa ikertzen eta berreskuratzen diharduen talde bat. 1949tik 1952ra zer gertatu zen jakin nahi dute. Garai hartan, Andoaingo Sorabilla auzoko baserri batean, tuberkulosia zuten haurrak sendatzeko egoitza bat zegoen berez, baina, taldearen arabera, beste zerbait zen: «Neska bihurriak hartzen zituen espetxe bat ezkutatzen zuen».

Egoitza hura laikoek zuzentzen zuten, eta 6 eta 12 urte bitarteko neskak eramaten zituzten gehienetan, nahiz eta 15 urte bitarteko neskak ere eduki zituzten. Hala azaldu dute Ander Otaño eta Xabier Arruti ikertzaileek. Familia batzuek ere bidali zituzten umeak egoitza hartara, beste kide bat ezin zutelako mantendu, edo «haur bihurriak» zuzen hezteko arrazoiak bultzatuta.

Orain arte bildu dituzten datuen arabera, 20-25 neska egon ziren Sorabillako baserri hartan, eta baldintza lazgarrietan eduki zituzten, ikertzaileek kontatu dutenez: «Egoera eskasa zen: inkomunikaturik izaten zituzten; ez zizkieten senideen gutunak helarazten; higiene falta nabarmena zen, eta janari errazionamenduak, oso zorrotzak». Lekuko batzuek azaldu diete «bizitzako momenturik gogorrenak» izan zirela bertan jasandakoak.

Ikerketa hastapen fasean dago, baina, orain arte bildutako dokumentazioaren arabera, Donostiako, Mutrikuko, Hondarribiko eta Itziarko haurrak izan ziren Sorabillan. 1949 eta 1952 artean egon zen martxan, baina susmoa dute Donostian ere izan zela horrelako beste egoitza bat. Ikertzaileen arabera, laikoak ez ezik, Donostiako familia esanguratsu bat ere bazegoen egoitzaren atzean.

Testigantza bila

Andoaingo baserri hori itxi egin behar izan zuten 1952an; bertan zeuzkaten emakumeak matxinatu egin ziren, eta Sorabillako apaizaren aurrean salatu zuten zer ari ziren jasaten. Horren ostean, berriro ere Donostiara itzuli ziren, ikertzaileen hipotesiaren arabera.

Komunikabideetan gertakarien berri izan ostean heldu zioten gaiari Burdinako bi kideek, eta baserri hartako langile batzuen senideekin egin zuten topo ezustean. Orain, ikerketan sakontzen ari dira, eta liburu bat osatzea dute helburua. Oraingoz, zenbait dokumentu eskuratu dituzte: zuzeneko lekukotasunak, baserriko eskriturak —zutik dago oraindik—, eta orduko argazki bat.

Ikerketarekin aurrera jarraitu ahal izateko, baina, beharrezkoa dute zuzeneko testigantza gehiago lortzea. Jakin badakite zaila dela garai hartako ahotsak aurkitzea, bertan izan ziren neskak edadetuak direlako gaur egun, baina dei egin diete haiei eta haien senideei ikertzaileekin harremanetan jar daitezen, «testuinguru osatuagoa» izateko. Dei bera egin diete informazioa duten guztiei. «Enbata eta korapilo hori askatzeko ametsetan gabiltza. Testigantza gehiago behar ditugu aurrera jarraitzeko». Memoria historikoa berreskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.