Mugaritzeko besarkada

«Elkarbizitzaren» aldeko mezua zabaldu dute ETAren biktima batek eta Errenteriako alkateak
Jose Miguel Cedillo ETAren biktima eta Julen Mendoza Errenteriako alkatea, atzo, Mugaritzen.
Jose Miguel Cedillo ETAren biktima eta Julen Mendoza Errenteriako alkatea, atzo, Mugaritzen. MAIALEN ANDRES / FOKU

Enekoitz Esnaola -

2018ko irailak 16
«Nire izenean baino ez naiz ari hizketan, eta ni bezala pentsatzen ez dutenei errespetua eskatzen diet». Jose Miguel Cedilloren hitzak dira, eta indarkeriaren biktima askoren aldean beste bide bat hartua du euskal gatazkaren ondorioen inguruan: uste du ETAren bukaeraren ondoren «elkarbizitzaren» garaia dela. Azkeneko urteetako barne hausnarketari forma bat eman dio, eta, atzo, senideekin batera, ekitaldi bat antolatu zuen Errenterian (Gipuzkoa), Mugaritzen, ETAk 1982ko irailaren 14an bere aita hil zuen tokian. Espainiako Polizia zen Antonio Cedillo (29 urte); «bakea» maite zuen, haren semearen hitzetan.

Jose Miguel Cedillo duela ia bi hilabete harremanetan jarri zen Julen Mendoza Errenteriako alkate eta EH Bilduko kidearekin, eta ekitaldi bat antolatzea lortu du, udalaren laguntza logistikoarekin. Mendozak ere, ordea, hitz egin du agerraldian, eta hura ere elkarbizitzaren alde aritu da. Hitzaldia bukatu, eta elkar estu besarkatu dute biek. Bukaeran, olibondo bat landatu dute sendiak eta Errenteriako eta Olivaresko alkateek. 60ren bat lagun izan dira Mugaritzen; haien artean, Antonio Cedillo zenaren alargun Maria Dolores Garcia eta haren herri Olivaresko (Sevilla, Espainia) alkate Isidoro Ramos (PSOE).

«Gorrotoa, herra eta mendekua» baztertzeko eskatu du ETAren biktimak. «Elkarbizitza bakean gauzatu dadin» jarrera berri bat izateko, funtsezkoa iruditzen zaio ETAk 2011n jarduera armatua utzi izanak sortutako egoera. «Kontua ez da orria pasatzea, ezinezkoa baita, baizik eta berri bat idaztea, elkarbizitza berriro eraikiz. 2011ko urritik gauzak aldatu badira, benetan alda daitezen lan egin behar dugu».

3 urte zituen aita tiroketa batean hil ziotenean. Donostian bizi ziren, eta Euskal Herrira itzultzeke egon da geroztik. Asteon bueltatu da, emozio handiz, aitortu duenez. Errenteriako Udalak aste hauetan «maitetasunez eta errespetuz» tratatu duela nabarmendu du. «Nire bi umeak hemendik aurrera ez dira arrotz sentituko lurralde zoragarri honetan. Beldurrik gabe eta askatasunean etorri ahalko dira, gozatzera eta elkarbizitza bakean elikatzera». Bere aita «bakearen» alde aritu direnen «zerrenda anonimora» pasatzeko eskatu du.

«ETAren umezurtz» modura asko sufritu duela adierazi du, baina oraindik ez du lortu Espainiako Estatuak biktimatzat jotzea. «Dezepzioa» agertu du. Ordezkari politikoei eskatu die «zauria premiaz itxi» dezatela, «aitortzarekin, erreparazioarekin eta duintasunarekin».

Haren aurretik hitz egin du Errenteriako alkate Mendozak. Gogoratu du bere udalak egin izan dituela biktimen erreparaziorako ekinbideak, baina argitu du atzokoa Cedillo familiak antolatu zuela. Haien ondoan egon nahi izan duela esan du. «Udalerri honek zorra zuen zuekin, baina ausartuko nintzateke esatera nire barruan zor pertsonala bezala ere sentitzen dudala. 1982ko irailaren 14an bizitza apurtu zitzaizuen, eta nahiko nuke, nahiko genuke, zuen bizitza berrosatzen laguntzea, jakinik minak ez duela atzera-bueltarik, Antonio jada ez delako bueltatuko».

Mendozaren arabera, beraz, Mugaritzeko ekitaldiak lagundu dezake, «iraganarekiko ikuspegi ezberdinak izanik ere, familiaren mina askatzen. Sufrimendua partekatzera lagundu dezake, memoria partekatu bat beharrezkoa delako». Uste du mota horretako ekitaldiak «elkarbizitzaren eta mina sendatzearen aldeko mikroprozesu» bilakatzen direla.

Cedillo sendiaren «eredua»

Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledunak ekitaldiaren ostean hedabideen aurrean txalotu egin du Cedillo sendia ematen ari den «eredua», bizimodu «gogorra» bizi ondotik, «gorrotoa piztu beharrean, bakearen eta elkarbizitzaren alde egiten ari delako». Jaurlaritzaren izenean, «babesa eta hurbiltasuna» eskaini dizkio.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia ez da Mugaritzen izan —Pasaiako (Gipuzkoa) ekitaldi batean hartu du parte—, baina txio baten bidez sostengatu egin du: «Hamarkadatako gatazkak eragindako min eta sufrimenduarekiko enpatiarekin eta gure konpromiso etiko eta politikoari esker, aurrera jarraitzen dugu. Gure helburua argi dago: bake egonkor eta iraunkorreko eredu inklusibo bat eraikitzea».

Errenteriako ekitaldian izan dira Guillermo Etxenike Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariordea, Aintzane Ezenarro Gogora Memoria institutuko zuzendaria, Maddalen Iriarte eta Pello Urizar EHko legebiltzarkideak, Pili Zabala Elkarrekin Ahal Dugu-ko legebiltzarkidea, Rafaela Romero eta Eneko Andueza PSE-EEko legebiltzarkideak, Maite Peña Gipuzkoa Gizarte Politikako foru diputatua, Gipuzkoako batzarkide Juantxo Iturria (Ahal Dugu) eta Juan Carlos Cano (PP), PSE-EEko kide Miguel Buen eta Jesus Egiguren, Chema Herzog Errenteriako PPko hautetsi ohia, Maixabel Lasa, Josu Elespe, Naiara Zamarreño eta Gorka Landaburu ETAren biktimak...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna