Haurren kontrako sexu abusuak. Zaintza eta detekzioa

ISLARIK GABEKO INDARKERIA

Azken hilabeteetan zeresana eman dute zenbait ikastetxetan salatutako sexu abusuek. Adituen ustez, «izozmendiaren tontorra» dira. Izan ere, haurren kontrako sexu abusu gehienak ez dira azaleratzen, eta isiltasun hori da konponbiderako oztoporik handiena.
BERRIA

Ion Orzaiz -

2019ko otsailak 24
Ez da anomalia bat. Ez dira kasu bakanak. Orain arte egin diren ikerketen arabera, hamar pertsonatik bik pairatu dute inoiz sexu abusuren bat artean adingabe zirela, eta gehienak —%98 inguru— ez dira azaleratzen, ezta salatzen ere. Euskal Herrian, ondorio bertsuetara heldu dira Eraikiz kolektiboa, Save The Children eta gisa horretako erakundeak, baina baita administrazioan alor horretan lanean diharduten teknikariak eta profesionalak ere. Adingabeen kontrako sexu abusuena fenomeno «orokortua» dela ohartarazi dute, eta, salbuespenak salbuespen, nekez hitz egiten da horri buruz. Gaitz ikusezina da, gizartean islarik ez duelako.

Osasun, hezkuntza eta justizia alorretako profesionalek darabilten definizioaren arabera, sexu abusua da «adingabe baten parte hartzea sexu jarduera batean, hark ulertzen ez duena, eta zeinari ezin dion onespena eman, adinagatik eta garapen faltagatik». Askotan, abusuak berekin dakar kontaktu fisikoa —ferekak, ukituak genitaletan edo uzkian...—, baina badira halakorik behar ez duten formak ere; besteak beste, exhibizionismoa edota haurra pornografia ikustera behartzea.

«Krimen perfektua da», azaldu du Aitziber Bañuelos gizarte hezitzaile eta Eraikiz kolektiboko koordinatzaileak: «Biktimak berak gordetzen du sekretua, egin diotena ulertzen ez duelako, lotsa ematen diolako edota abusatzaileak, isilarazteko asmoz, haurrarengan kontrol, manipulazio eta sugestio erabatekoak eragin dituelako». Indarkeria matxistaren eta sexu abusuen esparruetan lan egiten du Eraikiz elkarteak.

Biktimaren beraren isiltasunari gehitu behar zaio, aditu guztien arabera, auziaren inguruan urteetan eraiki den hesi opakua: «Ongi errotutako sinesmenak ditugu haurtzaroaren, familiaren, gizartearen eta geure buruaren gainean, eta horiek estaltzen dizkigute begiak», gaineratu du Bañuelosek. «Ez dugu uste posible denik gure inguruan haurren kontrako sexu abusuak gertatzea. Eta datuek erakusten digute posible ez ezik probablea ere badela. Gure inguruan, seguru asko, sexu abusuekin nolabaiteko lotura duen norbait egonen da. Hori, jakina, terriblea iruditzen zaigu, pentsaezina. Eta ez gaude prest aukera gisa onartzeko ere, gure ingurukoak eta geure burua auzitan jartzea dakarrelako. Alde ilunera begiratzea».

Isiltasun errezel horrek erakundeak ere blaitu ditu, oso zaila baita datu ofizialak aurkitzea. Euskal Herriari dagokionez, adingabeen aurkako indarkeriari buruzko diagnostiko bat prestatzen ari da Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politikako Saila, baina udazken arte ez da prest egonen.

Oraingoz, haurren aurkako sexu erasoei buruzko txosten osoenetako bat Eraikiz kolektiboak berak egina da, 2016koa. Beste erreferente nagusia, berriz, Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak duela urte eta erdi argitaratutako Ikusi nahi ez duten begiak ikerlana da. Elkarte horrek Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkarietako bat da Iñaki Alonso, Haurtzaro Politika eta Sentsibilizazio alorreko arduraduna: «Datu gutxi ditugu eskura, datuek lotura baitute salaketekin; hortaz, oso salaketa gutxi jartzen direnez, abusu gehienen erregistro ofizialik ez dago».

Familia barruan, maizago

Abusuen biktimekin lan egiten duten profesionalek bi multzotan sailkatzen dituzte sexu abusuak: familia barruan gertatzen direnak eta familiatik kanpokoak. «Azkenaldian, Euskadin oihartzun zabala izan duten kasuak bigarren multzokoak dira, familiatik kanpo gertatutakoak: eskolan, kiroldegian, igerilekuan... Oso baliagarria da horien berri ematea, hainbat urtez itzalpean egon den auzi baten inguruan hitz egiten has gaitezen», azaldu du Alonsok. Hala ere, gogoratu du kasu horiek «izozmendiaren tontorra» bakarrik direla.

