Albistea entzun

Concha Castells. EAEko DHEko lehendakaria

«Espero dugu Osasun Batzordean legea hobetu ahal izatea»

MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2020ko otsailak 12

DHE Duin Hiltzeko Eskubidea elkarteko EAEko ordezkaritzako lehendakari Concha Castellsek espero du PSOEk aurkeztutako lege proposamen hau aurrera ateratzea, baina hobetuta. Elkarteko ordezkariak beti izan dira kritikoak legearen puntu batekin: ez zaie ongi iruditzen eutanasia eskari bakoitzak, medikuen oniritziaz harago, kontrol eta ebaluazio batzorde baten aldeko ebazpena ere jaso behar izatea. Batzorde horiek autonomia erkidegoka eratzea da asmoa, eta toki bakoitzeko «lerrotze ideologikoaren» arabera, uste dute legeari «boikot egiteko» tresnak izan daitezkeela: «Arriskutsua da; ekar dezake turismo eutanasikoa ere: eutanasia egin ahal izateko, erkidego batetik bestera joatea».

Hauspotu egin nahi duzue berriz testuaren gaineko kritika hori...

Bai, izan ere, horrek lehengoan jarraitzen du, eta lege proposamena berriz hain azkar atera izana, gainera, gure aurka dator; izan ere, pentsatzen genuen aurrez PSOErekin negoziatu ahal izango genuela kontu hori... Baina, tira, Osasun Batzordera eramango dute orain proposamena, eta espero dugu han hobetzea. Izan ere, bai: guztiz kontra gaude. Inguruko arloko legerietan ez dago antzeko batzorderik; halakoak badira, baina kasuak egin eta gero aztertzeko, eta irregulartasunik izan den ikusteko. Baina aurrez kasuak aztertuko dituen batzorde bat? Eten ere egiten du horrek medikuaren eta pazientearen arteko harremana; tartean sar daiteke. Guretzat paziente batek eske bat egiten badu, handik hamabost egunera berritzen badu, medikuak egokitzat jotzen badu, eta ondoren beste sendagile batek hori bera berresten badu, horrekin aski da. Horrez aparte batzorde bat ipintzea zentzugabekeria bat iruditzen zaigu guri, baina uste dugu oraindik aldatzeko garaiz gaudela; badugu itxaropena. Ez dela lortzen? Bada, gutxienez ere aurrera dagoenarekin: horrenbeste denbora daramagu lege baten zain!

Zer-nolako jarrerak espero dituzue izango den eztabaidan?

PSOEri guk esan diogu aurreko kontrol hori kentzeko, baina uzkur ikusi dugu. Uste dute, era horretan, berme handiagoz jarduteko era emango duela legeak: profesionalak ere seguruago sentituko direla. Podemosek aurrez aurkeztu zuen beste proposamen bat; ez zuen traba hori.

Bermeak indartzeko bestelako neurriak badirela diozue zuek...

Guk, adibidez, ongi ikusiko genuke batzorde bat egotea aholkuetarako: alegia, profesionalen batek kasuren baten inguruan dudak baditu, bertara jotzeko era izateko. Eta bermeak indartzeko gauza gehiago ere egin daitezke. Adibidez, erizainak ere erabakia hartzeko prozesura hurbiltzea lagungarria litzateke: pazienteak ondo ezagutzen dituzte haiek, usu medikuek baino hobeto. Beraz, berme gehiago ezar daitezke.

Kontzientzia eragozle izateko era ematen du testuak. Oztopo izan daiteke legeak garatzeko?

Osasun kudeatzaileek baliabideak jarri beharko dituzte, legea onartzen bada, gauzatu ahal izateko. Mediku elkargoetan egindako inkestek erakusten dute, gainera, profesional gehienak daudela eutanasia arautzearen alde; %30ek-edo esaten dute eragozle egingo liratekeela. Alde horretatik, ez luke eragozpenik egon behar.

Eskuina muturreko jarreretan gotortuta dago, eta saiatuko da zarata egiten legearen aurka. Traba handia izango da?

Seguru, eta, giro horretan, zailagoa da horrenbeste berme ezarri beharko ez dituen lege bat lortzea. Tira, ez da eskuin muturra bakarrik; Apezpikuen Konferentzia ere gai honetaz ari da. Asaldatu egiten dira halakoekin. Eskubide zibil berri bat aipatzen diren aldiro, asaldatu egiten dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sexu erasoen kontrako protesta bat, Donostian, iazko udan. ©Andoni Canellada / Foku

'Soilik baietz da baietz' legeak ezarritako murrizketak babestu ditu Gorenak

Arantxa Iraola

Espainiako Fiskaltzak zigorren apaltzearen aurka jarritako helegite ia denak atzera bota ditu,

Migrazio politiken aurkako protesta bat, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian. ©Iñigo Uriz / Foku

Espainiako Poliziak jaiegunak eskaini ditu Irunen atxilotutako migratzaile kopuruaren arabera

Jone Bastida Alzuru

Baliogabetu egin dute agindua. Agiriak jasotzen duenez, etorkin bat atxilo hartzearen truke hiru jaiegun lortuko zituzten; bi atxilo hartuta, lau egun; eta hamar hartuta, bost.

Manuel Lezertua Arartekoaren burua. ©ARITZ LOIOLA/FOKU

Segurtasun Sailak ez dio erantzun Arartekoari Ertzaintzaren «praxi desegokiei» buruz

Jone Arruabarrena

Arartekoak adierazi du Ertzaintzak ezin diola uko egin salaketa bat tramitatzeari. Haren arabera, Segurtasun Sailaren isiltasunak aditzera ematen du ez dituela beteko emandako gomendioak.

Bilboko San Frantzisko auzoan polizien arrazakeria eta gehiegikeria salatzeko eginiko protest bat ©Marisol Ramirez / Foku

Bizkaiko SOS Arrazakeriak jasotako salaketa gehienak poliziak eraginak izan ziren

Olatz Silva Rodrigo

34 salaketa jaso zituzten 2022an; eta, datu horiekin, urteroko txostena landu berri dute. Adierazi dutenez, salaketa gehienak arrazakeria instituzionalari dagozkie.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...