HILBERRIA. Pedro Iturralde

Flamenkoraino heldu den jazzeko ikurra

EMILIO NARANJO / EFE.
mikel lizarralde
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
«Ni musikari jaio nintzen». Oso txikitatik jakin zuen Pedro Iturraldek (Faltzes, Nafarroa, 1929) musika izango zuela zaletasun eta, ahal zela, ogibide. «Hori nahi zuen aitak. Bera ez zen profesionala izan, baina gitarra eta klarinetea jotzen zituen, besteak beste». Aitak berak oparitu zion saxofoia, eta, 8 urte besterik ez zituela, debuta egin zuen udal bandan. 15 urte zituenerako, Logroñoko (Espainia) kafe orkestra batean ari zen jotzen biolin eta piano ikasketak egin bitartean, eta 18rekin, Bilbon, musikari profesional gisa. Berehala bilakatu zen musikari laudatua. 1960ko hamarkadan, Madrilen finkatu zen, eta han hil da, 91 urte zituela.

1940ko urteen amaieran egin zituen nazioarteko aurreneko birak, eta 1949koa da haren lehen pieza ezaguna, La pequeña czarda, saxofoi eta pianorako idatzitakoa. Gerora hainbatetan joko zuen obra horretara, musikari formazioak aldatuta.

Libano, Turkia, Italia, Frantzia, Alemania eta Grezia zeharkatu zituen bira baten ondoren, 1960ko hamarkadan estudioko musikari gisa hasi zen lanean, Madrilen, eta jazz banda bateko kide ere bihurtu zen. Lehen grabazioak Manny Kelly orkestrarekin egin zituen, rockaren eta twistaren arteko bi EP; bere konposizioak ere sartu zituen hor. Berehala hasiko zen bere izenean ere grabatzen.

60ko hamarkadarekin, gainera, jazz laukotea eratu, eta Madrilgo Whiskey Jazz Cluben hartu zuen aterpe. Hamar urtez, ia egunero jo zuen han, nazioarteko hainbat jazz musikari ezagunekin:Donald Byrd, Lee Konitz, Hampton Hawes, Gerry Mulligan eta Tete Montoliurekin, besteak beste.

Oso gaztetatik izan zuen harremana flamenkoarekin. Granados, Falla eta Albenizen obrak interpretatu zituen gazte zela, eta 60ko urteetan berriro heldu zion jazza eta flamenkoa uztartzeari. 1966an, gitarra flamenko bat lagun, Berlingo Jazz Jaialdian jo zuen, eta fusio hura grabazioetara eraman zuen, lehendabizi Paco Antequerarekin, eta ondoren Paco de Luciarekin.

Grabatzen jarraitu artean, hainbat sari jaso ditu Iturraldek; besteak beste, Vianako Printzea saria 1995ean, eta Faltzesko Seme Kutun izendapena 1992an. Omenaldia egingo diote han, ahal denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.