Rohani: «Soleimaniren hilketak eskualde osoan izango ditu ondorioak»

Bagdadeko 'eremu berdera' misilak jaurti dituzte milizia xiitek. Irakeko Parlamentua AEBetako tropak erretiratzeko saioa egitekoa da gaur

Qassem Soleimaniren gorpua daraman autoa, Bagdaden. Milaka lagun elkartu ziren agurra ematera. MURTAJA LATEEF / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Qassem Soleimaniren heriotzak zer-nolako zurrunbiloa eragingo duen asmatzea zaila bada ere, aski da haren hilketak izan duen oihartzuna ikustea jabetzeko nazioarteko geopolitika aro berri baten atarian dagoela. Iranen hiru eguneko dolua ezarri dute. Irango Guardia Iraultzaileko jeneralaren gorpua gaur iritsiko da herrialdera. Kerman jaioterrian emango diote lur asteartean, eta bihar egingo dute haren aldeko estatu hileta, Teheranen. Ali Khamenei aiatola nagusiak zuzenduko du azken agurra, eta, iragarri duenez, «haren heriotzak ez du haren misioa etengo». Soleimaniren senideekin elkartu zen herenegun errepublika islamikoko agintari gorena, eta hitzeman zien «mendekua itzela» izango dela: «Soleimani martiria erresistentziaren ikur bat da nazioartean, eta orain erresistentzian ari diren kide guztiak daude hilketa mendekatzeko prest».

Hassan Rohani presidentea atzo joan zen jeneralarena zen etxera, eta, aiatolak bezala, mendekuaz mintzatu zen. Irango «nazioaren kontrako krimena» ez dutela inoiz ahaztuko ohartarazi zuen: «Ameriketako Estatu Batuak ez dira ohartu egin duten akatsaz: hutsegite honen ondorioak eskualde osoan ikusiko dituzte, eta ez soilik orain, datozen urteetan ere ikusiko dituzte».

Galdera orain da zer-nolako erantzuna emango duen errepublika islamikoak: azkar batean gerra ireki bat abiatuko ote duen, edo, analista gehienek aurreratzen duten bezala, epe luzerako estrategia bat zuzenduko duen, aliatu dituen estatuetan okupazio indarren kontra egiteko. Soleimanik berak errepublika islamikoa babesteko sare politiko eta militarra eratu zuen, milizia xiitak tarteko, eta erresistentzia hari luze horren hedadura ikusi baino ez da egin behar jeneralaren itzala neurtzeko. Kabuletik Beirutera; Iranek Libano, Siria, Yemen, Pakistan, Afganistanen zabaldu du ardatz xiita, eta milizia horietako batzuk jada mendekua iragarri dute. Washingtonek eta Teheranek Ekialde Hurbileko hegemonia izateko borrokan ari dira, deklaratu gabeko gerra batean, eta talka behinolatik badator ere, iraultza islamikotik, azken hilabeteotan zabaldu egin da bi potentzien arteko arrakala.

«Kalkulu okerra»

Mohamad Yavad Zarif Irango Atzerri ministroaren adierazpenak profeziazko hitzak bilakatu daitezke. Donald Trumpek «kalkulu okerra» egin duela uste du diplomaziaren buruak, haren hitzetan jeneralaren hilketak okupazio indarrak eskualdetik erretiratzea ekarriko duelako: «Trumpek hauteskundeetan pentsatzen egin zuen krimena, baina engainatu egin zuten ekintza arriskutsu hau aurrera eramatera aholkatu zutenek». Nazio Batuen Erakundean «gerra ekintzatzat» jo zuen hilketa.

Zarifen iritzia ez da hutsala. Irakeko Parlamentua gaurda AEBetako tropak erretiratzearen aldeko eztabaida egitekoa, eta, aurreikusi daitekeenez, gehiengo diren 188 diputatu xiitek babestuko dute neurria. Teheranek Bagdaden duen eragina sendotu egingo litzateke horrela.

AEBek 2003an okupatu zuten Irak, eta xiiten eta suniten arteko zatiketa eragin zuen gerraren ostean, 2011n erretiratu zituen soldaduak. Estatu Islamikoaren sorrerarekin, muturreko islamistek herrialdearen heren bat bereganatua zutenean, berriz eraman zituen soldaduak, 2014an. Bagdadek borroka horretan babesa izateko akordioa sinatu zuen Washingtonekin. Ordutik AEBetako 5.200 militar zeuden herrialdean, harik eta aurreko asteetan beste 750 eraman zituzten arte. Pentagonoak iragarri berri du Ekialde Hurbilean beste 3.500 soldadu zabaldu nahi dituela. Israel eta Saudi Arabia dira haren aliatu nagusiak.

Agurra Bagdaden

Iraken, berriz, haserre handia eragin du herenegun goizaldeko eraso selektiboak. Washingtonek Bagdadeko aireportuaren kanpoaldean zegoela bonbardatu zuen Soleimani. Harekin batera beste zortzi lagun hil zituzten, goi militar irandar eta irakiarrak, eta haietako batzuen aldeko hiletak egin zituzten atzo Bagdaden. Soleimaniri azken agurra emateko ere milaka lagun elkartu ziren hiriburuan: AEBen kontrako oihuak eta hilketa mendekatzeko aldarriak egin zituzten. Irakeko agintariek herrialdearen subiranotasuna urratu izana egotzi diote Washingtoni. Umiliagarritzat jo dute ekintza, baina badira errepublika islamikoak herrialdean duen presentziaren aurrean kezka agertu dutenak ere —Tahrir plazan protesta etengabeak egin dituzte horregatik azkenaldian—.

Iluntzean, giroa tenkatu egin zen. Bagdadeko eremu berdera misilakjaurti zituzten milizia xiitek, nazioarteko tropak babestuta dauden auzora, hala nola hiriburuaren iparraldean dagoen base militarrera, Al-Baladera.

Donald Trumpek, berriz, nazioarteko hainbat agintarik gerrapizteko kezka azaldu ostean, prentsaurrekoa eman zuen herenegun gauean zehazteko bere asmoa «gerra geldiaraztea» zela, «ez gerra abiaraztea»: «Ez dugu erregimen aldaketa bat nahi, baina amaitu egin behar dira erregimenak eskualdean egin dituen erasoak». Hala ere, esan zuen Soleimani «duela urte asko» hil behar zutela, «milioika pertsonaren heriotzaren erantzule zuzena nahiz zeharkakoa» izan zelako. Mike Pompeo Estatu idazkaria saiatu zen presidentearen mezua leuntzen, eta tentsioa baretzeko asmoa agertu zien nazioarteko hainbat agintariri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.