Frantziako Tourra

Arantza atera du

Wout van Aertek irabazi du Frantziako Tourreko zortzigarren etapa. Tadej Pogacarrek lehen postua sendotu du, gainsariei esker

Arantza atera du.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
«Huts egin diet taldekideei». Horiek izan ziren Wout van Aerten (Jumbo-Visma) hitzak bosgarren etaparen ostean. Egun hartan flandriarra zen harbideetan nagusitzeko faboritoetako bat, baina konfiantza galdu zuen lurrera erori zenean. Gainera, taldeko bi liderrek ere arazoak izan zituzten, eta Van Aertek morroi lanak egin behar izan zituen. Egun beltza izan zen Jumbo-Vismarentzat. Atzo, ordea, arantza hori ateratzea lortu zuen, Frantziako Tourreko zortzigarren etapa irabaziz.

Doletik (Frantzia) abiatu ziren txirrindulariak, eta Lausannera (Suitza) iritsi bitarte 186 kilometro pasatxoko ibilbide gorabeheratsua egin zuten. Aurreko egunetako astinduaren ostean, lasaitasuna espero zen faboritoen artean, eta horrek etapa ehiztariak uzten zituen faborito moduan. Ihesaldian sartu eta etaparen garaipenaren bila joateko egun aproposa zuten txirrindulariek, baina taldean iritsiz gero, esprinterrek ere aukera izan zezaketen.

Etapa hasieran, ordea, asko erori ziren. Faboritoen artean etenda gelditu ziren, besteak beste, Tadej Pogacar liderra (UAE), Geraint Thomas (Ineos), David Gaudu (FDJ) eta Romain Bardet (DSM). Hala ere, ez zuten arazorik izan tropelarekin bat egiteko. Geldialdi horrek dena aldatu zuen, eta hiru ziklista sartu ziren eguneko ihesaldian: Mattia Cattaneo (Quick-Step), Fred Wright (Bahrain) eta Frederik Frison (Lotto).

Lau mendate igo behar izan zituzten txirrindulariek, baina arrisku nagusia azkeneko igoeran zegoen. Zalaparta sortzeko aproposak ziren azkeneko bost kilometroak Cote du Stade Olympiquen (4,8 kilometroko luzera eta %4,6ko pendiza), eta azkeneko aldapan (%12eko pendiza) erasoak espero ziren.

Ihesean zeudenetatik Wright bakarrik gelditu zen buruan, baina hiru kilometro gelditzen zirenean irentsi zuen tropelak. Rafal Majkak (UAE) ezarri zuen erritmoa azken kilometroetan, eta haren atzetik joan ziren beste hogei bat ziklista. Aurpegian sufrimendua ikusten bazitzaion ere, azkeneko aldapa pikoa amaitu arte iraun zuen buruan Majkak. Gainontzekoek nahikoa izan zuten poloniarraren erritmoari jarraitzen, eta inork ez zuen mugitzeko imintziorik ere egin.

Azkeneko metroak lauak ziren, eta esprintean erabaki zen etapa. Michael Matthewsek (BikeExchange) abiatu zuen esprinta, eta Pogacarrek hartu zuen bere gurpila. Van Aert itxita gelditu zen ezker aldean, baina tokia aurkitu zuenean erritmo aldaketa batekin lortu zuen garaipena. Bigarrena du aurtengo Tourrean. Matthews izan zen bigarren, eta Pogacar hirugarren. Liderrak aseezina dela erakutsi zuen, eta lau segundoko gainsaria hartu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.