Mikel Zumeta.
HERTZAK

Zaldiek ez dute hegan egiten

2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Goizeko zazpiak dira, zigarreta erre eta kafea edan. Mugikorrean Zaldi urdina podcastean play sakatu. Arropa kendu, dutxan sartu. Urak goitik behera zeharkatzen du neure gorputza, nagiak kentzeko. Isiltasun absolutua dago ordu honetan, eta bat-batean musika elektroniko burrunbatsua. Dutxaren barrualdea diskoteka bilakatu da. Norbait kristalean kolpeka, ate joka bezala. Asaldatu egin naiz, leihotik begiratu, atetik begiratu, podcastetik dator audioa, bertan nago, biluzirik, diskotekan, non dago Aingeru?!

Zerbait gertatu da, gauez, eta Aingeru falta da. Zer da zaldi urdina, droga hori? Norbaitek ba al daki zerbait? Nahasmena da errege, han-hemenka gabiltza, pertsonaia eskerga luzean, zorabiaturik, ezin asmatu, non dago Aingeru? Zer gertatu da? Nor hil da? Nor atxilotu dute? Demasakoa da zaldi hau, eramango gaitu urruti. Pentsatu beharko ez dugun nonbaitera, errari.

Zaldi urdina, EITB podcastean dago entzungai eta Artedramak, Axut!-ek eta Dejabu antzerki taldeek dagoeneko oholtza gainean 2019an estreinatutako antzezlana audio eremura hurbildu dute. Fuchs anaiak, Ander Lipus, Maite Larburu eta Olatz beobide bezalako aktore zerrenda interesgarria topatuko dugu bertan. Intriga honetan, suspense onetan, thriller euskaldunean.

Zaldi urdina atalka aireratzen ari dira, Artxipelagoa podcastarekin egin zuten bezala, astero. Irrati fikzioa da, geure historiako iragan hurbilean elikatzen den fikzioa, ziklikoki eta apetatsuki errepikatzen den istorioa da, historia.

Dagoeneko lau dira entzungai dauden atalak, hamabost minutu inguruko zirrara frenetikoak, eta gomendio bat, adi entzun beharrekoak dira, galdu nahi ez badugu. Sirena eta argi urdin eta gorri artean, polizia eta anbulantzienean, edo ke artean, diskotekako foku itsugarrietan, trama arina baita, bizkorra.

Goraipagarria oso soinu diseinua eta Aitor Ituarteren soinu banda, Gymnopedie malenkoniatsuaren moduko seaska kanta, hasiera eta bukaera ederra eskaintzen diona saioari. Prestatzeko, istorio honetatik sartu eta ateratzeko igarobide bezala, esperientzia traumatikorako prestatuko bagintu bezala, eta amaieran desintoxikatu, itzul gaitezen berriz geure errealitatera, zaldiak utzi gaitzan berriz etxean.

Zazpiak eta laurden, diskotekatik ateratzen naiz, diot, dutxatik. Egunari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.