Literatura

Kolonizatuaren askatasuneranzko bidea

Jatorriz somaliarra da Igiaba Scego idazle italiarra. Mussoliniren tropekin kolaboratu arren torturatua izan zen aita autoritarioaren alaba bihurtu du 'Adua' eleberriko protagonista.

Igiaba Scego idazlea, 2008ko irudian. LETTERA27.
2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Igiaba Scegoren (Erroma, Italia, 1974) Adua (2015) nobela abiatzen denerako, Aduak ia berrogei urte daramatza Italian, eta oraindik ez daki zein duen etxe, hura ala Somalia, jaio zen herrialdea. Hainbeste denbora igaro ostean etorkintzat jotzea tontakeria ederra litzateke, eta hala ere ezin esan daiteke hiritar osoa denik. Haren hazpegiak eta azal kolorea ez dira nazioak bere buruaz duen irudiaren parte. Lul adiskideak argi dauka: hobe tokiz kanpo dagoela sentiaraziko ez dion lurraldera itzultzea. Aduak, ordea, ez du argi hori nahi ote duen. Erregimen jazartzaile eta aita zorrotz batengandik ihesi heldu zen Italiara, bertan zinemako izar bat bihurtzeko aukera izango zuelakoan. Bidaia ordaintzen lagundu ziotenek hala agindu zioten. 17 urte besterik ez zituen, eta ametsetan sinesten zuen oraindik.

Gizon autoritarioa zen Zoppe. Alabari errieta egiten zion etengabe, arrazoirik gabe gehienetan. Mundua «krudela» dela esaten zion Aduari, zergatia azaldu gabe. «Maitasunari ttu» egiten zion, emaztea haurgintzan hil zitzaiolako; neurri batean, alaba jotzen zuen gertaeraren errudun, nahiz eta berez bere errua ez zen. Egun batean, aita militarrez jantzita ageri zen argazkia aurkitu zuen Aduak. Aita haserre ikustera ohituta egon arren, argazkiaren harira erakutsitako jarrera kezkagarria iruditu zitzaion.

Italiarren aginte kolonialaren menpe bizi izandakoek zinez gogortu zuten Zoppe. Tropa italiarren bortizkeriaren lekuko ez ezik, biktima ere izan zen: beltza izateagatik jipoitu eta torturatu zuten, nahiz eta itzultzaile lanak egiten zituen Mussoliniren erregimenarentzat. Bizkarrean «denetariko zauriak» zeuzkan, italiarrek eginak; okupatzaileekin kolaboratzearen ordaina zela uste zuen Zoppek. Okerrena, ordea, bisioak ziren. Gertatzear ziren krimenak eta sarraskiak ikusteko gai zen, baina, inoren patua aldatzeko ahalmenik ez zuenez, ezinegonak jota bizi zen.

Zeluloidezko ametsak

Zinemak rol garrantzitsua betetzen zuen Magaloko biztanleen eguneroko bizitzan. Adin ertaineko emakumeentzat, Mendebaldetik etorritako filmak etxeko egitekoetatik eta «senar lodiengandik» ihes egiteko bitartekoa ziren. «Paul Newmanen begi urdinetan galtzeko minutu gutxi batzuk», horixe zen behar zuten guztia. Adua hiriko zinema txikira joaten zen, Il-Faro izenekora, denetariko abenturak eta erromantzeak bizitzeko. Ohitura berari eusten dio Italiara heldu berritan; oraingo honetan, bere familia eta afrikar jatorria ahazteko eta herrialde berriak eskaini ahal dion askatasunean sinisteko bitartekoa dira filmak. Errealitatean, ordea, gizaki trafikatzaile batzuek erosi dute, eta bikote bati saldu, Arturo eta Sissi izeneko senar-emazteei. Azken horiek film pornografikoak ekoizten dituzte, eta Adua film horietan parte hartzera behartzen dute. Mendebaldeko fantasia orientalistetan oinarrituriko rolak jokatzea da Aduaren lana: konkistatua izateko zain dagoen pantera beltza izatea dagokio, izaki hipersexuala bezain arriskutsua.

Aduak ez du askorik behar bere burua engainatzen jarraitzeko. Ez zen bere planetan sartzen kamera aurrean une oro biluzik egon behar izatea, gay den Nickek jokatzen duen gizonezko zuriaren pertsonaiarekin larrua noiz joko zain. Garrantzitsuena, ordea, film industriaren barruan egotea da, periferian bada ere. Baina Arturok eta Sissik hondartzan duten etxera eramaten dutenean beren fantasia sadikoak asetzeko, amets guztiak hautsi egingo zaizkio. Nobelako pasarterik gogorrenetako batean, Arturok Adua desloratu egiten du guraize batzuekin —genitalak mutilatuak dauzka neskak: ez du klitoririk, eta alua josita dauka—, eta gero, bortxatzen.

Berrogei urte geroago, industria pornografikotik jadanik erretiratuta, Ahmed izeneko gazte errefuxiatu batekin bizi da Adua. Baldintzapeko harremana da haien artekoa: Aduak deportatua ez izateko segurtasun ekonomikoa eskaintzen dio Titanic-i—hala deitzen dio bizia arriskuan jarrita Mediterraneo itsasoa zeharkatu zuelako—, afektu eta sexu truke. Ahmedekin duen harremanak nolabaiteko boterea ematen dio Aduari: oraingoan bera da (buru)jabea, ez esklaboa. Baina hala da benetan?

Scegoren nobelak zalantzan jartzen du (buru)jabetasuna eta halako kontzeptuen aukera materialik baden parekotasunik eza oinarri duen gizarte egituren barruan, batik bat desjabetuen kasuan. Aduak Ahmedekiko harremanean eskuratu omen duen burujabetasuna ez da bere aitak Italia faxista eta kolonialaren zerbitzura jarrita gozatu omen zuenaren hain bestelakoa: bata zein bestea zapaldua zapalduaren kontra jartzearen ondorio dira. Kasu bietan, ordea, benetako jabea beste bat da: iragan kolonial propioarekin erabat ahaztuta Italian geratzeko aukera ukatzen diena, hamarkada batzuk geroago, Ekialdeko Afrikatik —hots, kolonia ohietatik— heldutakoei, zeinak ihesi baitatoz gerratik, gosetetik eta klima aldaketaren eraginetik.

Jabearen eta esklaboaren dialektika nola hautsi: horra Adua-k zabaldu nahi duen bidea. Ez da zaila esklabotzaren zein jazarpenaren sinboloei uko egitea; estatuak eraits daitezke, eta banderak erre. Zinez zaila zera da, historia jakin batzuek ezarritako jokabideak deuseztatea: arrazakeria eta sexismoa gainditzea, gizabanako oro berdintasunez tratatzea. Nobela amaieran, Aduak alde egiten uzten dio Ahmedi. Errefuxiatuak bideokamera bat ematen dio opari gisa, eta bere historian ohi duen bezala kontatzeko erabil dezala eskatzen dio. Agian iraganeko gertaerak gogoratu eta zintzotasunez kontatzea da, gertakariok mingarriak baldin badira ere, askatasuneranzko lehen urratsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.