Albistea entzun

Josean Rodriguez. Adegiko Ekintzaileen Foroko burua

«Zaldun bakartiak egon ez daitezen, tribua gara»

Aupa Zuek ekintzaileen topaketak egingo dituzte bihar Donostian askotariko hainbat proiekturen xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko. Adegiren foroak ideia berrien «txinparta» bilatzen du.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Xabier Martin -

2015eko martxoak 11

Askotariko sektoreko 60 enpresa, 390 enplegu, 22 milioi euroko fakturazioa 2014an eta 30 patente erregistraturik. 2011n Adegik sortutako Ekintzaileen Foroaren zenbakiak ez dira hala moduzkoak. Euskal ekintzaileen bidea erraztea eta enpresa oso desberdinen arteko informazioa elkarrekin trukatzea dira foroaren helburuak, hain zuzen, enpresa berriak sortzeko, sinergien bidez «txinparta berriak eragiteko tribuaren barruan». Aupa zuek biharko ekitaldia ekintzaileei eskerrak emateko egitasmoa da; baita modu zuzenean ekintzaileen «arrakastak eta porrotak bere testuinguruan ezagutzeko» ere.

Ekintzaile asko ideia batekin hasi eta galduta ibiltzen direla diozu, eta Adegiren foroa haiei babesa emateko sortu dela. Nola?

Gure proposamena da ekintzaileak gure foroko kide izatea lehenik, behin proiektu berri bat egiten hasten denean gabeziak nonahi azaltzen direlako. Sentsazioa da zaldun bakartiarena; «Baina zertan ari zara?», entzuten dute sarritan etxean eta lagun artean. Gu tribu bat sortu nahian gabiltza, ekintzaile batek bera bezalako jendea ikus dezan, agian bera baino egoera okerragoan dagoena. Hemen jaso dezakeen informazioa —merkatuen eta egin beharreko urratsen inguruan— nekez jasoko du beste inon, eta esperientziak ezagutzea oinarrizkoa da ideia aurrera atera dadin.

Eskolak eskaintzen dituzue?

Ez; hain zuzen, kontzeptu horretatik oso urrun egon nahi dugu. Ekinez ikastea proposatzen dugu foroan, besteen proiektuak bere testuinguruan ezagututa zuzenean, eta haien laguntza jasota.

Zer-nolako enpresak daude Adegiren Ekintzaileen Foroan?

Denetarik dago, askotariko sektorekoak eta izaera oso desberdinekoak. Batzen dituena da ekintzailetza, bere garaian ideia bat edo negoziorako tarte bat ikusita aurrera egin zutela. Hamar urte pasatu eta gero, ekintzailetzaren aroa pasatu dela jotzen dugu, eta ordurako gehienak enpresa txiki edo ertain dira, egonkorrak.

Ekintzaileak elkarren ondoan jarri eta informazioa trukatzean ideia berriak sortzeko «txinpartak» eragiten direla diozu. Nola da hori?

Ekintzaile guztiak bezeroen bila dabiltza hastapen aroan, merkatua arakatzen; bada proiektu desberdinak konpartitzen direnean ideia berriak sortzen dira, txinpartak, batek besteari proposa diezaiokeelako elkarlana merkatura hobeto iristeko, beste modu batera agian, jatorrizko proiektuak jasotzen ez zuen modu batez alegia. Ekintzaileen arrakastaren aukerak handitzea da helburua azken finean.

Batzuek diotenez, behar bezain azkar sortzeko gai ez den lan merkatuaren gabeziak estaltzeko baliatzen da ekintzailetza enplegua. Zer diozu?

Hitz hutsaletatik haratago gabiltzala foroan, ondorio praktikoak bilatu nahian, eraginkortasunaren bila beti. Ekintzailetza burbuilaz hitz egiten da, egia da, baina hemen protagonistak ekintzaileak dira, gu seguru gaude, eta haien zerbitzura jartzen gara, proiektuak errazteko eta, azken batean, enplegua sortzeko. Ekintzailearen kultura sustatzea ezinbestekoa dela uste dugu.

