Koronabirusa

Amnesty Internationalek txertoei patenteak kentzeko eskatu die agintariei

Espainiako buruak Eusko Legebiltzarrean azaldu du Covax programa ez dela nahikoa. Agintari politikoei eskatu die «presio jarraitua» egiteko

Emakume bat txertoa hartzen Hegoafrikan. KIM LUDBROOK / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
«Pandemia bukatzeko boterea dugu, baina hori nazioarteko lankidetzarekin baino ez dugu lortuko», premisa hori du oinarri AI Amnesty Internationaleko Espainiako ordezkaritzak, Esteban Beltran bertako presidentearen hitzetan. Lankidetza hori egikaritu ahal izateko, argi du bidea: COVID-19aren aurkako txertoak egiletza eskubideetatik salbuetsi behar dira, eta, hain zuzen ere, horren aldeko presioa egiteko eskatu die agintari politikoei. Gehitu du garapen bidean dauden herrialdeetara txertoak bidaltzeko Covax programa ez dela «nahikoa» txertoak mundu osora zabaltzeko, eta hori ez dela lortuko botika etxeek beren egile eskubideak behin-behinean galtzen ez badituzte. «Bizitza eta osasun eskubideak egiletza eskubideen gainetik daude».

Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egin zuen agerraldia atzo Beltranek, EH Bilduk eskatuta, AIk txertoaren eskuragarritasun unibertsala bermatzeko dituen proposamenen berri emateko. Haren hitzetan, munduan egin den txertoen banaketa oso desberdina izan da. Horren adibideak eman ditu: Afrika osoan eta Erresuma Batuan, esaterako, txerto kopuru bera banatu da. Bestalde, azaldu du Covax programak aurreikusi zituen dosien herenak baino ez dituela banatu, eta horiek jaso dituzten herrialde askotan lehen dosia hartua dutenek ez dakitela bigarrena hartzeko aukerarik izango duten. Egoera kritikoa dela ohartarazi du, eta berandu dabiltzala: «Patenteen liberalizazioak berehalako premia du».

Horregatik, gobernuak neurriak hartzera bultzatu behar direla uste du Beltranek. «Azken urteotako krisirik handienean gaude; giza eskubideen defentsa ezin daiteke boluntarioa izan», adierazi du, eta gogorarazi Covax programako parte hartzea boluntarioa dela. Neurri hori hartzearen aldeko «presio jarraitua» egiteko eskatu die agintariei; baita MME Munduko Merkataritza Erakundeko estatuei Indiak eta Hegoafrikak egindako eskaeraren alde egiteko ere: txertoei patenteak kentzeko, alegia, edo behintzat eskaera ez oztopatzeko. AEBek egiletza eskubideetatik salbuestearen alde egindako proposamenari dagokionez, Beltranek adierazi du ez dela nahikoa: txertoa bakarrik ez, diagnostiko probak eta tratamenduak ere askatu behar dituztela uste du, pandemiari aurre egiteko era bakarra txertoak ez direla iritzita.

Bestalde, egiletza eskubideak salbuestearen alde Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak egindako adierazpenak ere izan ditu gogoan Beltranek: «Gure lanean aurrera egiten laguntzen digute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.