urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Kobani

2014ko urriaren 11
00:00
Entzun
Arbilen, Irakeko Kurdistango Parlamentuko sarreran, badago plaka berezi bat: Eusko Legebiltzarraren sinadura darama. «Zuek izan zineten hona iristen lehenak», esan zidaten, «oraindik Saddam agintean zela». Gasteizko zenbait legebiltzarkidek hala berretsi zidaten, Siriatik sartu zirela 90eko hamarkadaren amaieran, Tigris ibaia klandestinoki igarota.

Duela bost urte iritsi nintzen lehen aldiz Kandilera, mugimendu kurduaren gerrillarekin elkarrizketa egitera. Hiru mila metroko mendien magalean, borda txiki baten eman genuen gaua zenbait lagunek. Goizean, emakumez osatutako komandoa jaitsi zen menditik. Ronahi Ahmed izeneko gerrillaria zuten buru. Sirian jaiotako kurdua da. PKKren mendietan ziren borrokalarien herenak, Turkiaren zein Iranen aurka orduko hartan, Sirian jaioak ziren. Haiek osatu zituzten, handik gutxira, Rojava (Kurdistan mendebaldea, Siriaren mendekoa) bere gain hartuko zuten YPG Herri Babeserako miliziak, PYD Batasun Demokratikoko alderdiaren baitan. Abdullah Ocalanek sortutako mugimenduak aspaldi ikusi zuen argi: ez dago askapen nazionalik ohitura tribalei lotuta jarraituz gero; feudalismoa apurtzeko ezinbesteko da emakumearen askatasuna.

Gaur Rojavan gutxienak dira menditik etorriak. Herri eta auzuneetatik, Kurdistango gainontzeko aldeetatik, milaka militante sartu dira YPGn. Baita kurduak ez diren hainbat miliziano ere, asiriar kristauetatik arabiar musulman eta yezidi kurduetara. Estatu Batuek armatutako pexmerga indarrak (Hegoaldeko Kurdistangoak) Sinjar menditik ihesi joan zirenean, YPGko gerrillariak etorri ziren. Haiek irekitako korridoreak salbatu zituen milaka jazidi, beste ezerk baino gehiago.

2012an Rojava askatu zutenetik, argi izan zuten bertako biztanle guztientzako herrialdea eratu behar zutela. Asiriera ofizial izendatu zuten. Hauteskundeak deitu. Ikastolak ireki: lehen aldiz 1930eko hamarkadatik, kurduerazko irakaskuntza egon da bi ikasturtetan. Botere politikotik eremu militarrera, genero ikuspegia nagusitu da. Gerra piztu baino hil batzuk lehenago Qamixloko etxean hartu ninduen Taha Khalil poetak. Helepce izeneko alaba nerabea zeukan. Helepce, Halabja kurdueraz. Rojavako iraultzarekin, Kurdistan libre hartako administrazioan ziharduen Helepcek lanean, beste milaka emakumek legez. Martxoan hil zuten Qamixlon jarritako bonba-auto batean. Siriako hainbat idazlek Helepceren argazki irribarretsua dauka oraindik Facebookeko profilean.

Sasoi hartan, duela urte erdi, Euskal Herria bisitatu zuen Salih Muslim PYDko buruak. Hark ere semea galdu berri zuen, Kobani inguruan borrokan (azken setioa baino lehen, ISISeko hainbat eraso izan dira iazko udatik). Lehen ere ibili zen Europan Muslim, diaspora kurduak indarra daukan lekuetan: Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan, Eskandinavian, Belgikan… salbuespena, Euskal Herria, ia ez baitago komunitate kurdurik gurean, hiriburuetan bizi diren zenbait familia salbu. Eta hala ere, berebiziko interesa agertu zuen gurera etortzeko, gure herria, erakundeak zein alderdiak ezagutzeko.

Eusko Legebiltzarrean alderdi guztien elkartasuna jaso zuen, beste horrenbeste Nafarroakoan. Andoni Ortuzarrek eta EAJko nazioarteko arduradunek beso zabalik hartu zuten Sabin Etxean, eta Sortuko buruzagiekin ere bilera izan zen Donostian. Ez da gurean interesa izan duen kurdu bakarra. Behin eta berriz galdetu izan digute ikastolen esperientziari buruz. Ipar Kurdistango udalak Euskal Herrira begira daude aspaldi, bai herriz herriko hitzarmenak egiteko, bai Udalbiltzarekin batera lan egiteko. Halaxe bisitatu gintuzten iazko ekainean, bidenabar Hernani Semdinlirekin senidetzeko. Hala etorri zen Dersimgo alkatea Gernikako bonbardaketaren urteurrenean.

Orain, Kobanirenak egin duela dirudien honetan, amorrua da nagusi han eta hemen. Turkia eta Ipar Kurdistan surtan dira, lerrook idazterako ia 40 lagun hil dituzte protestatan. Hakan Buksur izan zen lehena, Varto herrian.Loiolako Hegiak turkierara itzuli zuen Irfan Gulerren lehengusua zen. Nazioartea deitzen dugun horren pasibotasuna salatzen dute kurduek, eta etxera begiratu beharra daukat. Uda osoan zenbat elkarretaratze eta protesta egin dira Gazako bonbardaketen aurka? Eta une berean gertatutako Sinjalgo genozidioagatik? Eta oraindik sexu esklabo egindako milaka emakumeengatik? Bi elkarretaratze Bilbon egunotan, Baionan beste bat duela hilabete. Horixe Kobaniren eta Kurdistanen alde joan deneko hiletan Euskal Herrian antolaturiko ekitaldi bakarra. Ezker abertzaletik bizpahiru ohar. EAJk hori ere ez, nik dakidala, Kurdistango Gobernuarekin harreman bikaina izan arren (Madrilen daukaten ordezkariarekin hitzarmena bideratu zuten Athleticek eta Halabjako futbol taldearen arteko elkarlana sustatzeko).

Udalbiltza gonbidatu berezia izan da berriki Diyarbakirren. Euskarari buruzko esperientzia beti izan dute inspirazio iturri. Turkian hamar mila kurdu espetxean egoteak ezinbestean ekarri du euskal preso politikoekiko elkartasuna. Ez ote genuen gehiago egiterik? Adierazpen instituzionalen bat? Dozena erdi parlamentarioren elkartasun bisita bat mugaldera?

Munduari elkartasuna eta armak eskatu dizkiote kurduek. Euskaldunokin bestelako zerbait gura izan dute beti, hizkuntza eta nortasuna debekatua izateak dakarren konplizitatetik. Latinoamerikan eta arabiar herrietan ez dakite zer den debekatutako hizkuntza txiki batean bizitzea. Baina elkarte euskaltzaleak, feministak, internazionalistak, alderdiak, erakundeak, sindikatuak (ai, Igor Urrutikoetxea gure artean balego), beste norabait begira egon dira. Armak nonahi eskura litezke. Euskal Herriak beste zerbait eman diezaioke Kurdistani. Horretarako borondaterik baldin badauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.