Osasuna eta hizkuntza uztartzeko ezagutza bila

Lehen uzta eman du EHUren eta UEUren 'Hizkuntzen kudeaketa: Euskara Komunikazio Klinikoan' graduondoak. Bi eremuen arteko zubiak eraikitzea du helburu, baita ikerketa bultzatzea eta aplikatzea ere.
Osasunari eta hizkuntzari buruzko ikastaroa, atzo, Bilbon; irudian, eserita dago Zarate, ezkerretara.
Osasunari eta hizkuntzari buruzko ikastaroa, atzo, Bilbon; irudian, eserita dago Zarate, ezkerretara. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2020ko urriak 24

Nola txertatu euskararen erabilera osasun sisteman? Urte askoan galdera horrek ezina eragin izan du hainbat langileren eta erabiltzaileren artean, baina horren inguruan kezka dutenek beste ikuspegi batetik heldu nahi diote orain auziari. Akademiaren eta osasun jardunaren arteko zubiak eraikitzeko, Hizkuntzen Kudeaketa: Euskara Komunikazio Klinikoan graduondoa abiatu zuten iaz EHUk eta UEUk, eta lehen kurtsoaren ebaluazioa aurkeztu zuen Jon Zarate zuzendariak atzo, gaiari buruz EHUk antolatutako udako ikastaroan. Nabarmendu du ezagutza sortzea dela xede nagusia: «Ikerketa behar da, ebidentzia».

Zaratek onartu du osasun arloan «ikuspuntu okerra» izaten dela maiz hizkuntzaz: «Osasungintza ebidentzian oinarritutakoa da, pertsonetan ardaztua eta egoera administratibora eta ingurunera egokitua; hiru baldintza horiek ez dira normalean betetzen, ez delako serioski hartzen hizkuntzaren rola kalitatezko arreta soziosanitarioan. Graduondoan ebidentziak sortu nahi ditugu, ezagutza hori osasun langileei helarazteko».

Hala ere, osasun administrazioaren egitura eta jarduna oso konplexuak direla nabarmendu du, eta, ildo horretatik, paradigma aldaketa bat proposatu du: «Askotan, euskara planek ahaztu egiten dituzte osasun sistemaren berezitasunak: hizkuntzaren kudeaketa eremu administratiboetako ohiko planetara mugatzen dute, euskara teknikariei ardura handia jartzen diete... Graduondoarekin, ikuspegi hori aldatu nahi dugu: euskara planen ardatzean osasun profesionalek egon behar dute, hizkuntzaren arloan nola jokatu aztertzen, oinarri hartuta zer den kalitatezko arreta eredu biopsikosozialean».

Ekarpena, ebidentziatik

Horretarako, ikerketa sustatu nahi dute, «sortutako ebidentzia horretatik ekarpenak egiteko, adibidez, Osakidetzaren etorkizuneko euskara planean». Emaitzak ikusten hasi dira jada: euskara planerako hainbat proposamen eztabaidatu dituzte; ikasle batzuek erabaki dute arloan doktore tesia egitea, eta graduondoko lan batzuk martxan jarri dituzte, esaterako, Galdakaoko ospitalean (Bizkaia)... Baikor mintzatu da Zarate: «Urte batzuen buruan, Osakidetza munduan liderra izan daiteke hizkuntza kudeaketan».

Graduondoa 2019-2020ko ikasturtean egin zuten lehen aldiz, hamazazpi ikaslerekin; abenduan irekiko dute bigarren aldian matrikulatzeko epea, eta ikasle batzuek jadanik agertu dute interesa. «Ikasleen artean badago masa kritiko oso sendo bat». EHUko Euskara errektoreorde ere bada Zarate, eta, ardura horretan, gertutik ezagutu du Medikuntzako gradu ikasketak euskalduntzeko ikasle mugimendua: «Urteetako prozesu bat izan da, konfiantza sortzekoa eta harremanak sendotzekoa. Eta gure sua izan dira ikasle horiek: pausoak emateko exijitu digute».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Garagardo upelak ireki dituzte ostalariek, gaur, Baionan. ©Bob Edme

Ostalariek saldu gabeak «itzuli» dizkiote suprefeturari

Oihana Teyseyre Koskarat

Ipar Euskal Herriko ostalarien kolektiboak haserrea erakutsi du Baionan, goizean. Garagardo iraungiak ireki dituzte suprefeturaren atarian.

Trebiñuko udaletxeko harrera mahaitxoa, Euskaraldiko txapekin. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Trebiñuko euskal enklabea

Jone Arruabarrena

Trebiñuko barrendegia administratiboki Burgosko probintzian (Espainia) kokatzen den arren, bada euskal hiztunen komunitate txiki bat bertan. Zailtasun ugari badituzte ere, euskara bultzatzeko jarduerak antolatzen saiatzen dira, eta, ildo horretan, aurten Euskaraldian parte hartzen ari dira.

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa, gaurko prentsaurrekoan ©Borja Puig de la Bellaca/ Efe

Txertoa jasoko duten lehentasunezko hamabost taldeak zehaztu ditu Illak

Edurne Begiristain

Besteak beste, 65 urtetik gorako herritarrak, patologiaren bat duten arrisku taldekoak eta espazio itxietan lan egiten dutenak txertatu nahi ditu Espainiako Osasun ministerioak.

Tapia eta Azpiazu, legebiltzarrean ©Raul Bogajo / Foku

Gas naturalean inbertitzen segituko du Jaurlaritzak, trantsiziozko energia gisa hartuta

Berria

EH Bilduko Mikel Oterok Arantxa Tapia Ingurumen sailburuari galdetu dio ea zer egiteko asmoa duten poltsa publikoan 80 milioitako zuloa eragin duen gas naturalaren ustiaketa proiektuarekin. Ixteko, eta berriztagarrietan inbertitzeko eskatu dio Jaurlaritzari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.