«Fronte subiranista» helburu

Burujabetza prozesua bizkortzeko erronka ezarri du Sortuk III. konferentzia politikoan, Iruñean

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, atzo, Iruñean, alderdiaren III. konferentzia politikoan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
«Burujabetza prozesua eduki sozialez bete behar dugu». Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiaren hitzak dira. III. konferentzia politikoa egin zuten atzo alderdiko 500 militante inguruk, Iruñean, Herritmoa bizitu lelopean. Egungo testuinguru politikoaaztertu, eta urte politiko berrirako erronka eta ildo nagusiak eztabaidatu zituzten.

Arriskuz eta aukeraz beteriko garaiak direla aipatu zuen Rodriguezek, konferentziaren amaieran emandako hitzaldian. «Mundu mailan, neoliberalismoak bizia bera arriskuan jartzen duen zibilizazio krisi bat sortu du», ohartarazi zuen; «eta [Espainiako eta Frantziako] estatuetara etorrita, birzentralizaziorako eta inboluziorako joera da nagusi, hautu hori egin dutelako krisi egoeraren aurrean erregimenak salbatzeko». Horren aurka, alternatiba bat eraikitzearen garrantzia nabarmendu zuen; alternatiba hori da, haren hitzetan, «1978ko erregimenarekin» haustea, autodeterminazio eskubidea gauzatzea eta euskal errepublika bat eraikitzea.

Horren bidean, burujabetza prozesua azkartzea da Sorturen egungo helburu nagusia, eta, horretarako, lau erronka jarri ditu urte politikorako: Kataluniarekin aliantza sendotzea, EH Bildu eta EH Bai indartzea, burujabetza prozesua edukiz betetzea eta euskal presoak kalera ateratzea.

Rodriguezen esanetan, Euskal Herriko eta Kataluniako prozesuak desblokeatzeko «giltzarria» da bien artean «maila guztietako» aliantzak sortzea eta «epe luzeko pultsu demokratiko bat» koordinatzea. Lotura horretan sakontzeko, «abagune» gisa ikusten dituzte azaroaren 10eko Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. EAEko legebiltzarrerako eta Ipar Euskal Herriko udal bozetan ere EH Bilduk eta EH Baik emaitzarik onenak atera ditzaten Sortuk «bere bitarteko material eta humano guztiak» jarriko dituela zioen Rodriguezek; «EH Bildu eta EH Bai dira prozesu subiranistaren motorra».

Burujabetza prozesuari bultzada sozial «atzeraezina» emateko, gizarte mugimenduekin elkarlanean arituko direla iragarri zuen: «Elkar harturik lan egingo dugu mugimendu feministarekin, pentsiodunekin eta gazte mugimenduarekin, fronte subiranista eta eraldatzaile bat sortzeko».

Euskal presoen auzian, Sortuko idazkari nagusiak salatu zuen konponbiderako egiten ari diren urratsak «oso urriak» izaten ari direla: «Nola da posible ETA desegin eta urtebetera oraindik ere 250 preso politiko egotea?». Alde horretatik, mobilizazioaren garrantzia nabarmendu zuen: «Ekinaldi politiko, sozial, instituzional eta diplomatiko bat jarri behar da martxan».

Omenaldia bi laguni

Nazioarteko bi lagun ere omendu zituen ezker abertzaleko alderdiak, «Euskal Herriari egindako ekarpenarengatik»: Cuautehmoc Cardenas politikari mexikarra eta Carmen Lira Mexikoko La Jornada egunkariko zuzendaria. Lehenak Euskal Herriko bake prozesua abiarazteko erakutsitako «prestasuna» nabarmendu zuen Sortuk, eta, bigarrenaz, bere lanean izandako «profesionaltasuna eta zorroztasuna», besteak beste, euskal iheslarien auziaren berri emateko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.