Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Badatorrela futbola

2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Betikora itzultzen Kirol irratsaioak bikain birziklatu dira itxialdiak lehiaketa ofizialak kito egitera behartu zituenetik. Futboleko garaipen eta porrotekin zerikusia zuten kronikak saihestu, eta tarte zabalak eskaini dizkie baloiaren tiraniatik libre diren beste kirolei eta kirolariei. Ameskeria hutsean geratu da saiakera, ordea, futbolaren kantu sorginduak hipnotizatuta baitabiltza berriz ere. Nekez hartu ei dute serio lezioa, inongo irakaslerik gabe eskarmentuak erakutsi diena: golaren hots histrionikorik gabe ere bizi daiteke kirol kazetaritza eginez.

Real-Athletic Benetan grazia eduki zuen Athletic eta Realeko zaleentzat kirol irratsaioen munduan erreferente diren Jose Manuel Mongek eta Tito Irazustak ETB2ko Que me estás contando saioan ostegunen eduki zuten xextra, ligari berriro ekin ala ez hizpide. Azkenaldian gizartean aditutako arrazoiak errepikatu zizkiguten: futbola negozioa dela eta hargatik martxan jarri behar dela liga, batek; besteak, berriz, jokalarien osasuna lehenetsi behar dela, eta futbolarik gabe ere bizi litekeela. Ez da zaila asmatzen nork zein argudio erabili zuen (pista bat: liga bere horretan amaituko balitz oraintxe, Reala Europarako sailkatuko litzateke, Athleticek deusik ez…).

Michael Robinson Heriotza baten albisteak sekula ez zituen hainbeste irribarre eragingo, Dani Alvarezek asteartean zioen bezala REn. Ez gorrotagarria zelako, kontrara baizik, sinpatikoa egiten zelako guztientzat. Aho batasun horrek erretrata dezake Robinson komunikatzaile ez ezik pertsona ere bezala, labankadak normalizatuta dauden kazetaritzaren unibertsoan. Azentu anglosaxoiz bustitako bere mundu-ikuskerak aparteko karisma itsatsi zion telebistan zein irratian, Iruñera 1987an etorri eta handik hiru urtera kazetaritzari ekin zionetik. Irratian, Ser katearekin aritu zen; gogoangarriak dira igandeetako solasaldi (Acento Robinson) hagitz pertsonalak, kirolari ez oso ezagunen alderdi gizatiarra azaltzeko eginak. Irrati horrek egin dizkio potretik aipagarrienak, baina lastima izan da Osasuna zein gutxitan hartu duten kontuan (Nafarroako kirol esatariak kexatu ote dira Madrilgo lankideekin?). Irudiek prentsan kasik editorial baten indarra duten aroan, ilustragarria da egin duten argazki galerian Robinson Osasunaren kamiseta jantzita ez agertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.