Horrekin bat dator Bañuelos: «Orain hedabideetan azaltzen ari direnak familiatik kanpoko erasoak dira, eta, hain zuzen, abusu guztien zati txiki bat besterik ez dira horiek. Batez beste, familia barruan gertatzen dira adingabeen kontrako abusuen %80 inguru, baina horietaz apenas dugun berririk. Deigarria behintzat bada».

Hain zuzen, familia barruan gertatzen diren eskubide urratzeez arduratzen da Nafarroako Gobernuko Familia eta Adingabeen Zuzendariordetza. Hango burua da Mikel Gurbindo: «Nafarroan, batez beste, 30-40 kasu erregistratzen ditugu urtean, baina aintzat hartu behar dugu, gure kalkuluen arabera, abusu guztien %2 inguru bakarrik salatzen direla».

Abusua familia barruan gertatzen denean haurren babesgabetasun egoera «are larriagoa» dela dio Gurbindok. Eta erasoak utzitako orban psikologikoak osatzea, berriz, zailagoa: «Traizio sentimendua oso gogorra da haur txiki batentzat: birrintzailea, erabat. Babestu behar zaituen pertsonak, konfiantza osoa ematen dizun horrexek, eraso egin dizula pentsatze hutsa oso-oso kaltegarria da psikologikoki. Urteak behar dira trauma horri buelta emateko, eta, batzuetan, bizi osorako kalteak ekartzen ditu».

Eraikiz kolektiboko koordinatzailearen aburuz, «sexu abusua bera bezain kaltegarria» izan daiteke biktimak bere buruari ezarritako isiltasuna: «Kaltea betikotzen du horrek. Adingabeak uste du bere errua ere badela, lotsa sentitzen du, eta sekretua gordetzen ahalegintzen da. Ondorioz, lotura perbertso bat sortzen da erasotzailearen eta abusua jasan duenaren artean. Nahi gabe, biktima konplize bihurtzen da».

Halako kasuak antzematea «izugarri zaila» dela onartu dute biktimekin lan egiten duten eragile guztiek. Bañuelos: «Har ditzagun adibide gisa Gazteluetako edota Deustuko Salestarren ikastetxean azaleratu diren kasuak. Zenbat urte eman dituzte biktima horiek isilik? 20 urte? 30? Bada, horien senide asko egunotan ari dira gertatutakoaz jabetzen; gurasoek eurek ez zuten antzeman zer ari zitzaien gertatzen euren seme-alabei».

Alonsoren aburuz, «uste okerra da» pentsatzea haurren aurkako sexu abusuak «erraz» atzeman daitezkeela: «Askok uste dute beren seme edo alabari igarriko lioketela sintomaren bat, baina, askotan, ez da hala gertatzen. Batzuetan, gurasoek ez diete ezer antzematen, edo antzematen dietena nerabezaroari egozten diote, nerbioei...».

Bañuelosek ere askotan lan egin izan du abusatutako haurren senideekin, eta askok galdetzen diote zer egin dezaketen halako kasuak prebenitzeko: «Ez dago errezeta magikorik, haur bakoitzak bere erara azaleratuko baitu gertatzen ari zaiona: portaera arraroa, depresioa, umore aldaketak, edo, besterik gabe, bere adinari ez dagozkion zenbait jokabide azkarregi garatzea». Eraikiz-eko kidearen ustez, garrantzitsuena da onartzea «sexu abusuak hor daudela, eta, pentsatze hutsak beldurra ematen badigu ere, gerta daitezkeen gauzen zerrendan sartu behar ditugu».

Era berean, erasotzaileen soslai jakinik ez dago, generoa baita ezaugarri komun bakarra: «Guk aztertutako kasu ia guztietan, erasotzailea gizonezkoa da», esan du Gurbindok. Hori kenduta, aukerak mugagabeak dira. «Esan izan da abusatzaileak ez daudela burutik sano, munstroak direla edota gaitz psikiko bereziren bat dutela. Bada, ez», gaineratu du Alonsok. «Ez dago sexu abusatzailearen soslai psikologiko jakin bat». Horrekin bat dator Bañuelos ere: «Erasotzailea edonor izan daiteke. Edozein herrialdetakoa, edozein arraza, ideologia, ikasketa maila eta klase sozialetakoa».

