Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Aukeran, nahiago

2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Egun on. Javier Ruiz de Arbulo PPko ordezkariak «buenos días» esanez egin zigun diosala entzuleoi atzo, El parlamento de las ondas saioan. Amaieran, entzule batek «egun on» esan dezan ahalegintzeko eskatu zion. REn ez dago inon idatzia, baina badirudi derrigorrezko protokoloa dela euskaraz hastea hizketan, goizetik gauera «egun on», «arratsalde on» eta «gabon» besterik ez baitugu entzuten. Euskara piperrik axola ez zaion jendearen ahotik entzun ere, makina bat aldiz. Sekula euskararen alde zipitzik egin ez duen jendearen ahotik. Bada, aukeran, nahiago Ruiz de Arbulo bezalako pertsona koherentea, mintzaldiaren hasieran hitz bat euskaraz eginda euskararen aldekoa eta sinpatikoa agertuko dela uste duena baino.

Montesinos. Bada harritu den jendea Pablo Montesinos kazetaria PPk fitxatu duelako. Aski ezaguna da telebista ikusle askorentzat; La Sextan sarrien ateratzen den iritzi emailea, Marhuenda eta Indaren ondoan zibilizatuxeagoaren trazak dituena. REko kolaboratzaile ere bada azkenaldian, Boulevard-en. EITBk ere profil ideologiko horretako analistak behar ditu, jakina, entzuleon mesederako. Kontua da Espainiako estatuko politikan aditua den kazetari gisa, periferiako ezjakinoi begiak irekiko zizkigun gorteko analista gisa aurkeztu zaigula orain arte.

Barre ala negar. Jaurlaritzak FM lizentziak banatu berri ditu, urteetako prozesu katramilatsu eta ulergaitzaren ostean. Lortu dutenen zerrenda begiratzen hasita, sareetan nabigatzeko trebezia pittin bat behar da igartzeko nor dagoen bakoitzaren atzean. Lardaskatzen hasiz gero, ez dakit edalontzia erdi beterik ala erdi hutsik ikusi behar ote den, euskararen eta euskal kulturaren ikuspegitik. Egia da irrati mordoxka dagoela hemengo errealitate soziokulturaletik eta hemengoontzat egingo duena. Baina, aldi berean, badira Murtzian, Madrilen nahiz hemen berriketa eta musika berbera edo antzekoa emitituko dutenak, edo jada emititzen ari direnak: Radio7, Nervitel Sistemas, RK20, GMC, Uniprex... Eta tartean, Radio Mariaren itzaleko Radio Amanecer ageri zaigu, bi lizentzia eskuratuta! Espainiako estatuan nonahi zabiltzala autoan, beti-beti, Radio Maria da dialean errazen eta garbien topatuko duzuna; bazirudien lurtarren jokoetatik libratzen zen ahots zerutiarra zela. Bada, mito bat zapuztu zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.