DATUAK

2015eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Atzo izan zen Alzheimerren eritasunaren aurkako nazioarteko eguna. Data horren bueltan, gogora ekarri dira egunotan hainbat datu esanguratsu:

Hamar familiatik batek. 70 urtetik gorako kideak dituzten familien artean, hamarretik batek gaixotasunak jotakoren bat du etxean.

Hamar urteko dependentzia. Batez beste, hamar urteko mendekotasuna eragiten du.

Kasu berri bat, 70 segundoan behin. Europan, 70 segundoan behin, eritasunaren diagnostiko bat egiten dute osagileek.

2040erako bikoitza. Bizi esperantza gora doan heinean, erien kopuruak ere gora egingo du: 2040. urterako bikoiztuko dela diote adituek. Munduan egun 27 milioi gaixo daude diagnostikatuta: orduan 60 milioi izango dira. Orain arte herrialde aberatsetako datuak jaso dira, bereziki: astiro-astiro ugaritzen ari da beste herrialdeetako informazioa ere.

Hegoaldean, 55.000 gaixotik gora. Erien errolda zehatzik ez dago —Gipuzkoan Alzheimerraren inguruko Afagi elkarteak egiteko eskatu du—, baina instituzioek emandako datuen arabera, 55.000 lagunetik gora daude Hego Euskal Herrian gaixotasunak jota. Zaintzaile eta senitarteko, 250.000 lagun baino gehiagoren eguneroko bizitza baldintzatzen du Alzheimerren eritasunak.

Zaintzaileen adina: 55-69 urte. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, andrazkoak dira alzheimerdunen zaintzaile gehienak, 55-69 urte artekoak; lan merkatuan inoiz egon gabeak dira gehienak, edo aspaldi urrundutakoak. Beren gurasoak edo bikotekideenak artatzen dituzte kasurik gehienetan. AFAN Nafarroako erien senitartekoen elkartekoek baliabide gehiago eskatu dituzte zaintzarako.

Gaixo bakoitzaren gastua: 31.000 euro. Gastu handia eragiten du: Euskal Herrian egindako ikerketen arabera, 31.000 eurotik gora behar dira gaixo bat behar bezala artatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.