Barruan eta kanpoan, lider

Alex Morgan AEBetako izarretako bat da. Munduko Kopako lehen partidan bost gol sartu zituen. Berdintasunaren alde egiten ari den lanagatik ere nabarmentzen da.

ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Alex Morgan futbolariak (San Dimas,AEBak, 1989) bere kirol ibilbideko hamaikagarren erakustaldia eman zuen joan den asteartean. Bere selekzioak 13-0 irabazi zion Thailandiari, eta aurrelariak bost gol sortu zituen. Haren abiadurak etagol senak aho zabalik utzi zituen Roazhoneko (Bretainia) Auguste-Delaune estadioko harmailan bildutako ikusleak. Beste behin, duen lider nortasuna erakutsi zuen. Baina zelai barruan ez ezik, kanpoan ere maiz erakutsi ditu horretarako dohainak, berdintasunaren eta etorkinen aldeko borrokan behin baino gehiagotan erakutsi baitu engaiamendua.«Ezohiko futbolaria» da, askoren ustez. Gaur beste behin ikusi ahal izango da haren jarduna,AEBek Txileren aurka jokatuko baitute (18:00).

Orain arte bi ziren Munduko Kopa bateko partida batean bost gol sartuak zituzten futbolariak: Michele Akers eta Oleg Salenko. Akeresek 1991n lortu zuen balentria, Txinan, Taiwanen aurkako final-laurdenetan; Salenkok, berriz, 1994an, AEBetan, lehen ligaxkan, Kamerunen kontra. Beste izen bat gehitu behar zaie orain: Morganena.

Ikusgarria izan zen Thailandiaren aurka egin zuen partida. Sartu zituen bost goletatik bat egin zuen buruz, eta bi oin bakoitzarekin. Gainera, beste hiru goletan parte hartu zuen, pase erabakigarriak emanez. «Denboraldiko unerik onenean iritsi zait txapelketa. Nire helburu bakarra taldeari laguntzea da», adierazi zuen lehia amaieran.

30urte betetzear da, eta nabari zaio heldutasunera ailegatu den jokalari bat dela. Bere lehen entrenatzaileak Baby Horseizena jarri zion (Zaldikumea), zelaian oso jokalari zuzena zelako, eta arean oso bizkorra.

Nabarmentzen hasi zenean, gurasoek nahikoa lan egin behar izan zuten hark hankak lurrean izateko eta haren izaera geraezin hori lasaitzeko. Haien lanak fruituak eman ditu. Jokalari zaildua da orain, bere taldearen eta selekzioaren zama hartzeko gai dena, eta une erabakigarrietan patxada duena. Banakako jokaldiak egiteko orduan eta aurkariaren ate aurrean, dena den, ohiko bizitasun horri eutsi dio, eta horrek ahalbidetzen dio munduko jokalaririk onenetakoa izatea.

Irabazi dituen tituluen zerrenda luzea da: bitan AEBetako liga, beste bitan Frantziakoa, eta behin Frantziako Kopa eta Txapeldunen Liga. Gainera, bakarka, bost aldiz izendatu dute CONCACAFeko jokalaririk onena, eta bi aldiz AEBetakoa.

Berdintasuna aldarri

Baina zelaitik kanpo ere selekzioren liderra da. Taldekideekin batera, salaketa jarri zuen federazioaren kontra, martxoaren 8an. Bertan gizonezkoen selekzioarekiko soldata arrakala eta prestakuntzarako desberdintasunak salatu zituzten. Jakinarazi zuten, aurkariaren arabera, 5.000eta 17.000 —4.456 euro eta 15.151 euro inguru— dolar artean jasotzen zituztela selekzioarekin jokatzeagatik; beraiek, aldiz, bakarrik FIFAren zerrendan dauden lehen hamar selekzioetako bati irabazi gero. «Berdintasunaren bidean eredu izan behar dugu, eta datozen belaunaldientzat bidelagun».

Maizbabestu du bularreko minbizia duten emakumeen aldeko borroka. Hala, partida guztietan zinta arrosa bat darama buruan, bularreko minbizia duten emakumeen ikur gisa. «Nire amaginarrebak izan zuen, eta niretzat eredugarria eta ikasgaia izan da haren borroka». Ezagunak dira, era berean, Donald Trump AEBetako presidenteari egin dizkion kritika zorrotzak, batez ere haren migrazio politikari dagokionez. «Giza eskubideen aurkakoak dira, eskandalagarriak». Horregatik, iragarria du Munduko Kopa irabaziz gero ez dela joango Trumpek Etxe Zurian egingo liekeen harrerara. Aitzindaria ere izan da: lehen emakumezkoa izan zen FIFAren bideo-jokoaren azalean, eta hainbat komiki egin dituzte hari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.