ANALISIA

Ikusi eta sinetsi

PSNko Ramon Alzorriz eta Maria Txibite, Unai Hualde parlamentuko presidentearekin, ostegunean. J. MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Platonek, Errepublika-ren zazpigarren liburuxkan, errealitatearen ezagutzaren inguruko alegoria bat azaltzen du: Kobazulo batean, horma bati begira kateatutako presoen modukoak gara pertsonak, eta leizearen atarian dagoen su handi baten atzean gertatzen diren mugimenduek proiektatutako itzalen pertzepzioa dugu errealitateaz. Egiari zor, metafora horren sakontasuna sekula ez nuen bere osotasunean ulertu selektibitatea prestatzeko filosofia klaseetan, baina azalpenon arrastoak etorri zaizkit gogora asteon. Nafarroako errealitate politikoari begiratzean, ez ote gara leizeko preso horien modukoak? Itzalei begira, egiazki atzean mugitzen denari erreparatu ezinik?

Gorabeheren gurpil batean gaude maiatzaren 26az geroztik. Aste batean ematen du sozialistek berriro ere eskuinaren eskuetan utziko dutela boterea, eta hurrengo astean badirudi iraganeko mamu guztiak astintzeko borondate tinkoa dutela. Ekainaren 19an, parlamentuko mahaiaren osaeraren eztabaidan, zirt edo zart egiteko ordua iritsi zitzaien sozialistei: Geroa Baiko Unai Hualderen eta Navarra Sumako Iñaki Iriarteren artean hautatu behar izan zuten, eta argi zegoen bigarren aukerak negoziazio prozesua betirako lurperatu zezakeela. Bada, goiz ero hartan, sozialisten arteko solasaldi bat entzun zuen lekuko baten arabera, Maria Txibitek ez zuen argi izan zer egin azken minutura arte. Orain ireki den aukera hautu horren ondorio izan zen, eta aurrera egin ahala gero eta sendoagoa badirudi ere, abiapuntuaren hauskortasuna islatzen du anekdotak. Pertzepzioen itzalak interpretatzean, inoiz ezin da baztertu inprobisazioak joka dezakeen rol erabakigarria.

Fokuetatik kanpo mugitzen diren aktoreak baztertu ezin diren modu berean. Mahaiaren osaeraren atarian, argazki bat zabaldu zen sare sozialetan. Iruñeko erdiguneko taberna batean elkarrekin solasean agertzen ziren Javier Esparza, Roberto Jimenez eta Jesus Santos UGTko idazkari nagusia. Inprobisaziotik gutxi zuen irudi hark mezu oso argia igorri zuen: Hemen gaude. Tradizio klasikoaren arabera, alderdiek kontrolatutako sindikatuak egon izan dira, baina Nafarroan alderantziz da, PSN UGTk kontrolatutako alderdia den heinean. Maite Esporrin Iruñeko hautagai zergatik den jakin nahi duenarentzat, hara hor azalpena, adibidez. Juan Kruz Lakasta parafraseatuz, PSNko eta UGTko ordezkari askok iraganeko erregimenaren DNA dute euren baitan. Zer egiten ari dira horiek guztiak? Nor gailenduko da pultsu horretan? Iraganeko fabore tratuak itzultzea nahi duten horiek denak, ala aurrera begira, UPNtik aldenduta, erreferente nagusi izatea amets duen PSN?

Hasi berri den negoziazio prozesutik aurreratu den gauzetako bat da, desadostasunak kudeatzerakoan, bere kasa jarduteko askatasuna nahi duela PSNk. AHTren kasuan, adibidez, Geroa Bai eta Navarra Sumarekin bat eginez. Beste alderdiei aurreratu dien 40 orrialdeko agiriaren nondik norakoak jakin gabe ere, aurreko lau urteetan egindakoan atzera egiteko baliatu dezake PSNk. Edo ez, bere posiziotik abiatuta, beste erritmo batzuekin eta ziurrenik hainbat gaitan balazta sakatuz, baina beste agertoki politiko baten atarikoa izan liteke oraingoa. Ondorioz, denboraren pertzepzioak ere badu eragina. Iraganak pisu handia du, eta etorkizuna beti da ziurtasunik gabea. PSN tarteko izanik, are gehiago. Erantzunaren araberakoa da Geroa Bairen apustuaren arriskuaren tamaina.

Bide luzea geratzen da oraindik ere akordio programatikoa eta ondoren gobernua hitzartzeko, eta tartean gauza ugari gerta daitezke, baina, prozesua bururaino iritsiz gero, galdera ikur handi bat dago amaieran: zer egingo du EH Bilduk? PSNk ez du pedagogiarik egin nahi, eta bazterketa politika kezkagarri bat inposatu nahi du, koalizio abertzalea alboratuz. Txibitek aurreratu du parlamentuko egunerokoan eurekin jardungo duela, baina EH Bildurentzat etorkizuneko balizko promesa baten truke inbestidura oparitzeak ez dirudi onargarria. Haatik, hauteskunde aurrerapenaren kartak ere baditu arrisku ugari, eskuina indartu eta egoeraren erantzule gisa ager daitekeen heinean. Bere orain arteko bazkideak eroso direla sumatzeak ez dio laguntzen.

Eskuina, berriz, urduri dago. Etsipenaren etsipenez, ETAren karta astintzen du une oro, gaiari azken tanta atera nahirik. Nafar on eta gaiztoen etiketak banatzeko zilegitasuna duela uste duen alderdiak (UPN) orain monopolio horren beste negozio adar bat ireki nahi du: Nafarroa ez dago salgai... betiere eurak ez badira bitartekariak. Adierazpen sorta horien atzean, estrategia begien bistakoa da: Nafarroako gaia Espainiako gai nagusi bihurtu nahi du, berriz ere PSOEk bidea mozteko Txibiteri. Boterera kosta ahala kosta iritsi nahi duen Esparzak badaki porrot eginez gero beste lau urteko basamortuko zeharkaldia izan dezakeela aurrean, eta PP eta Ciudadanos izango dituela oraingoan bidaide.

Hala ere, PSNk du horren guztiaren gakoa, eta haren borondatea soilik ekintzek neurtuko dute. 2007koa gertutik bizi izan zuen Maiorga Ramirezek laburbildu du hobekien egoera: PSNrekin, ikusi eta sinetsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.