Ospedunari itzal egin nahian

Gaur abiatuko dute emakumezkoen Frantziako Tourra, Parisen. Zortzi etapa jokatuko dituzte

Movistarreko Annemiek Van Vleuten da aurtengo Frantziako Tourra irabazteko faborito nagusia. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Bat amaituko den tokian hasiko da bestea. Hori egiten du itzalak, eta gauza bera egingo du emakumezkoen Frantziako Tourrak. Gizonezkoen lasterketa bukatuko den egun eta toki berean abiatuko da andreena. Ospea eta ponperia dituen lasterketari itzal egin nahi dio. Lehendabiziko etapa Parisen jokatuko da osoki. Eliseoko Zelaietan amaituko da; Jonas Vingegaardek gizonezkoen elastiko horia jantziko duen tokian bertan.Bi probak lotu dituzte gisa horretara.

Ordea, emakumezkoek berenibilbide propioa osatuko dute datozen egunetan. Laburra izango da lasterketa: zortzi egunekoa, hain zuzen ere. Gaur hasi eta datorren igandean amaituko da, 1.033, 6 kilometro egingo dituzte txirrindulariek, eta lasterketa Frantziako ipar-ekialdean jokatuko da.

Tourreko ibilbideak gogortzera egingo du pixkanaka. Hasi, ordekan hasiko da, lauak izango baitira lehen egunetako ibilbideak. Aldiz, asteak aurrera egin ahala, gogortzera egingo du lehiak, maila ertaineko mendateetan barrena. Azken bi jardunaldietan lehen mailako mendateak igoko dituzte. Hain justu, Tourrak La Super Planche des Belles Filles mendatetzarrean (7 kilometro, %8,7ko pendiza) izango du amaiera, gaur zortzi.

Azken etapa horiek gako izango dira garailea erabakitzeko garaian. Hautagaien artean Annemiek Van Vleuten (Movistar) dago gorengo koskan. Herbehereetakoa aise ari da azkenaldian, eta Italiako Giroa irabazi du berriki. Harekin, hautagaien zakuan egon nahi dute Jumbo Vismako Marianne Vosek—Herbehereetakoa da hura ere—, Mavi Garcia kataluniarrak (UAE), etaElisa Longo,Elisa Balsamo (Trek-Segafredo) eta Marta Cavalli (FDJ-Suez) italiarrek.

Santesteban bakarrik

Sailkapeneko lehen postuetan egon daitezke, halaber, Balsamoren taldekide Ellen Van Dijk herbeheretarra eta Lotte Kopecky. Azken horrek (SD-Worx) gaztetasunaren grina baliatu nahiko du onenen artean sartzeko. Txirrindulariei dagokienez, Ane Santesteban (Bike Exchange) izango da euskal ordezkari bakarra; taldeen sailean, Movistar. COVID-19a tarteko, Santestebanek ezin izan zuen Giroan parte hartu, eta arantza kendu nahiko du. Izan ere, denboraldi txukuna egiten ari zen.

Frantziako Tourrak eredu berria abiatuko du aurten. Orain artean jarraitutasun gutxi izan eta gero, lasterketa finkatzea da ASOko antolatzaileen xedea. Historian zehar gorabehera eta eten asko izan ditu probak. Lasterketa moldeak aldatu egin dira urteetan, zeresanik ez etapa kopurua, eta baita parte hartzaileen mailak ere, amateurretatik hasi eta profesionaletaraino.

1955ean jokatu zen estreinako aldiz. Alabaina, 1984ra arte ez zen bigarren aldirik jokatu; bost urte segidan egin zituzten. Ordutik eta 2009ra arte izen eta egokiera ezberdinetan aritu ostean —tartean, Joane Somarribak irabazitako hiru aldietan—, lasterketak geldialdia izan zuen berriz.

Harik eta 2014an berriz abiatu den arte. Azken urteetan, egun bakarreko proba gisa jokatu da, gizonezkoen jardunaldi baten barruan. Tourrak aro berri baten hasiera du gaur, 82 kilometroko etapa batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.