Protokoloak erietxean

Haurren kontrako abusuak detektatzeko zailtasunak daudela nabarmendu du Nafarroako Familia eta Adingabeen ataleko buruak ere. «Pediatriako ohiko azterketa batean, eskolan edota ospitaleko larrialdi zerbitzuetan zauri edo arrasto fisikoren bat topatzen badute, errazagoa izan ohi da prozesua, baina, bestela, susmoetan oinarritu behar izaten dugu».

Iruñeko Bideko Ama ospitaleko larrialdi zerbitzuan, Eva Ruperez pediatra arduratzen da haurrei azterketa fisikoa egin eta sexu abusua pairatu duten ala ez ebazteaz. «Gure ospitalean, hilean lau bat espediente zabaltzen ditugu sexu-abusu susmoengatik», kontatu du. «Ez da asko [3.500 haur artatzen dituzte, oro har, denbora tarte berean], baina aintzat hartu behar dugu ospitalera etortzen direnerako kasu larriak izan ohi direla». Gehienetan, senide baten eskutik heltzen dira adingabe horiek larrialdietako harrerara. «Askotan, senide horrek zantzuren bat antzematen du, eta adingabea hona ekartzen du berehala: izan daiteke min fisikoa genitaletan edo uzkian, ezinegon emozionala edota adin horretarako ezohikoak diren jokabide sexualak, masturbazio konpultsiboa, esate baterako», azaldu du pediatrak.

Beste batzuetan, ordea, sintomak zehaztugabeagoak dira, eta, halakoetan, ezinbestekoa da profesionalen diagnostiko zorrotza: «Zauri edo arrasto fisikorik ez badago, haurraren testigantza besterik ez dugu; hortaz, beharrezkoa izaten da elkarrizketa luze eta on bat egitea, haurraren adinari egokitua eta lasai sentituko den toki batean egina». Solasaldi horretan lortutako informazioarekin —eta gizarte langileek emandako balorazioarekin—, txostena osatzen du pediatrak, eta sexu abusuen susmoa helarazten die, kasuan-kasuan, auzi medikuari, fiskaltzari edota adingabeen epaitegiari.

Ospitaleko txostenik, salaketarik eta froga fisikorik ez dagoen kasuetan —gehienetan, alegia—, protokoloa «konplikatuagoa» da, Gurbindok dioenez. Askotan, asteak behar izaten dituzte ikerketa sakona egiteko: «Ezinezkoa da familiarengana jo eta halako salaketa bat deblauki botatzea. Zantzuak behar dira, oinarri sendo bat. Hortaz, ezkutuko ikerketa bat abiatzen dugu». Halakoetan, administrazioak ikuskatzaile bat igortzen du ikastetxera. Gurbindo: «Eskolako zuzendaritza eta irakaslea jakinaren gainean daude, baina haurrak, ez. Haientzat, beste hezitzaile bat besterik ez da, eta harekin eroso hitz egin dezakete. Ikuskatze, balorazio eta analisi prozesu luze baten ostean, pertsona horrek ondorioztatuko du haur hori abusuen biktima izan daitekeen ala ez. Eta konfirmazio hori eskuetan dugula, familiarengana jotzen dugu».

Abusuen susmagarri ez den senide hurbilenari azaltzen diote gertatutakoa —gehienetan, amari—. «Bi neurri planteatzen dizkiogu: salaketa aurkeztu eta abusuen egilea etxetik ateraraz dezala berehala, familia hori haurrarentzat babes eremu izan dadin berriz». Halakorik egiten ez badu, eta administrazioak uste badu etxe horretan adingabearen segurtasuna bermatzerik ez dagoela, zaintza ken diezaieke gurasoei. «Azken aukera da, eta kautela neurri gisa hartzen dugu», adierazi du Nafarroako Gobernuko kideak.

Muturreko egoera horietara ez iristeko, baliabide gehiago eskatu dituzte aditu guztiek: batetik, prebentzio programak prestatzeko; eta, bestetik, abusuak atzemateko prozesua bizkortzeko. «Lege organiko bat prestatzen ari da Espainiako Gobernua, eta horren esperoan gaude», azaldu du Gurbindok. Lege horrek «arazoa bistaratzen» lagunduko duela uste du Alonsok. Bañuelosek, berriz, heziketa jarri du erdigunean: «Haur eta gazteen garapen integrala bermatuko duen sexu heziketa on bat behar dugu. Lehen mailako tresna bat da gizaki osasuntsuak hezteko eta sexu indarkeria prebenitzeko; borondate politikoa bakarrik behar da».

«Gau batean, lotan nengoela, ohean sartu zitzaidan»

«Abusua ahaztua dute biktimen erdiek, baina ondorioak dituzte»

Sinesgarritasuna irabazten

«Sendabide» baten bila

«Ez nekien sexua ote zen, baina bai ez zela normala»