Miguel Martin. Donostiako Jazzaldiaren zuzendaria

«Entzuleen erdiak hor daude; ez dakigu besteek zer egingo duten»

Mugak muga, musika proposamen koherente bat osatu dutela uste du. Donostiako Jazzaldiaren ezaugarritzat dauka irekitasuna, eta haren miran dago. Tentuz begiratzen dio, ordea, 2022ari.

JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Donostiako 56. Jazzaldiaren atari-atarian, Miguel Martin zuzendariak (Donostia, 1956) agerikoa du egonezina. Badauka eskarmentua ziurgabetasunaren erritmora dantzatzen, baina ohi baino bihurriagoak izan dira azken hilabeteetako konpasak. Hala ere, pozik dago egitarauarekin: «Uste dut ona dela; niri asko gustatzen zait». Diru aldetik ere bideratuta dago aurtengo aldia. 2022koa beste upel bateko sagardoa da: irrikaz espero du neurri murriztaileak arintzea, baina badaki horrek beste arazo batzuk puztuko dituela. Garagardo upelak aldatu dituzte dagoeneko: Kelerrek Heineken ordezkatu du babesle nagusi gisa. Hala, ondo bidean, Agertoki Berdea zena Keler Agertokia izenez bataiatuko dute.

Gogorrak izan dira aurtengo jaialdia prestatzeko lanak?

Ez, nik ez nuke gogorra hitza erabiliko, inondik ere. Zehaztugabetasun handia izan dugu, jaialdiaren ezaugarriak eta baldintzak kolokan egon direlako. Ezin dut esan gogorra izan denik, zeren egoera gutxi gorabehera zehaztu denean, gauzak ondo atera dira, ikuspuntu artistikotik behintzat. Ohi baino gehiago tardatu dugu, baina lortu dugu.

Zer izan da zailena?

Momentu egokiarekin asmatzea egitaraua ixteko, jaialdia taxutzeko, jakinarazteko eta sarrerak salgai jartzeko. Horiek izan dira erabakirik labainenak. Musikari bat ala bestea aukeratzea, tira, lanbidearen barruan dago, baina ez genekien esku artean genuen programak balioko ote zigun hamabost egunean.

Dena prest zegoela zirudienean, jakinarazi duzue bi musikarik huts egingo dutela: Mulatu Astatkek eta Arlo Parksek.

Gorabeherak izan dira osasun neurriekin. Orain, izango lukete etortzeko modua, baina kontzertuak bertan behera utzi genituen, eta bi ordezko lotu. Niri pena handia eman zidan.

Hitz egin duzue datorren urtera atzeratzeari buruz?

Etorri ezin izan duten guztiak eta beste ehunka musikari daude datorren urtean jotzeko deseatzen. Berez, 2022ko jazzaldia ia itxita dago. Programa osoa urrian edo azaroan jakinaraziko dugu, segur aski. Ikusi egin behar, ordea. Orain arte, zerbait segurutzat jo dugun bakoitzean, ez da gertatu.

Jazzaldia asteazkenean hasiko da, baina igandean [gaur] atariko bat izango du, Txillida Lekun.

Haiek proposatu ziguten, eta ondo iruditu zitzaigun. Aurreratzea egoerak erabaki du gure partez: Cecile McLorin Salvanten bi kontzertu bertan behera geratu ziren, eta, ez bazuen zerbait aurkitzen, ezin zuen asteazken arte itxaron. Guk jazzaldian izan nahi genuen nola edo hala, eta Txillida Lekura jo genuen. Nahiz eta teorian geure burua kontraprogramatu dugun, ondo atera da.

Salvantek 2018an kantatu zuen jazzaldian, laukotean. Aurten pianoarekin arituko da, ezta?

2018an bertan editatu zuen disko bat duoan, hain justu laukote horretako pianistarekin, Sullivan Fortnerrekin. Gerora ere harekin jarraitu du lanean, eta disko berriena ere duo bat da. Haien estiloek ondo ematen dute elkarrekin. Ahalmen handia dute, eta baita berritzeko gogoa ere.

Itxura berezia du Noaren kontzertuak. Iñaki Salvador arituko da artista gonbidatu gisa...

Noak Afterallogy izeneko disko bat editatu du; jazz estandarrak kantatzen ditu, haren betiko lagunarekin, Gil Dor gitarristarekin. Hala ere, uste du agertokian jantziagoa geratzen dela biak pianista batek lagunduta aritzea, eta horrela ari da jotzen. Iñaki ikustea etxeko norbait ikustea da guretzat; primeran ordezkatzen gaitu edozein egoeratan.

Trinitateko egitaraua Brad Mehldauk eta Bill Frisellek itxiko dute, bi izen handik.

Bi estilo lasai eta liriko dira. Niretzat, Mehldau jenio bat da, argi eta garbi. Izugarrizko maila dauka. Bill Evans bere garaian, Keith Jarrett bere garairik liriko eta onenetan... Liga horretan dago. Asko esatea da, baina horrela da. Frisell ez da hain jeniala, baina sekulako jakinduria eta dotorezia dauka. Desberdinak diren arren, saio homogeneo bat egingo dute.

Pianistek leku nabarmena dute jaialdian, ezta?

Bai, bai, jazzeko pianisten Zein da zein? handi baten modukoa da, dudarik gabe. Esandakoez gain, Kenny Barron, Marco Mezquida, Gonzalo Rubalcaba... Musikari on asko dago, baina abeslarien eta pianisten jaialdi bat da aurtengoa.

Jorge Pardok omenaldi bat egingo dio Chick Coreari. Hark maiz jo zuen jazzaldian.

Jorgeri eskatu nion zerbait prestatzeko Chick Corearentzat, eta ezetz esan zidan, ez zela omenaldien zalea. Azkenean, proposamen berezi bat egin zidan. Gero ikusi dut udan Chick Corearen omenaldi dezente joko dituela, ez gustatu arren... Koherentea da Chick oroitzea, eta Jorgek egitea.

Silvia Perez Cruzek hirugarren urtez jarraian joko du, eta ikusmin handia sortzen du aldiro. Sukarra eragiten du Donostian.

Udazkenean hiru egunez abestu zuen Viktoria Eugenian; Kursaalean ere izan zen... Lagun onak ditu; ondo pasatzen du, eta, gainera, entzuleak ez dira nekatzen. Esan beharra dago nahiz eta estilo jakin eta berezi bat daukan lan handia egiten duela proposamen instrumentala aldatzeko. Kursaalean entzungo dugun errepertorioa Viktoria Eugenian eman zuen berbera da, baina seikote batekin eta argiztapen izugarriarekin. Iragartzen duzun aldiro, ikusmin handiagoa sortzen du. Asko iraungo du? Oxala.

Aurten, doako agertoki bakarrak Kursaaleko terrazak izango dira, eta hor elkartuko dira euskal musikari ia denak.

Bai, 2019an eta aurreko jaialdietan egon ohi ziren euskal musikariak berreskuratzeko saiakera bat da hori. Bi agertokitan 25 kontzertu egingo dira, gehien-gehienak euskal musikarienak.

Chucho Valdes 2003an izan zen jazzaldian, Bebo Valdes aitak saria jaso zuenean. Orain, hari emango diozue saria.

Gaur egun, pianistarik errespetagarrienetako bat da, ez jazz karibetarraren barruan, ezta jazzaren barruan ere, baizik eta musikan, orokorrean. Bizirik dagoen pianistarik onenetariko bat da. Mulatu Astakteren ordezko bat behar genuen, biran zebilen, data libre zuen... Eta poz handia eman zion hemezortzi urteren ondoren aitaren lekuan egoteak.

La Locomotora Negrari emango diozue beste saria, hain justu agur esan duen urtean.

Gogoan izan behar da amateurrak direla; guztiek dute beren lanbidea edo erretiroa. 50 urtez aritu dira musika egiten, eta big band bat mantentzea oso garestia da. Azkenean, gelditzea erabaki dute. Jaialdiarekin lotura handia izan du taldeak; hirugarren aldiz etorriko dira, eta logikoa eta egokia iruditu zitzaigun saria ematea.

Neurriek hala aginduta, jaialdiak gabezia batzuk izango ditu aurten ere. Nabarmenena, ez dela hondartzako agertokirik egongo. Zenbaterainoko galera da hori jaialdiarentzat?

Hondartzako agertokia jaialdiaren ezaugarrietako bat da. Ez du zerikusirik jazzarekin, baina bai entzuleekiko konpromisoarekin. Horri ez diogu uko egingo, baldin eta horretarako ahala badugu, jakina. Egungo egoeran, ezin dugu ezer egin. Hatzak gurutzatu, eta itxaron. Data bat zehaztu dugu Simple Mindsekin 2022rako. Jarri genuen 2020rako, 2021erako... Ea hirugarrenean asmatzen dugun.

