Koronabirusa

Positiboen kopuruak mila kasuren langa gainditu du Hegoaldean

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 1.030 positibo atzeman zituzten. Araban eta Bizkaian egin dute gora kutsatuen zifrek

Joan den urriko argazki bat: jendea Iruñean paseatzen, tartean osasun langile bat. IÑIGO URIZ / FOKU.
Erredakzioa
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Positiboen kopurua milakotik hurbil egon da azken egunetan, eta, azkenean, atzo igaro zuen langa. Bezperan baino test gutxiago egin zituzten, eta positibo gehiago atzeman; beraz, positibo tasa nabarmen igo da, puntu oso bat baino gehiago. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 14.180 proba egin dituzte —bezperan baino ia 2.000 gutxiago—, eta 1.030 positibo detektatu —32 gehiago—.Herrialdeka, Araban eta, batez ere, Bizkaian sumatu dira igoerarik nabarmenenak: Araban, 112 positibo atzeman dituzte (aurreko egunean baino 12 gehiago); eta Bizkaian, 479 (67 gehiago). Gipuzkoan, 228 (bezperan baino 11 gutxiago); eta Nafarroan, 195 (43 gutxiago).

Azken bi hilabeteetako daturik txarrenak dira aipaturikoak. Azaroaren 21ean gainditu zen mila positiboren langa azkenekoz. Orduan, 1.001 kasu atzeman ziren, baina orduko egoera eta egungoa ez dira alderagarriak: azaroko azken asteetan, beheranzko joeran zen bigarren olatua, eta kasu gutxiago atzematen ziren egunetik egunera. Orain, egoera kontrakoa da. Izan ere, igoera ez da egun batetik besterakoa soilik. Transmisio kurbaren goranzko joera argia da 14 eguneko datu metatuei dagokionez ere. Hala, azken bi asteotan egunero atzemandako positiboen batezbestekoa 774,64 izan zen atzo. Alegia, jasotako kopururik handiena abenduaren 1etik.

Oraingoz, transmisioaren hazkundeak ez du arazo handirik eragin osasun sistema publikoan, baina presioa egunetik egunera ari da handitzen: atzo, 83 pertsona ospitaleratu zituzten Hegoaldean COVID-19aren eraginez; daturik txarrena azaroaren 27az geroztik. Egun, 468 paziente ari dira artatzen erietxeetako geletan, eta 101, berriz, zainketa intentsiboetako unitateetan. Kopuruak gorantz doaz Eguberriez geroztik.

Neurri «malguagorik» ez

Datuek okerrera egin badute ere, Gipuzkoan eta Nafarroan behera egin dute kutsatuen kasuek, eta, hain justu, Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak hitz egin du pandemiaren egungo bilakaerari buruz. Egoera «kezkagarria» dela esan du, baina beste lurralde batzuekin alderatuta «egoera hobean» daudela oroitarazi du. Besteak beste, aipatu du positiboak gutxitzea lotuta dagoela Gabonetan neurri «malguagoak» hartu ez izanarekin.

Aitortu du, ordea, Eguberrietan harreman sozial gehiago egon direla, eta gizartearen sektore «txiki bat erlaxatu» egin dela. Edonola ere, goraipatu du nafar gehienek arauak onartu dituztela eta Gabonak ospatzeko modu berrira egokitu direla.

Datuek behera egin arren, Indurainek ez du baztertu neurri gogorragoak hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.