Artea

Arbolen bueltako eskolak

Guggenheim museoak The Otolith Group artisten 'O horizontea' dokumentala jarri du ikusgai

Emakume bat, Bilboko Guggenheim museoko Film & Video aretoko proiekzioa ikusten. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Artxiboko irudi bakar bat ere erabili gabe, haren bizitzak utzitako oihartzunaren bidez egin du Rabindranath Tagore idazle, koreografo, musikari eta hezitzailearen erretratua The Otolith Group izeneko artista taldeak O horizontea izeneko doumentalean. 1920ko hamarkadan, Tagorek Mendebaldeko Bengalako Santiniketan herrian eraiki zuen Visva Bharati eskolako irudiek osatzen dute lana nagusiki, eta oraindik ere bizirik dirauen ondare horren bidez igar daiteke Literaturako Nobel saria jaso zuen egilearen presentzia dokumentalean. Ikasleak, zirkuluan, arbolen pean, arteen, zientzien eta naturaren arteko joan-etorrian. 2018an estreinatu zuten filma, eta Bilboko Guggenheim museoan ikus daiteke orain, Film & Video aretoan. 90 minutu ditu lanak, bengaleraz da nagusiki, eta ingelesezko azpidatziekin ikusi ahalko ditu bisitariak.

Anjalika Sagarrek eta Kodwo Eshunek osatzen dute Otolith Group taldea; 2002an hasi ziren lanean, eta, zehaztu dutenez, hamarkada bete behar izan zuten O horizontea lana sortzeko. Filmak, soinu obrak, instalazioak eta erakusketak egin dituzte geroztik, eta saiakera zineman egindako ibilbidea nabarmendu du Manuel Cirauqui komisarioak.

«Ez genekien zer egin nahi genuen, baina bai zer ez genuen egin nahi», azaldu du Eshunek. «Eta ez genuen historia lan bat egin nahi, ez eta biografia bat ere». Eta, horregatik, beraz, Tagoreren artxibo irudiak erabiltzeko hautua. «Gure ideia nagusia da klima larrialdiaren egoeran Visva Bharati eskolak esperimentu moduko bat eskaintzen duela, zeinek bizitza, hezkuntza, eta, batez ere, zientziak eta arteak uztartzea proposatzen baitu».

Tagoreren poema batekin hasten da bideoa. Hemendik ehun urterako begirada itxaropentsuarekin, zehazki, hiru ahapaldi osoak errezitatzen ditu ahots batek; irudietan, bien bitartean, Visva Bharati eskolako ikasleak eta hartan ikasten dabiltzanak, bakoitza bere arbolaren gerizpean. Eta, hain zuzen ere, irudi horietan igar daiteke Tagorek bere poeman aipatzen duen iraupen egarria. «Hemendik ehun urtera/ nor dabil/ halako jakin-minez/ nire poemak irakurtzen/ hemendik ehun urtera!/Izango al naiz gai zuri igortzeko/ udaberri goiz fresko honen zorionaren izpi bat/ gaur loratzen ari den lorea/ txoriek kantatzen dituzten abestiak/ sortzen ari den eguzkiaren distira/ guztiak nire maitasun sentimenduez beterik?».

Gero, ehun urte aurrera egin, eta Tagorek poeta irudikatzeko eskatzen dio etorkizuneko irakurleari: «Saiatu zure barne begiz ikusten /— duela ehun urteko egun batez/ nola isuri zen estasi geldiezin bat zeruetatik / munduaren bihotza ukitzera,/ nola zitzaizkion arrotz mugak/ udaberri gazte pozez zoratuari/ eta nola jotzen zuen hegoaldeko brisak/ bere hegal geldiezinak zabal/ loreen polenaren usaina hedatuz/ bat-batean berehala/ mundua distira gazte batez koloreztatzeko/ duela ehun urte». Eta berriz ere etorkizunari dei eginez bukatzen du poema ondoren. «Hemendik ehun urtera/ poeta gazte bat dabil/ zuen etxeetan kantuan!/ Harentzat/ igortzen dut udaberri honen zorion albistea./ Egin dezala oihartzun une batez/ zuen udaberrian, zuen taupadetan,/ erleen burrunban,/ hostoen farfaran/ hemendik ehun urtera».

Tagoreren presentzia etengabea da filmean gerora ere. Esaterako, Visva Bharati eskolako kide batek off-ean irakurtzen ditu hezkuntza proiektuari buruzko haren gogoetak. «Hezkuntza ezin zela bizitzatik bereizi zioen ideia sinplearekin hasi nintzen». Horixe izan zen eskolaren lehen hazia, Tagoreren hitzetan, eta garatuz joan zen berehala. Bere baitan sortutako logikaren arabera garatuz. Hedatzen, azkenean, arteetatik hasi eta nekazaritzaraino doan guztia barnean biltzeraino. «Orain guztiz kontzienteak gara barrera guztiak gainditu beharraz».

Eta hala doa dokumentala aurrera. Txatalez txatal, geruzaz geruza, kantu, poema, dantza zein nekazaritza azalpenak metatuz.

Ikaslea beste diren arbolak

Tantiniketan herriko nekazariei hartzen die titulua dokumentalak. Lurzoruaren goiko geruzari egiten dio erreferentzia hitzak, zehazki. Hosto, belar, fruta eta gorozkien dekonposizioak transformatzen duen lur mailari deitzen diote nekazariek O horizontea, hain zuzen. Eta prozesu horien oihartzuna darama filmak ere.

Eshunek eman du azalpena: «Mundu bat mintzarazten saiatu gara, non lurrak jendeak besteko garrantzia baitu. Mundu bat, zeinean zuhaitza ez den ikaslearentzat jarritako fondo bat, baizik eta ikaslea bezain subjektu den agente bat. Ez dut esan nahi lortu egin dugunik, baina hori izan zen gure asmoa, bizitzaren forma askotarikoekin osatutako irudi eta soinudun lengoaia bat sortzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.