Bihar zapore hobea izango du

Bidasoak ez du golik sartu azken bost minutuetan, eta 30na berdindu du Sportingen pistan. Bera Berak 30-35 galdu du Brasoven, eta aldapa gora jarri zaio EHF Kopako kanporaketa

Rodrigo Salinas Bidasoa taldeko jokalaria atera jaurtitzen, Txapeldunen Ligako partida batean. GORKA ESTRADA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Bidasoari puntu batek egin zion ihes atzo Lisboan. Gauzak diren bezala esan behar dira. Hutsune askorekin bidaiatu arren, Irungo taldeak partida handia egin zuen, eta 30na berdindu zuen Txapeldunen Ligako bere multzoko pista zailenetako batean. Partida bukatzeko bost minutu falta zirela, baina, hiru golen errenta zuen (27-30), eta azken txanpa horretan lana borobiltzea falta izan zitzaion. Ez zuen golik sartu, presioarengatik agian, eta ez zuen asmatu Sportingen erasoa gelditzen. Tira, azken defentsan asmatu zuen, etxekoek partida irabazteko jabetza izan zutelako.

Irabaztea kanporaketetaranzko pauso erraldoia zatekeen, eta, garaipena gertu izan bazuten ere, Bidasoa taldekoek ospatu egin zuten puntua. Emaitza ona da, eta are zapore hobea izango du bihar, egoeren analisiak hotzean egin behar baitira. Sporting aurkari zuzena da, eta haren pistara De la Salud, Barthe eta Odriozola gabe joan ondoren handik bizirik irtetea poztekoa da. Horrek, era berean, bolada luzatzea dakar, Bidasoak oraindik ez baitu partidarik galdu Txapeldunen Ligan.

Partidari dagokionez, estua eta gogorra izan zen. Bidasoak hobeto ekin zion, eta errenta politak izan zituen lehen zatian (4-7, 10. min, eta 10-15, 20. min.). Salinas anaiek hartu zuten ardura erasoan. Sportingek, baina, erreakzionatu egin zuen, eta 16-17 gerturatu zen atsedenaldira. Bigarren zatiaren hasieran, defentsak gailendu ziren. Sportingek egurra banatu zuen, baina Bidasoak aurkitu zituen zirrikituak, eta hiru golen errenta lortu zuen Caverok jarraian sarturiko hiru goli esker (27-30. 55. min.). Irabazteko aukera eskura zuen, baina argia itzali zitzaion azken txanpan. Rodrigo Salinas izan zen Bidasoaren golegile nagusia, zortzi sartuta.

Bera Berak lan zaila du

Bera Berak ere Europako partida jokatu zuen atzo, EHF Kopako bigarren kanporaketan. 35-30 galdu zuen Corona Brasoven pistan (Errumania), eta, hurrengo asteburuan, balentria egin beharko du etxean aurrera egiteko. Bera Berak, halere, lehen zati ona egin zuen. 13-14 aurretik jarri zen, eta 16-17 galtzen iritsi zen atsedenaldira. Aurre egin zion Brasovi, baina bigarren zatian etxekoek gaina hartu zuten. Bost golen errenta lortu (28-23, 45.min), eta ondo kudeatu zuten azken ordu laurdenean. Cardosok (zazpi gol) gidatu zuen taldearen erasoa.

Europako partidez gain, etxeko ligetakoak era jokatu zituzten Anaitasunak eta Zuazok. Asobalen, Anaitasunak 30-26 galdu zuen Huesca azken sailkatuaren pistan. Iruñeko taldea hamabigarren da orain. Zuazok, aldiz, denboraldiko lehen garaipena lortu, eta arnasa hartu zuen. 28-26 gailendu zitzaion Aula Culturali, eta jaitsiera postuetatik irten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.