'Cabacasen auzian' justizia egin dadila eskatu dute pertsona ezagun batzuek

Egiaren aitortza, justizia, familiak kalte-ordainak jasotzea eta berriro ez errepikatzeko bermea eskatzen dituen manifestua babestu dute

Iñigo Cabacasen senideak eta lagunak, atzo, Bilbon, Kafe Antzokian egindako agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
«Iñigo [Cabacas] ez zen hil; hil egin zuten. Gertakaritik hona, familia eta lagunak justizia eske aritu gara etengabe, baina oztopoak besterik ez dugu izan». Iñigo Cabacas zenaren senide eta lagunen izenean ari da Eneritz Zabala. «Ezin dugu onartu auzi hau argitu gabe geratzea». Sei urte igaro dira 2012ko apirilaren 5eanErtzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas buruan jo eta larriki zauritu zuela. Bost egunera zendu zen, zaurihorien ondorioz. Auziaren instrukzioa luzea eta korapilatsua izan da, baina, azkenik, urriaren 15ean abiatuko da sei ertzain epaituko dituen epaiketa. Cabacas auzian justizia egin dadila eskatzeko manifestua sinatu dute euskal gizarteko ehun bat pertsonak. Atzo egin zuten aurkezpena, Bilboko Kafe Antzokian.

Lau eskaera biltzen ditu manifestuak. Aurrena: egia. «Gertatu zenaren egia ezagutzea eta aitortzea beharrezkoa da». Bigarrena: justizia. «Inolako inpunitaterik gabe erantzuleek egindakoagatik erantzun behar dute». Hirugarrena: familiako kideen eta lagunen mina erreparatzea eta kalte-ordaina jasotzea. Eta laugarrena: berriro ez errepikatzeko bermea. «Ez dugu beste inork halako trantzea pasatzerik nahi».

Ehun bat pertsonak babestu dute testua: Dani Alvarez, Goizalde Landabaso, Xabier Madariaga eta Xabier lapitz kazetariek; Toti Martinez de Lezea eta Kattalin Miner idazleak; Mikel Martinez, Patxo Telleria, Itziar Ituiño, Ane Zabala eta Aitor Merino aktoreek; Fermin Muguruza, Kepa Junkera, Alex Sardui eta Aiora Renteria abeslariek; eta Roberto Martinez, Fran Yeste eta Koikili Lertxundi Athleticeko jokalari ohiek, tartean. Zabalak azaldu duenez, atxikimenduak biltzen jarraituko dute datozen egunetan ere.

Instrukzio luzea

Urriaren 14an ekitaldiak egingo dituztela aurreratu du Zabalak. Gaubeila egingo dute Bilbon, Bizkaiko Lurralde Auzitegiarenaurrean, Albia lorategietan, 19:00etan hasita, eta azaldu du bertan izango direla epaiketa hasi bitarte. «Orain arte egin bezala, senideei eta lagunei babesa adieraziko diegu». Herritarrei agertzeko deia egin diete.

Gertakarietatik sei urtera hasiko da Cabacas auziaren ahozko epaiketa, eta azaroaren 9ra arte iraungo du. Sei ertzain epaituko ditu Bilboko auzitegiak, «zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa» leportatuta. Horietako hiruk arduraren bat izan zuten polizia operatiboan, eta beste hiruk tiro egin izana aitortu zuten, tiroen egileak gehiago izan ziren arren. Cabacas Lizeranzu sendiaren abokatuek launa urteko espetxe zigorra eskatu dute akusatuentzat; horrelako delituengatik legeak aurreikusten duen espetxe zigorrik handiena da. Fiskaltzak, berriz, delitu zantzurik ikusi ez, eta absoluzioa eskatu du, «deliturik gabe delitugilerik ez dela»argudiatuta.

Cabacasen hilketarekin lotutako aurreneko epaiketa Ugarteko ezizenez ezagututako ertzainburuak Gara egunkariaren, haren zuzendari Iñaki Sotoren, Naiz.eus atariaren, Iñaki Iriondo kazetariaren eta Jone Goirizelaia defentsaren abokatuaren kontra aurkeztutako salaketa izan zen. Bere «ohorea eta intimitatea» urratu izana egotzi zien Ugartekok auzipetuei, baina errugabetzat jo zituen epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.