Laugarrena, edo lehenengoa

Euskal Herriko Aizkora Txapelketa jokatuko dute gaur, Mungian. Zazpi aizkolari ariko dira lehian

Nerea Sorondo aizkolaria, lanean, iazko txapelketan. Hiru txapel ditu dagoeneko. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Izen bat da orain artean Euskal Herriko Aizkora Txapelketako garaileen zerrenda betetzen duena: Nerea Sorondorena. Berako (Nafarroa) aizkolariak irabazi ditu orain artean jokatu dituzten emakumezkoen hiru txapelketak. Beraz, zalantza bakarra dago gaur eguerdian Mungian (Bizkaia) jokatuko duten txapelketarako. Hau da, hura izango den nagusi, beste behin, edo beste aizkolariren batek estreinako txapela janzten duen.

Orotara, zazpi lagun ariko dira lehian. Sorondok ez ezik, Uxue Ansorregik, Nerea Arrutik, Maika Ariztegik, Laiene Pikabeak, Xanta Sousak eta Beatriz Tancok ere hartuko dute parte. Arrutiren esanetan, «saiatu» egingo da berriro ere irabazten: «Nerea Sorondo da hautagai nagusia, orain artean bera nagusitu baita». Dena den, Arrutik agerian utzia du bere hautagaitza. Urnietakoa (Gipuzkoa) da bere herrialdeko txapelduna, eta horrez gain, hark irabazi du aurtengo bakarkako pentatloia.

Sorondok laugarren txapela janzteko helburua du gaur. Mungian irabazi ditu azken biak, eta toki berean eskuratu nahi du laugarrena ere: «Lehen erronka nork bere buruarekin izaten du: lana ondo egitea, eta entrenamenduetan egindakoa erakustea. Hori bai, dudarik gabe, irabaztea ere garrantzitsua da. Batez ere, aurreko hirurak nireak direlarik. Halere, geroz eta zailagoa da, neskak gero eta indartsuago heldu direlarik».

Sorondok urtean-urtean ondu ditu denborak, eta bide beretik segitu beharko du, baldin eta txapela jantziko badu. Izan ere, sasoiko lanik mardulenak izaten dira lehia federatibokoak. Aizkolari bakoitzak kana-erdiko bat [54 ontzako enborra da], eta bina 36 eta 45 ontzako ebaki beharko ditu.

Egin beharreko jardunaren inguruan, Sorondok esan du «normalizatutako» lana dela: «Lan asko da, baina horretarako entrenatzen gara, eta nik uste dut denbora onean egingo ditugula. Saiatuko gara behintzat, eta ea zer gertatzen den».

Ansorregik, berriz, adierazi du «ilusio» handia duela lehiarako, baina Mendarokoak (Gipuzkoa) argi du ez dela irabazteko hautagaia: «Saiatuko naiz gerra ematen, eta ea zer lortzen dudan». Nahieran ere, Ansorregikerakutsi du urtean-urtean hobera egiten ari den aizkolaria ere badela.

Laugarren aldia da txapelketa federatiboa jokatuko dutela, eta pixkanaka bere bidea egiten ari da lehia hori. Ezpal elkarteak beste bat antolatzen du, Sherpa Ai txapelketaren barruan —gaur zortzi egingo dute hori—. Horrek guztiak exijitzen duen prestaketari buruz, zera nabarmendu du Sorondok: «Prestaketak beste txapelketen moduan izan arren, egia da lanak gehixeago direla, eta lehenagotik hasi naiz prestatzen. Uda pixka bat saturatuta amaitu dut, eta entrenamenduetan jarri naiz gehiago».

Beste lehia, Lekeition

Haatik, Mungiakoa ez da izango gaur erabakiko den federazioaren lehia bakarra. Bizkaiko bigarren mailako txapelketa ere gaur egingo dute aizkoran, gizonezkoei dagokienez. Lekeition (Bizkaia) jokatuko dute proba hori (12:30). Denera, sei kirolarik neurtuko dituzte indarrak: Xabier Gartzia Utxu-k, Aritz Irazabalek, Aritz Otegik, Mikel Agirrek, Marco Nevadok eta Daniel Lopezek. Guztiek ere kostaldeko herrian irabaztea dute helburua,sari handia jasotzeko: datorren sasoian lehen mailan aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.