'Soinujolearen semea', Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian

Apirilaren 5ean egingo dute estreinaldia, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Apirilaren 12an aurkeztuko dute, berriz, zinema aretoetan

Irudian, Aitor Beltran aktorea, pelikulako fotograma batean. DONOSTIA KULTURA.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Paperetik oholtzara, eta oholtzatik pantailara. Hiru euskarri, eta istorio bakarra. Nobela izan zen aurrenekoz Soinujolearen semea,eta antzerki lan bihurtu zuten gero. Eta, orain, ikus-entzunekora egin du salto. 2003an argitaratu zen kontakizuna, Bernardo Atxaga idazleak ondu zuen eleberrian. Bederatzi urte geroago, berriz, Fernando Bernues zuzendariak taularatu egin zuen. Orduan ere aitortu zuen Bernuesek bere asmoa istorioa irudiz jasotzea zela. Ezinezkoa egin zitzaion, baina: «Beste batzuek hartuak zituzten filma egiteko eskubideak».

Zazpi urte aurrera, iragarritakoa beteko du Bernuesek: apirilaren 5ean aurkeztuko dute filma, Donostiako Giza Eskubideen 17. Zinemaldian, eta jaialdiko lehenbiziko filma izango da. Zinemaldiak apirilaren 12ra arte iraungo du, eta egun horretan bertan estreinatuko dute Soinujolearen semea zinema aretoetan. Halere, iazko azaroan aurkeztu zuten, Huelvan (Espainia), Zine Iberoamerikarraren Zinemaldian. Jakinarazi dute San Sebastian-Gipuzkoa Film Comissionekin elkarlanean sorturiko lehen film luzea izan dela.

Kontakizun komuna

Titulua ez ezik, eleberrian jasotako abiapuntu berbera du filmak: «Beste edozein istoriok baino hobeto azaltzen du zer-nolako pultsu konplexu eta tirabiratsua izan genuen Euskal Herrian joan den mendearen erdialdetik 90eko hamarkadaren amaierara bitartean», azaldu du Bernuesek.

Euskal Herritik erbestera —Kaliforniara, AEBetara— ihes egin behar izan zuen David Imaz eta haren adiskide Joseba Altuna ditu protagonista istorioak. David, Euskal Herritik alde eginda, hilzorian dago, eta Joseba azken agurra ematera joango zaio Kaliforniara. Biak ETAko kideak izan ziren, Francoren diktaduraren azken urteetan, eta Davidek herritik alde egin zuen, kideek arbuiaturik. Bi protagonisten bizitzetako hiru etapa ageri dira filmean: haurtzaroa, 20 urte inguru zituzteneko gazte garaia eta, azkenik, 50 urte inguru dituzteneko garaia. Azken topaketa horretan, egiari aurre egin beharko diote bi lagunek. «Iragan kolektibo ilunera zuzentzen gaitu artean nerabea den protagonistaren begiradak», zuzendariaren hitzetan.

Filmaren lantaldeari dagokionez, Aitor Beltranek haragiztatuko du David, eta Jose Apaolazak, berriz, Joseba. Iñaki Rikarte, Cristian Merchan, Bingen Elortza, Frida Palsson, Jose Ramon Argoitia, Mireia Gabilondo, Miren Arrieta eta Eneko Sagardoi dira gainerako aktoreak.

Gidoiari dagokionez, antzezlanean bezalaxe, Patxo Telleriak ondu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.