Bardea blindatu dute

Beste hamar urterako luzatu dute tiro eremuaren kontratua. Herenegun hasi zituzten ariketak
Espainiako armadaren hegazkin bat, Nafarroako Bardean, 2017ko otsailean.
Espainiako armadaren hegazkin bat, Nafarroako Bardean, 2017ko otsailean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Jokin Sagarzazu -

2019ko otsailak 17
Herenegun berriz entzun ziren gerra hegazkinak Nafarroako Bardean. Militarrek asteazkenean hasi behar zituzten ariketak benetako munizioarekin, eta bonbak jaurtiz, baina bertan behera utzi zituzten asteazkenerako eta ostegunerako deitutakoak. Ostiral goizean irten ziren hegazkinak, baina lehergailuen hotsik ez zen entzun inguruan. Iaz, gutxienez, bost alditan jaurti zituzten bonbak. Saio horiek, halere, oso gutxitan jakinarazten dituzte aurretik, hori egitera behartuta dauden arren, inguruko segurtasuna bermatzeko, besteak beste. Tiro eremuaren aurkako plataformako kideek salatu dutenez, «ia egunero» egiten dituzte era bateko edo besteko maniobrak. Hurrengoa biharko dute iragarria.

Aurten eginiko lehenengoak dira egunotakoak. Espainiako Gobernuak azpiegitura hori desegiteko aukera zuen abenduaren 31 baino lehen. Baina ez du hala egin, eta, urtarrilaren 1arekin batera, modu automatikoan berritu du hango erakundeekin duen hitzarmena. Beste hamar urtez.

2008an sinatu zuten Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiak eta Espainiako Defentsa Ministerioak. Hogei urterako egin arren, handik hamar urtera bertan behera utz zezaketen, baina Madrilek blindatua zuen erabakia. Hark du azken hitza. Kontratuan idatzita dagoenez, soilik eten dezakete Espainiako Gobernua eta Bardeako Komunitatea ados jarriz gero, edo Defentsa Ministerioak hala nahi badu. Alegia, lur eremu hori militarrena izango da datozen hamar urteetarako, gutxienez.

Pedro Sanchezen gobernuak erabaki du tiro eremuarekin jarraitzea. Akordioa sinatu zutenean ere sozialistak zeuden Madrilgo gobernuan; argudiatu zuten ez zutela beste lurrik ariketa militar horiek egiteko, eta azpimarratu zuten Jose Maria Aznarren agintaldian (PP) onartutako dekretu bat dela-eta defentsa nazionalerako intereserako izendapena jaso zuela leku horrek. Bardeako Komunitateko orduko presidente Jose Antonio Gaiarrek (UPN) batzarreko kideei ohartarazi zien desjabetze baterako lehen urratsa izan zitekeela hori, eta lur horiek betiko galdu ala dirua irabazi, bi aukera horiek baino ez zituztela. Ontzat eman zuten akordioa: trukean, 210 milioi euro hogei urteko alokairuagatik.

«Odolez zikindutako dirua»

Luzapenarekin, aldaketa bakarra izango da Bardeako erakundeek jasoko duten ordainaren kopurua: bikoiztu egingo da. 2008tik, urtean zazpi milioi euro jaso dute; aurrerantzean, hamalau. Bardeako Komunitatea 22 erakundek osatzen dute: hemeretzi udalerrik, Erronkariko eta Zaraitzuko ibarrek, eta Olivako monasterioko monjeek. Haiek denak dira lur eremuaren jabeak. Haientzat diru iturri garrantzitsua da militarrena: bakoitzak urtean 108.000 euro inguru jasotzen ditu.

Bardeak Libre plataformak tiro eremuaren aurkako hainbat talde biltzen ditu. Gogor egin zuen kontratua berritu zutenean, eta berdin mintzatu da luzapenaren aurka. Salatu du «odolez zikindutako dirua» jasotzen dutela erakundeek, eta horri uko egiteko eskatu die «aldaketaren aldeko udalei»; edota, udal talde batzuek proposatu duten moduan, diru hori erabiltzeko gerra errefuxiatuak laguntzeko. Era berean, talde horiek hainbatetan galdegin dute «herritarrei hitza ematea», baina eskaera hori ez da maila instituzionalera iritsi. Iazko azaroan, poligonoa desegitearen alde azaldu zen Nafarroako Parlamentua; UPNk, PPk eta PSNk kontra egin zuten.

1951. urtetik dago martxan tiro eremua. Egun, Espainiako aire armadak duen bakarra da, eta NATOkoek ere erabiltzen dute. Bardeako ia 40.000 hektareetatik 2.222 hartzen ditu. 1999ko foru lege baten arabera, eremu babestua da; urte bat geroago, NBE Nazio Batuen Erakundeak biosferaren erreserba izendatu zuen.

1968tik, 21 militar hil dira han. 1979ko ekainaren 3an, Gladys del Estal ekintzaile ekologista hil zuen guardia zibil batek, tiroz, Bardeako tiro eremuaren eta Lemoizen egiten ari ziren zentral nuklearraren aurka Tuteran egin zuten ekitaldi batean. Azkenengo urtean ere izan dira ezbeharrak. 2015eko martxoan, auto batetik 50 metrora bi bonba jausi ziren, tiro eremutik kanpo. Ez zuen inor kaltetu. Urte bereko uztailean, autoan zihoan lagun bat zauritu zuten su arma batekin; hura ere militarren lurretik at zegoen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna