Eusko Ikaskuntzak egungo erronkei erantzun nahi die mendeurren kongresuan

Azaroaren 23ra arte egitekoak diren saioen egitarauak jakinarazi dituzte. Erakundeari eta XVIII. kongresuari babesa azaldu diote instituzio ugarik
Instituzio eta eragile ugariren babesa jaso du Eusko Ikaskuntzak.
Instituzio eta eragile ugariren babesa jaso du Eusko Ikaskuntzak. A. C. / FOKU

Jon O. Urain -

2018ko irailak 14
Eusko Ikaskuntzak urriaren 5ean ekingo dio bere ibilbideko XVIII. kongresuari, Geroa Elkar-Ekin lelopean. Erakundeak Oñatin (Gipuzkoa) egin zuen aurreneko biltzarra, aurten duela ehun urte, eta, mendeurrena ospatzeko, XVIII. kongresuaren ondorioak «sorlekuan» ospatuko dituzte azaroaren 23an, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak atzo azaldu zuenez. Oñatira arteko bidean, ordea, erakundeak bost saio prestatu ditu, bost lan ildo jorratzeko, eta urriaren 5ekoa izango da aurrenekoa, Baionan.

Eusko Ikaskuntzak atzo ezagutarazi zuen saio bakoitzeko egitaraua, Donostiako Tabakaleran eginiko agerraldi batean. Atal bakoitzeko zuzendari zientifikoek beren arloko saioek landuko dituzten gaiak xehatu zituzten. Guztietan ariko dira Euskal Herriko nahiz atzerriko unibertsitateetako irakasle eta ikerlariak.

Programa aurkeztearekin batera, erakundeak eta XVIII. kongresuak bildutako babes instituzionala irudikatu zuten. Izan ere, ekitaldian izan ziren, besteak beste, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako ordezkariak, Oñatiko alkatea, Donostiako, Bilboko eta Gasteizko udaletako ordezkariak eta Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria, besteak beste. Hainbat finantza entitate eta enpresako kideek ere babesa azaldu diote Eusko Ikaskuntzari.

Kongresuaren amaiera modura, azaroaren 24an ospatuko dituzte Eusko Ikaskuntzaren ehun urteak. Egun horretan, agintariei, bazkideei eta herritarrei ongietorria egingo diete Oñatiko plazan, 11:00 aldera, eta ekitaldi nagusia eguerdirako antolatu dute, San Migel elizan.

Beatriz Akizu kongresuko zuzendari zientifikoak azaldu zuenez, «momentu historiko» batean helduko da biltzarra, Eusko Ikaskuntzak aurten mendeurrena beteko duenez gero. «Eusko Ikaskuntza gizarteari erantzun aurrerakoiak emateko jaio zen», Akizuren esanetan, eta uste du erakundeak «erronka bera» duela gaur egun, «egungo errealitate sozialera egokituta».

Biltzarra, «erakusleiho»

Xabier Alkorta XVIII. biltzarreko lehendakariak azpimarratu zuenez, hiru ezaugarri nagusi izango ditu kongresuak: partaidetzari eta metodologiari dagokionez, nabarmendu zuen urteotan eginiko lanaren «erakusleihoa» izango dela, eta bidean 1.150 lagunek hartu dutela parte. Izan ere, Eusko Ikaskuntzak 2015ean ekin zion Euskal Herriaren etorkizunari buruzko gogoetari eta diagnostiko bat osatzeari, eta prozesu horren ondorio izan da erakundeak berak plazaratutako Euskal Herriko lurralde(ar)en liburu berdea. Biltzarreko subjektua, berriz, Euskal Herri osoa izango dela azaldu zuen Alkortak, saioak bost hiriburutan egingo dituztenez gero. Azkenik, etorkizunari begira «planteamendu propositiboa» egiteko beharra nabarmendu zuen, eta horri erantzun nahi dio biltzarrak: Liburu Berdean jasotako diagnostikoa abiapuntu hartuta, Oñatiko kongresuan aurkeztuko duten Liburu Zuria-k zenbait erantzun proposatuko ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon O. Urain

Informazio osagarria