Nola gara ditzakete harremanak, adibidez, energiaren kontsumo arduratsuarekin lotutako proiektuak, Goienerrek, eta Grapheneak, muturreko teknologia garatzen duen enpresa batek?

Ba, egia da oso proiektu askotarikoak daudela ekintzaileen foroan, erabat desberdinak batzuetan, eta ezaguna da hiru gipuzkoar elkartzean lau iritzi azaltzen direla, baina ikuspegi komunarekin ari gara, proiektu guztiak lotzen dituzte aldagaiak aurrean jarrita, eta emaitza oso interesgarria da, oso aberasgarria.

Lobby-tzat jo behar da Adegiren Ekintzaileen Foroa?

Ez, ez gara lobby klasikoa, baina administrazioekin harremanetan jarri gara, eta esan diegu jakintza eta esperientzia handia daukagula pilaturik ekintzailetzaren alorrean, eta hori guztia erabil dezaketela beraiek dituzten ideiak osatzeko eta zabaltzeko. Nolabait, tresna garela badakigu, eta ekintzailetzaren laborategian gure eskarmentua erabil dezaketela ere bai. Lobby kontzeptuaren alde positibo horretatik nahi baduzu, horrela jarduten dugu. Gipuzkoako ekintzailetzaren argazkia erakusten ari gatzaizkie azken finean, eta argazki hori erabiltzeko dei egiten diegu, ekintzaileek dituzten oztopoak arintzeko.

Enplegua lehenbailehen behar da egungo egoeran; zer-nolako ekarpena egin dezake ekintzailetzak?

Enpresak ez dira betiko. Batzuk helduegiak direlako eta kontsumo zikloak aldatzen direlako lehiakor izateari utzi eta itxi egiten dira. Enpresa berriek espazio berriak bete behar dituzte, aukera berriak eskuratu, erreleboa egon dadin. Errelebo hori ez balego, hondamendia litzateke, eta hor rol garrantzitsua jokatzen du ekintzailetzak. Haren bidez sortutako enplegua ez da XX. mendean sortu zen neurrikoa, kopuruari begira, baina beste abantaila batzuk ditu. Nor bere kabuz has daiteke lan merkatuan beste batek eskaintza egingo ote dion zain egon gabe, eta gero, hirugarren batek kontrata dezake lortutako eskarmentuari esker. Bide anitzak daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Landaben barruan, txapa tailerrean, ekoizten ari diren ibilgailuetako baten egitura. ©VW NAVARRA /

IRUÑEAN, ARGINDAR KONEXIOAREN ZAIN

Joxerra Senar

Ekain amaieran, bat-batean, VWek kargutik kendu zuen Emilio Saenz, eta mugimenduak kezka eragin du. Haatik, haren ordezkoaren soslaia seinale ona izan daiteke. Taldeko produkzio buru izana da Markus Haupt, eta haren helburua da Landaben auto elektrikoaren «eraldaketaren parte» izatea.

 ©Ekhilur kooperatiba

Ekhilur ordaintzeko sistema probatzen dabiltza Bilbon

Peru Azpillaga Diez - Bizkaiko Hitza

Zazpikaleetan jarri du martxan Ekhilur kooperatibak bere ordaintzeko sistema. Urtebeteko proba saioa izango da. Etorkizunean beste udalerri batzuetara hedatzea espero dute.

Nafarroan jada eska daitezke auto elektrikoa erosteko laguntza publikoak

Nafarroan jada eska daitezke auto elektrikoa erosteko laguntza publikoak

Iker Aranburu

Herritarrek zazpi mila eurotik gora jasoko dute auto zaharra txatarrera botaz gero. Ibilgailu elektrikoen salerosketa bikoiztu egin da aurten

Iruñeko Alde Zaharreko taberna baten barrualdea, maiatzaren 17an. Aste horretan baimendu zuten barruan kontsumitu ahal izatea. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Familiek eta industriak bultzatuta, Nafarroako ekonomia %2,6 hazi da

Joxerra Senar

Iazko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, BPGa %18,5 handitu da urtebetean. Pandemiari aurre egiteko neurri gogorrenak leundu izanak eragina izan du jarduera ekonomikoan eta barne kontsumoan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna