Eider Borrega. Etxez etxeko laguntzailea

«Erabiltzaileen eskua eta besoa gara; batzuetan, burua ere bai»

Eguneroko lan zamaz ohartarazi du Borregak: zehaztuta dituzten eginbeharretatik haragoko lanak egin behar izaten dituzte. «Ezin da ahaztu pertsonekin egiten dugula lan».

J. Rejado -

2018ko abenduak 7
Donostiako etxez etxeko laguntza zerbitzuan egiten du lan Eider Borregak (Donostia, 1976). Zenbait hilabetez mobilizatuta egon dira, eta, orain, Donostiako Udalak zerbitzua enpresa bati emateko zain daude.

Nolakoa da etxez etxeko zerbitzuko langile baten egunerokotasuna?

Sorpresa izaten da. Erabiltzaile berberengana joan ohi gara, zerbitzu berbera ematera. Eginbeharrak zehaztuak ditugu: dutxan laguntzea, zentrora doan garraiora eramatea, etxeko lanak egitea... Dena den, bestelako lanak sortzen dira. Ezin da ahaztu pertsonekin egiten dugula lan. Edozertarako balio dugu: telebista teknikaria, psikologoa... Erabiltzaileen besoa eta eskua gara, eta, batzuetan, burua ere bai.

Ordutegi malgutasuna salatu izan duzue mobilizazioetan. Nola eragiten dizue?

Eguna erlojuari begira ematen duzu, ez atzeratzeko. Batzuetan, luzatzen zara etxe batean; ezohiko gauza horietako bat gertatzen da, eta, horretan laguntzeaz gain, zerbitzua eskaini behar da. Horrek eragiten du berandutzea, hurrengo erabiltzailea urduriago egotea... Zerbitzuan eragiteaz gain, langileen bizitza pribatuan ere eragiten du.

Donostiako kasuan garraioak ez dira aintzat hartu, ez ordaintzeko, ezta lanaldi barruko denboran ere, ezta?

Orain, zerbait ordaintzen dute, garraioaren arabera. Leku batetik bestera ematen dugun denbora, ordea, ez dute lanaldiaren barruan sartzen, eta horrek kontratuan jasotako lanaldia gehiago luzatzen du.

Oso lan fisikoa dela ere salatu duzue, eta horrek eragiten dituen lesioak ez direla lan gaixotasun gisa hartzen.

Lan fisikoa nabaritzen da, bai, eta urteak pasatu ahala, gero eta gehiago! Egun osoa gora eta behera ematen dugu, gero erabiltzaileak dutxara eramatean, garbitzean, ohetik altxatzen... Batzuetan, bi langile ere joan dira leku batzuetara. Tentsioan zaude etengabe. Formakuntza eskertuko genuke, eta behar den lekuetan garabiak jartzea. Enpresek fisioterapeutaren bat-edo jarriko balu, asko eskertuko genuke. Are, zertan ari den dakien enpresa bat izatea ere egokia izan daiteke.

Zer zentzutan?

Badaude etxez etxeko laguntza zerbitzuan urteetako esperientzia duten enpresak. Horiek beste tratu bat dute langileekin, eta asko nabaritzen da.

Nola baloratzen dituzu azken urteetan egindako mobilizazioak?

Oso ondo. Jendeak ezagutzen gaitu. Gure aldarrikapenak gehiago entzuten dira. Are, mobilizazioei esker elkar ezagutu dugu langileok; aurrez ez genuen harremanik.

Gizarteak ezagutzen al du egiten duzuen lana?

Ezetz esango nuke. Orain, pertsona gehiago hasi dira guk egiten duguna baloratzen. Gizartea zahartzen ari da, eta, eskaintzen dugun zerbitzurako, langile gehiago beharko dira. Are, geu ere izango gara aitona-amonak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna