TXIKIEN TROPELETIK HANDIEN LEHIARA

Euskal Herriko garagardo fabrikarik handiena eraikitzeko lanak aurki hasiko ditu La Salvek, Bilbon. Abenduan ekoizpena hastea espero dute, eta fabrika berriarekin beren tokiko apustua indartu eta beste marka handietatik bereizi nahi dute, zero kilometro filosofiaren aldeko apustua eginez.

BERRIA.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2017ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Handia izan ondoren, txiki berpiztu zen La Salve garagardogilea. Baina tarte laburrean izan nahi du txiki. Azken urteotan Euskal Herrian sortu diren beste artisau garagardoaren enpresak ez bezala, La Salvek anbizio handiko helburu bat du: enpresa handiekin lehiatzea. Helburu hori lortzeko, funtsezko tresna urte amaierarako izango du prest. Bilboko Bolueta auzoan lantegi berri bat eraikitzeko lanak hasteko baimenen zain dago, eta abendurako nahi dute lehen upelak eta botilak handik ateratzea.

La Salve 1886. urtean sortu zen, Bilbon, eta ia ehun urtez bilbotarren eta bizkaitarren eztarriak busti zituen, 1978an bere iturria itxi zuen arte. Orduko hauts haietatik berpiztu zen 2014. urtean, eta ordudanik hazi baino ez da egin, Bilbon hasieran, baina Euskal Herriko beste lurraldeetan ere bai. Anbizioa ez baitzaie falta garagardo enpresaren bultzatzaileei.

Eduardo Saiz Lekue da haietako bat. «Honaino heldu bagara, gure garagardoak dituen balioei esker izan da; horrek ezaugarritu du produktua». Hiru ezaugarri nabarmendu ditu. Lehenik, Bilboko garagardoa izatea. «Gure nagusiek garagardo hau edaten zuten, eta egun merkatura itzultzeak hainbat bizipen ekarri dizkie gogora». Jendeak asko estimatzen zuen marka bat berreskuratu dute, eta «liluratuta» daude. «Gizartean oso errotuta zegoen La Salve garagardoa; iraganetik datorren garagardoa da gurea, baina etorkizuna du helburu».

Bigarren ezaugarri modura, hurbiltasuna azpimarratu du Saizek. Ingurunearekin kontsekuente izan nahi zuten: «Bertakoa izatea eta bertan sortzea aberastasuna». Ideia hori mutu- rreraino eraman nahi dute orain: garagarra Arabakoa izatea, lupulua ere Euskal Herrikoa, fabrika Bilbon egotea... Zero kilometroa-ren filosofia, funtsean. Soilik beste enpresa handietatik bereizten bagara eta oinarriak ondo finkatzen baditugu lortuko dugu merkatuan toki bat irabaztea».

Azkenik, «pasioa» aipatu du. Euskal Herrian garagardoaren merkatua multinazional gutxi batzuek «goitik behera» kontrolatzen dute, eta, beraz, toki bat irabaztea «oso konplikatua» da. Haatik, pasioa ezinbestekoa dela dio, «erromantikoa» izatea. Proiektua sortzerakoan, 2019. urterako merkatuaren %10 lortzea hartu zuten helburu, eta, Saizek dioenaren arabera, hiru faktore horiek ahalbidetu dute helburua lortzeko bidean jarraitzea.

Ekainean aurkeztu zuten fabrikaren proiektua Bilboko Udalean, eta azken baimenen zain daude. «Lehenbailehen» etortzea nahi du Saezek, «masa kritiko» baten beharra dutelako hazten jarraitzeko. «Orain dela bi urte sortutako proiektu hau teoriatik praktikara igaro ahal izango da fabrika berriarekin. Ez bagara besteengandik bereizten, ezinezkoa izango da merkatu kuota lortzea».

Orain dela hiru urte hasi zuten proiektua, eta hasieratik handira jokatu nahi zutela argi izan dute. «Guk merkatua kontrolatzen duten marka handiei kentzen dizkiegu bezeroak, oro har, ez garagardo enpresa txikiei». Saizen ustez, handiei kuota kentzeko asmoa duten egitasmoek mesede egiten diete Euskal Herriko artisau garagardoaren enpresa txikiei ere. «Guztiontzat da onuragarria merkatuan gero eta produktu desberdinagoak egotea eta erreferentzia berriak sortzea». Gainera, enpresaren arduradunetako bat denak esandakoaren arabera, lankidetzako hainbat proiektu dituzte martxan; besteak beste, Euskal Herrian lupulua berriro landatzen hastea, Arabako garagarra erostea eta balioen katea sortzea.

Artisau zerbezen booma

Azken urteetan, artisau garagardoa ekoizten duten enpresa txiki andana sortu da. Boom hori Euskal Herrira ere iritsi da, eta egile gutxi batzuk izan ondoren, 30en bat bihurtu dira. Askotarikoak dira enpresa horiek dituzten helburuak: etxean garagardoa egiten ikasi eta diru pixka bat atera nahi dutenetik hasi, eta enpresa handiekin lehiatu nahi duen La Salve konpainiaraino.

Artisau garagardoak orain dela hogei urte inguru hasi ziren ugaltzen, AEBetan lehenik. Horrela azaldu du Igor Oiarbidek. Garagardo ahotsa blogeko kide da, eta Lupulu.com eta Localbeer egitasmoen sortzaileetako bat. «Geroztik zabalduz joan da, eta gero eta garagardo gehiago heldu zaizkigu, zapore eta aroma desberdinekoak, baita jakintza gehiago ere». Asko dira garagardoa etxean egiten hasi, eta, gero, beren zerbeza propioa sortu duten produktoreak. «Bakoitza bere kasa trebatuz joan da, egun informazio asko baitago edonoren esku: liburuak, webguneak... Hortik arlo profesionalera jauzi egin, eta enpresatxoa sortu dute askok».

Fenomenoaren «hasieran» besterik ez gaudela uste du Oiarbidek. «Orain, sarea osatzen ari da: produktoreak, banatzaileak, kontsumitzaileak... eta hobera joango da oinarri hori. Errazagoa da egun artisau garagardoak topatzea eta dastatzea. Gainera, zenbat eta mota gehiago eta zabalduago egon, orduan eta handiagoa izango da eskaria».

Multinazionalen interesa

Multinazionalak ohartu dira artisauen arrakastaz, ekoizle txiki batzuk erosten hasi dira. Oiarbidek ez du, oraingoz, kezkagarria ikusten. «Kalkulatu dute hurrengo urteetan gero eta gehiago kontsumituko direla artisau garagardoak, bestela ez lukete inbertsiorik egingo. Ez da arriskutsua txikientzat; gauzak ondo egiten dituztenek badute beren merkatu kuota. Oso enpresa txiki eta lokalak daude, eta multinazionalek ez diete horiei kalte egiten; beste merkatu bat da».

Azken finean, zein negozio mota sortu nahi duen norberak hautatzen duela nabarmendu du Oiarbidek: «Badira txikia izaten jarraitu nahi dutenak, eta badira hazteko nahia dutenak». La Salveren adibidea aipatu du ostera, negozio eredu «oso zehatz» baten alde lan egiten ari dela iruditzen zaiolako. «Lehiatu egin nahi du, eta garagardo normalagoa edo estandarragoa edaten duen gizartearen zatia erakarri; hots, garagardo on bat sortu nahi du, baina zapore komertzialetatik gehiegi urrundu gabe». Edale «ez hain frikiak» nahi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.