Hor gakoa da mugarik gabe mugitu ahal izatea. Hondartzako agertokiak hori behar du, eta terrazek ere bai, benetan terrazak izateko. Hiriaren udako iruditeriak libre mugitzea eskatzen du. Proposamen artistiko koherente bat daukagu, baina maila sozialean, urbanoan, erabateko irekiera behar dugu.

Edukiera mugak iazkoen berdintsuak dira. Tarte handiagoa izatea espero zenuten?

Ordainpeko kontzertuetan, ez dugu batere tarterik izan; iaz bezalaxe gaude, 50 eserleku gorabehera. Jende gehiago sartuko da terrazetan: 700-800 agertoki bakoitzean.

Aldaketa batzuk mantendu egingo dituzue: Trinitateko eserlekuak zenbakituta egongo dira aurrerantzean. Zergatik?

Entzuleentzat erosoa da; ezin dugu atzera itzuli. Horrek apur bat murriztuko du edukiera, eta, anbizio artistikoari eutsi egingo diogunez, kopuru bera jende gutxiagoren artean zatitu behar da. Sarreren prezioa batez beste igo egin liteke datozen jaialdietan, erosotasun horren trukean.

Nolakoa izan da publikoaren erantzuna aurten?

Imajinatzen genuena baino dezente hobea. Inoiz ez ditut ikusi sarrerak horrelako abiaduran saltzen: lehenengo egunean jaialdi osoan saltzea espero genuen sarreren %48 saldu genituen.

Iazko etenaren ondoren, batzuk irrikaz itzuli dira kontzertuetara, baina beste batzuek zuhurrago jokatzen dute. Kezkatzen zaitu horrek aurrera begira?

Kezkatzen nau ez jakiteak zer gertatuko den esaten digutenean: «Edukiera guztia duzue, dena %100era arte bete daiteke». Urte osoan ari gara kontzertuak antolatzen, eta argi daukat entzuleen erdiak hor daudela, nahi dutela kontzertuetara joan. Garbi ez daukadana da zer gertatuko den beste erdiekin. Gainera, musika popularra entzuteko —jazza, bluesa, popa, rocka— sarrerak agortu egiten dira %50eko edukierarekin, baina musika klasikoa ez da saltzen. Erdia ere kosta egiten da. Adinaren arabera bereiztea sinplista da, baina ez dakigu publikoaren zati batek zer egingo duen dena berriz irekitzen den egunean. Igual ikusi dute etxean ondo egoten dela, eroso, streaming eta plataforma askorekin...

Gorabehera handiak izango ziren azken bi urteetako aurrekontuetan. Zein da egoera?

Sarrerak eta gastuak asko aldatu dira. Hala ere, emaitza ikusita, zera esango nuke: zenbat eta neurri txikiagoa izan, orduan eta txikiagoa da arriskua ere. 2020an eta 2021ean azken emaitza positiboa izango dela uste dut, baina ea nola gauden 2022an, programazioak, edukiera eta gastuak hainbeste igotzen direnean. Ez dizut esango 2021a libratu dugunik, baina bideratuta dago. 2022ak gehiago kezkatzen nau alde horretatik.

Heinekenek jazzaldia babesteari utzi zion iaz, 23 urteren ondoren. Aro bat itxi duzue, eta beste iturri bat ireki: Keler iritsi da.

Izan ere, 2021ari ez ezik, etorkizun ziurgabe bati ere egin behar genion aurre. Heinekenek eskaini zigun 2021ean egotea, baina 2020ko maila berean, ez lehenagokoan. Kelerrek, berriz, etorkizunaren aldeko jarrera bat dauka. Aurten, baldintza batzuetan ariko dira, baina babesa handitu egingo da denborarekin. Anbizioa izan nahi badugu, hori ordaindu egin behar da.

Amaitzeko, egingo dituzu jazzaldirako hiru proposamen?

Lehenengoa, zalantzarik gabe, Franco D'Andreak asteazken goizean emango duen kontzertua. Europan ez dago beste musikaririk gai dena tradizioa eta abangoardia uztartzeko horren ikuspegi zuhur, argi eta sentikorrarekin. Azken eguna ere asko gustatzen zait, Mehldau eta Frisell. Badago beste bat ez dena horren ezaguna baina proposamen biribilenetariko bat duena: Giovanni Guidi. Omenaldi bat egingo dio Barbieriri, seikote batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.