Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Bikaintasuna uhinetan

2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Egun bakarreko lorea. EAEko Onda Cero albiste bilakatu zen asteartean Euskararen Egunaren harira, euskaraz egin baitzuen Kontxi Arruabarrenak Más de uno Euskadi saioa (12:30-13:45), bigarren urtez. Euskal instituzio publikoen finantzaketari esker irratiaren astearteko fakturazioa potolotzeaz gain, zer-nolako eragina izan ote dezake irratiaren etorkizunean? Deusik ez, seguruenera. Baina zerbait badakigu ziur: Arruabarrenaz gain, Irune Elorriaga, Iñigo Taberna, Roberto Forcen eta Ainara Garcia etxeko kazetariak euskarazko kazetaritza egiteko gai dira. Etxe horretan borondatea falta da entzulea euskarara eramateko.

Bikain. Gipuzkoan entzule gehien duen (70.000) Cadena SER-Radio San Sebastian irratiak Excelencia (bikaintasuna) sariak banatu zituen Kursaalean, azaroaren 27an. Ez gaitu harritu behar ordubeteko ekitaldian euskarak tarte marjinala hartu izanak, nahiz milaka entzule euskaldun eduki irratiak egunero. Programazioa gaztelania hutsezkoa baita. Hamar ataletan banatzen dira sariak, eta euskara da horietako bat, gastronomia, enpresa, ikerketa eta beste zenbaiten mailan jarrita. Hizkuntza horrenik gabe bizi baitaiteke Gipuzkoan, ez baitago gipuzkoarren egunerokoan, euren ahotan, horiek arnasten duten airean, kontsumitzen duten uhinetan...

Duintasuna? «Iñaki Gabilondo Humanitateak eta Komunikazioa» da atal horietako bat. Espainian donostiarrik ilustreena denak, saria Aranzadiri emateaz gain, galan egon zen unerik mingarriena eta hipokritena ekarri zigun. Haren aburuz, «Aranzadik oroimenaren duintasuna berreskuratu du, norbanakoek, kolektiboek eta erakunde publikoek ez dutelako ezer egin arlo horretan». Hatz salataritik libre utzi zituen Espainiako hedabide handiak. Nork esango hori, eta Francoz geroztik amnesia zabaldu zuen trantsizio politikoaren kazetaritza bedeinkatzailearen sanctum sanctorum-ak! Oraindik trantsizioa ondo egin zela esan eta esan ari zaigun berberak. Eta, asteazkenean, autokritikarik gabeko memoria horren segidako atala eskaini zigun SER Euskadik, bizi diren zazpi gudari Carlton hotelean bilduta. Biktimak ia denak aitormenik gabe joan zaizkigunean, eta bakanak baizik geratzen ez direnean. Egia eta justizia nola baztertu den, eta nortzuek jokatu duten maltzur esateko ere indarrik ez dutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.