Santaisabelak Zumarragan

Ebaki gabe elkartzeko ezpatak

Bosgarren urtez, gizon eta emakumeek elkarrekin egingo dute ezpata dantza Zumarragan, etzi

2015. urtean egin zuten emakumeek ezpata dantza aurrenekoz. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Andoni Imaz.
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Herrietako jaietan, badira aldatzen ez diren hainbat gauza. Etzi, uztailak 2 izango ditu, eta Santa Isabel eguna ospatuko dute Zumarragan (Gipuzkoa). Itxuraz aldatzen ez diren gauza horiek ere berritzen dira, ordea: urtero aldatzen dira ezpatak eskuan Antioko baselizan ariko diren dantzariak. Irrintzi dantza taldeko kideak hasiak dira gerrikoak eta lokarriak estutzen, herriko festetako protagonista bilakatuko baitira jai egunean. Hamabi dantzari ariko dira: lau kapitain, eta zortzi sokan; bosgarren urtez, gizonezko zein emakumezkoak.

Bi astebururen arteko lotura egingo du aurten Santa Isabel egunak: herenegun hasi ziren herriko festak, eta Antiotik jaistean hartuko dute atseden herritarrek, nahiz eta datorren astebururako ere antolatu dituzten zenbait ekintza. Halere, etzikoa izango da jaietako ikurra: Irrintzi dantza taldekoek ezpata dantza egingo dute. Eliza barruan aurrena, kanpoko agertokian segidan, elizaren atzealdean ondoren, eta, herrira jaistean, Euskadi plazan, azkenik.

Dantzariak eguneko «protagonistak» izaten dira, Paula Urteaga dantzariaren hitzetan. Azken bi urteetan egin du dantza, sokan, eta etzi ere ariko da. Orain artekoetan, «oso urduri» aritu da, baina gustura: «Agertokiak asko hunkitzen du, zirraragarria da». Urteagarentzat, «dantza berezienetako bat» da ezpata dantza: «Ez dakit Zumarragako dantzarik garrantzitsuena den, baina jendeak garrantzi gehien ematen diona bai, behintzat. Ikaragarria da zenbat jende joaten den ikustera».

Apirilean egin zuen Irrintzi dantza taldeak urteroko jaialdia, eta hura pasatutakoan hasi ziren festetako ezpata dantza prestatzen. Bi entsegu egin dituzte astean, ezohiko dinamikarekin: «Ez da inor jartzen zure ondoan dantza irakasten, kopiatzen ikasten duzu».

Emakumeak ere dantzan

Josune Martin dantzariak laugarren urtea izango du aurten: bi aldiz izan da kapitain, eta behin aritu da sokan dantzan. Martinentzat, «herrian egun berezi batean egiten den dantza bat» da ezpata dantza, baina «bereziki berezia» da harentzat: gogoan dauka emakumeek dantza egitearen erabakia hartu zuten garaia; kapitaina izan zen emakumeek ezpata dantza egin zuten lehen urtean. «Urte askotan entseatu duzun dantza bat da, inoiz dantza egiteko asmorik gabe ikasten hasitakoa. Azkenean, dantza egitea oso berezia izan zen».

2015. urtean egin zuten emakumeek dantza aurrenekoz. Ordurako, dantza taldeak «argi» zuen erabakia: «Konplikatuagoa izan zen erabakitzea nola egin, nola eman pausoa», Martinen hitzetan. Erabakia aurreko urtetik hartuta izan arren, «ondo landu» nahi zuten aldaketa. Jantzi aldaketari eman zioten garrantzia: «Emakumeok geure burua ez genuen batere ondo ikusi gizonek erabiltzen zituzten jantziekin, eta aditu batzuekin hitz egin genuen nola egin aldaketa». Egun, koloreak mantentzen dituzte, baina guztiek praka berdinak erabiltzen dituzte.

Erabaki egin behar

Erabakiak urtero hartu behar dira, ordea: batzuek dantza egingo dute, eta besteek ez. Duela bost urtetik hona, hor ere nabaritu du aldaketa Martinek, lehen taldeko gizonek «bermatuta» zutelako ezpata dantza egingo zutela, eta orain askoz ere hautagai gehiago daudelako. Urte gutxian, guztiz aldatu da egoera: aurten, hamabi dantzaritik bi izango dira gizonak. Dena den, «urtearen araberakoa» izaten da hori, Urteagaren arabera.

Data gerturatzen ari denean, taldekide guztiak eseri, eta elkarrekin hitz egiten aukeratzen dute nork egingo duen dantza. «Kontuan hartzen da urteko lan guztia, entseguak... Eta erabaki egiten da».

Santa Isabel eguneko ezpata dantza garrantzitsua da taldearentzat, baina ez gauza garrantzitsu bakarra: urtero jaialdia egiten dute udaberrian, eta abuztuan Areson (Nafarroa) izango dira dantzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.