KRITIKA. Donostiako Musika Hamabostaldia

Utzi haurrei haurrena egiten

Errealitatea eta alegiazko munduak nahasten dira Itsasotik ikuskizunean. DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA.
2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun

'Itsasotik'

Parte hartzaileak: Easo Eskolania eta Easo Gazte (Enola Arruebarrena zuzendari), Laredoko Aila Eskolania (Samara Oruña zuzendari). Proiektuaren zuzendaria: Gorka Miranda. Zuzendaritza artistikoa eta eszenikoa: Mafalda Saloio. Musika-zuzendaritza eta pianoa: David de Oliveira. Bakarlariak: Lorea Lopez (itsas neska), Urko Irigoien (izar konpontzailea), Ines Legarda eta Iraide Urbistondo (txoriak), Enara Lardizabal, Alain Sanchez eta Ainhoa Tabuyo (narratzaileak). Egitaraua: R. Calmelen Les chants de la mer obraren egokitzapena. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Abuztuak 8.

Ez da lehen aldia Easo abesbatzak haurren opera bat garatzen duena Musika Hamabostaldian: 2020an, pandemia hasi berritan, Árbolaré estreinatu zuten Tabakaleran; eta iaz, Hirira proiektua aurkeztu zuten Viktoria Eugenian, parte hartze prozesu luze baten ondoren. Aurten, Itsasotik ikuskizuna taularatu dute, kostaldea eta lurra lotzen dituen soka. Opera hitza da egokiena hura definitzeko: antzerkia, dantza, musika eta ahotsa batzen dituen artelana da, errezitatuak, ariak, duoak eta abesbatza zatiak barne hartuz. Badakit zertaz ari naizen, nik neuk moldatu baititut istorio horren hitzak. Ez naiz, bada, objektiboa izango. Are hobeto.

Viktoria Eugenia antzokiak sare zaharrez jantzita hartu zituen bisitariak, etorriko zenaren aurrerapen gisa; agertokian, ur kolorez argiztatua, paper birrinduz osatutako mendi bat eta haurrak igerian. Obra osoan gertatzen da: plastiko zahar bat protagonista irensten duen arraina bihur daiteke, orriak hegaka dabiltza txorien modura, eta sareak dira esekiduran dauden algak. Mafalda Saloiok ongi daki amets irudiekin jolasten, baita errealitatea eta alegiazko munduak nahasten ere. Gaiak ahalbidetzen du, metaforaz jositako kondaira bat baita. Itsasoa dago erdigunean, sinbologiaz betetako masa amaigabe hori: lurra banatu egiten du, eta bizitza bildu.

Tartean, taula bere egin zuten haur eta gazteak: Lorea Lopez sopranoak ñabarduraz eta emozioz bete zuen itsas neskaren rola; Urko Irigoienek berebiziko xarma erantsi zion izar konpontzaileari; eta narratzaileek txundituta eraman zuten publikoa eszena batetik bestera. Arrakasta David de Oliveirak pianotik egin zuen gidaritza adeitsuari ere zor zaio.

Inork eskatu ez didan aholku bat, nahi duenak hartu dezan. Haurrei gauza ugari kontatu eta eskatu dakizkieke, eta, halaber, asko eskaini eta sortu dezakete horretarako aukera ematen baldin bazaie. Ez da askorik behar: entzun, hitz egin, askatu, gidatu. Hitz ezezagunak erabili, ulertezina dena mahai gainean jarri. Harridurarik gabe ez baitago galderarik, eta galderarik ez dagoen tokian oso ilun dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.