Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Hauxe zen normaltasuna

2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Ainhoa Etxebeste Poliki-poliki, agurtu ditu ia kolaboratzaile eta solasaldietako parte hartzaile guztiak; modurik diskretuenean, autokonplazentziazko keinurik egin gabe. Bakanak dira urteetan Mezularia saioko ahotsa izan denari geratzen zaizkion arratsaldeak mikroaren aurrean. EIk arratsalderako iraultza iragarri baitigu, Etxebeste izanik sakrifikatuenetako bat, Hiri Gorrian-eko taldearekin batera. Aktualitateari egunez egun segitzearen erronka bikain bete duen esatari bat izan da, zenbait ezaugarri itsatsiz saioari: dotorezia, sosegua, elkarrizketatuek eta solaskideek mozketarik gabe lasai mintzatzeko bermea... Alarde piroteknikorik gabeko irratsaioa egin du, eta halatsu ari da bukatzen bere lana.

Normaltasuna Bere bizitokian, Madrilen, Euskal Herriaren gainean daukan pentsamendua ezin duela plazaratu aitortu zion Gorka Otxoak Maite Artolari, Faktoria saioan, ostiralean, EIn; lanbidea eta segurtasun pertsonala arriskuan ikusten ditu, nonbait. Hori entzuteak ez gaitu harritzen jada; ohitu gara izugarrikeria hori normaltzat hartzera.

Leihoa ezin ireki Euskal Herria izan zuten hizpide Ser kateko La Ventana saioan, abenduaren 10ean, euskal preso ohi batek EHUn hitzaldia eman behar zuela eta. Horixe bera albistetzat jo daiteke. Izan ere, ETA mamutzar gisa erabiltzeko ez bada, ia desagerrarazi da Madrilgo komunikabideetan. Ser Euskadiko David Yurre esatariak kronika egin zuen Espainiako entzuleentzat, EHUtik bertatik. Yurre beharrean, hamarkadetan soilik Madrilen egindako informaziotik elikatu den edozein kazetarik egin izan balu erreportajea, gutxi aldatuko litzateke formaz zein mamiz. Mariano Ferrer dekanoa zuen Herri Irratiaren unibertsitatean kazetari gisa zailtzeko pribilegioa eduki zuen Yurrek, baina ez dakit zer ikasi ote zuen; hemen biolentziaren eta bizikidetzaren arloetan dena ez dela ez zuri ez beltz, ikasgai hori ez behintzat.

Direktriza Hobe dela ez aipatzea, edo ahalik eta gutxien, ETAk eragindakoak ez diren beste giza eskubideen urraketak; guztiaren errudun ETA izan den tesia ahuldu dezaketelakoan. Arau horrek agintzen du Ser Euskadiren baitan, hemen informatu behar denean, eta zer esanik ez estatuari begira egin behar duenean ere. Kazetaritzaren ariketa kamutsa, bizikidetzan aurrera egin nahi bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.