Koronabirusa

818 positibo Hego Euskal Herrian: azaroaren 21etik izan den kopuru handiena

Bizkaian 354 kasu atzeman dituzte; ez da horrelakorik egon azaroaren 20tik. Erietxeetako ZIUetan 89 pertsona daude ospitaleratuta

Zaldibarko (Bizkaia) baheketan proba bat egiten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 12.464 PCR eta antigeno proba egin zituzten herenegun Hego Euskal Herrian, eta horietatik 818 pertsonak eman zuten positibo. Hain zuzen, ez da horrelako daturik erregistratu azaroaren 21az geroztik. Ordu hartan, 1.001 positibo detektatu zituzten, milakoa aise gainditzen baitzuten datuek urrian eta azaroan. Positibotasun tasari dagokionez, egindako proba guztien %6,56ek eman zuten positibo.

Lurraldeka, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehienak. Zehazki, 354 kasu detektatu zituzten, eta, datuei erreparatuta, ez da horrelako kopururik jaso azaroaren 20tik. Hegoaldeko gainontzeko hiru lurraldeetan jasotako positiboak, ordea, apalagoak dira. Gipuzkoan 203 kasu erregistratu zituzten, Nafarroan 160 eta Araban 95. Jaurlaritzak jakinarazi zuen gainontzeko sei kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak direla.

Erietxeetan, beste 63 pertsona ospitaleratu zituzten gela arruntetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina datu osatuak bihar emango dituzte. Nafarroan, beste bost pertsona ospitaleratu dituzte eremu horretan, eta, guztira, 98 gaixo daude. ZIU zaintza intentsiboen unitateko kopuru orokorrari dagokionez, Hegoaldean 89 pertsona daude ospitaleratuta. Eta Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen ez dutela erregistratu lagun gehiago hil denik.

Bizkaian, lau hil dira

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi zuenez, beste lau egoiliar hil dira lurralde horretako zahar etxeetan, eta, gaur-gaurkoz, 244k dute koronabirusa. Langileei dagokienez, 137k eman dute positibo, eta beste 95 bakartuta daude, emaitza baten esperoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.