Atertu, eta jaia lehertu

Hasi dute Aste Nagusia Donostian.75 urte betetzen dituzten bi elkartek kantatu dute 'Artillero': Easo eta Koruko Ama Birjinaren Eskolako abesbatzek

Koruko Ama Birjinaren Eskolako kideek propio prestatutako dantza eskaini zuten atzo, Artillero-ren doinuekin. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2015eko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Alderdi Ederreko lorategietan batu ziren atzo donostiarrak, urteroko usadioari jarraiki, Aste Nagusia kanoiaren burrunba hotsaz hasteko. Arratsaldeko zazpietarako minutu batzuk falta zirela,udaletxearen inguruak jai giro gosez bertaratutakoez gainezka egin zuen.

75 urtez kantuan aritu izana agerian utzi zuten Artillero abestu zuten gonbidatuek: Easo abesbatza eta Koruko Ama Birjinaren Eskolako korua izan ziren kantuan gogotsu aritutakoak, haur zein heldu, bandarekin eta bigarren elkarteko dantzariekin. 19:00etan egin zuen eztanda kanoiak ikusleen txalo artean. Hala, abuztuaren 15era arte iraungo duten jaiei eman zieten hasiera, eguraldiaren gorabeherei jaramon handirik egin gabe. Iaz kanoikada Onintza Mokoroarenesku izan bazen ere, atzo aitari itzuli zion lekukoa, eta, Luis Mokoroa Artillero Nagusiak jaurti zuen.

Koruetako kideen artean zirrara izan zen nagusi, batez ere, donostiarren artean. Carmen de la Caba Eskola abesbatzako kidearen arabera, «zoragarria» izan zen ekitaldian kantatzea. Gainera, koruan parte hartzen duenetik ezin izaten du kanoikada ikusi, Konstituzio plazan kantatu ohi dutelako koruarekin. Horregatik, «gozatzeko aukera» izan zuela esan zuen. Karlos Karrak, berriz, Easo abesbatzan kantatzen du. «Sekulako ilusioa» sentitu zuen jaiei hasiera emateko abesterakoan. «Emozioz» betetako unea izan zela aipatu zuen. Antzera gertatu zitzaien Eskolako dantzariei ere. Fernando Ruizen hitzetan, «ekitaldi berezia» izan zen atzokoa Eskolako kide guztientzat; dantzariek koreografia berezia egin zuten Artillero kantuan. Horretarako, «hilabeteak» pasatu dituzte entseatzen.

Eneko Goia alkateak ere egin zituen adierazpen batzuk kanoikada baino lehen. Jaiekin «gozatzeko» eskea egin zion jendeari, «norberak gustuko duena eginez eta ondokoak errespetatuz». Halaber, sexu erasoak Donostian «sobera» direla azpimarratu, eta «inplikazioa» eskatu zuen horiek gerta ez daitezen.

Kanoikadaren aurretik ere pizturik zegoen jada jairako gogoa: Parte Zaharreko erraldoi eta buruhandi artean heldu ziren batzuk Alderdi Ederreraino. Beste batzuek Los Bebes de la Bulla fanfarreari, Taupada batukadari edo Gauerdi txarangaren doinuei heldu zieten eskutik udaletxe aurrerainoko bidean, erdialdetik abiatuta. Metxa pizteko bidea egin zuen, halaber, Gastronomiako Euskal Anaiartearen Ohorezko Batailoiak Trintxerpeko Illumbe musika bandarekin batera, Trinitate plazatik. Kanoikadaren ostean ere, aritu ziren jaien hasiera girotzen.

Piratek ere ekin diote jaiari

Atzoko gaueko hamarretan piztu zuten suziria Piratek, Aste Nagusiari ekiteko, Donostiako auzoetatik gerturatutako kofradiak Flamenka gunean batu ondoren. Ezkila kapitaina, ohi bezala, begi bat estalita, eta, gorri eta beltzez jantzita, kanpai hots artean heldu zen itsasotik kaira, jaien hasiera iragartzeko txupinazoarekin. Hala ere, itxura berrituta azaldu zen Ezkila, auzolanean egindako panpina baita piraten aurtengo kapitaina. Xibaro kofradiakoak izango ditu lagun oraingoan, elkartasuna aldarri. Mattik ere ez dio huts egin Aste Nagusi Pirataren hasierari: Irutxuloko Hitzak ordezkatuko du aurten. Hedabideak «euskararen alde» egindako lanagatik hautatu dute Piratek, «euskararen zabalpena nabarmentzeko».

Txupinazoaren ostean, kontzertua eman zuen Koxka taldeak, Trinitate plazan, Piratek eskaintzen dituzten afariak girotzeko. Egunero arituko dira hainbat talde eta bakarlari bertako afarietan. Flamenka gunean, berriz, 3gabe2 ska taldea aritu zen. Haien agur kontzertuetako bat izan zen atzokoa, zazpi urteko ibilbidearen ostean taldea utziko baitute hil honen amaieran, Bilbon. DJ Leku eta Apoak izan zuten Nautikotik Guardetxera igaro diren DJ saioetan jaietako aurreneko eguna luzatzeko betebeharra.

Gaurko egitarau zabalaz gain, bihar dute piratek egun handia: Abordatzearen prestaketari ekingo diote goizean goizetik, biharamunari eta jaietako lehen bi egunek sortutako nekeei aurre eginda. 17:00etan ekingo diote Donostia abordatzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.