Gizakiz besteko gizarte bat

Indartzen ari da urteotan animalien askapenaren aldeko mugimendua; ingurumari horretan ulertu behar da Nor Euskal Herriko Antiespezista taldearen eraketa. Borrokaren izaera «politikoa» nabarmendu nahi dute.

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko urriak 10
Giza erroa darama gizartea hitzak berak. Eta aski argigarria da ikusteko zeren edo, zehatzago, zeinen inguruan egituratzen den komunitateko bizitza: gizakia erdigunean jarri, eta azpitik datoz «gizakiz besteko animaliak». Irakurketa hori egiten du antiespezismoak, eta hori ikusaraztea eta iraultzea du borroka. Hazten ari den mugimendua dela esateko zantzuak daude. Horren erakusgarri da sortu berri den Nor Euskal Herriko Antiespezista taldea.

Animalien askapenaren aldeko mugimendua sendotzeko jaio da Nor. Eta animalien askapenaren aldeko borroka «politikoa» dela nabarmentzeko asmoarekin jaio da. Hor dago orain arteko mugimenduarekiko jauzi nagusia, Maialen Sagues bozeramailearentzat: «Askotan animalien askapenaren inguruan hitz egiten denean, zerbait emozionalaren itxura hartu izan du, animaliekiko maitasuna eta abar. Orain, forma politikoa hartzen ari da. Belaunaldi berriak kontzientzia horrekin datoz: animaliek sufritzen dutena ere zapalkuntza politiko bat da».

Mugimendu horri aterki bat eskaini nahi dio Nor taldeak. Euskal Herrian, azken bi urteetan zazpi talde antiespezista berri sortu dira, Saguesen arabera: Uluak dago Debagoienean (Gipuzkoa), Aiuri Antiespezista Ermua-Eibarren (Gipuzkoa), Animalistak Bilbon, Askekintza Donostia aldean, Equipo Antiespecista Gasteiz eta Bezala Gasteizen, Kimera antiespezista Tolosaldean eta Liberabere Iruñean. Baionako Began Pays Basque taldearekin ere harremanak berhartzen ari direla aipatu du. Oro har, mugimendua hazten doalakoan da: «Azken urteetan, feminismoa izan da gehien bistaratu den borroka, eta, orain, haren atzetik, antiespezismoa dator».

Transbertsala, edo ez da

Argi utzi dute hasieratik: antiespezismoa soilik beste borroka sozialen esparruan uler daiteke. «Antiespezismoa zapalkuntza ororen aurkako mugimendu gisa ulertzen dugu, eta, ondorioz, kolektibo feminista, antikapitalista eta euskaltzale bat gara». Animalien aldeko mugimenduak izan duen «transformazioa» hor agertzen da, Saguesentzat: «Diskurtsoa politizatzeak gizakiaren eta beste animalien arteko botere harremanak identifikatzera eramaten zaitu. Eta argi dago harreman hori gure menderatze absolutuan oinarritzen dela; euren bizitza gure menpe igarotzen dute, gure ustezko beharrak betetzeko». Ikuspuntu horretatik, gizaki jaiotzeak dakartzan «pribilegioak» auzitan jartzea nahi dute. «Edozein agente iraultzailek bere diskurtsoan barneratu behar luke animaliak zapalduen parte direla».

Lau zimendu jarri dizkiote taldeari. Bat, mugimendu antiespezistaren bozgorailu izatea nahi dute. «Gauza asko ari dira pasatzen, baina ez da jendearengana iristen. Kanal bakar batetik kontatu nahi dugu gertatzen dena». Bi, koordinazio lana. Hiru, euskarazko materiala sortzea —Aterpetuak izango da lehen argitalpena, Aitor Garmendia ekintzaile antiespezistarena, Tras los muros izenez ere ezaguna; ekintzaile antiespezistaren Refugiados liburuaren itzulpena—. Eta lau, ekitaldi bateratuak egitea Euskal Herriko talde antiespezisten artean. Oraingoz, esate baterako, manifestazio baterako deia egin dute elkarrekin; azaroan izango da, Bilbon.

Etorkizun erradikal bat

Gizakia animalia bat eta besteak «gizakiz besteko animaliak» dira antiespezismoarentzat. Denek eskubide berberak dituztela esatean, baina, eztabaida korapilatzen dela dio Saguesek. «Eskubideez baino gehiago, nahiago dugu animalien askapenaz hitz egitea», zehaztu du. «Eskubide kontzeptua gizakiari eta legeei oso lotuta dagoen terminologia bat da. Berez, eskatzen duguna benetan libre izatea da, norbanakoak direlako, eta interes propioak dituztelako». Eta hori kontuan hartzeak «aldaketa erradikalak» ekar ditzake.

Gizarte begano bat, hasteko. Saguesen arabera, «sobera» frogatuta dago gizakiak ez duela animalien beharrik bere elikadura osatzeko, «ez hemen behintzat». Baina hori baino dezente harago heltzen dira animalien askapenaren aldeko praktikak, eta milaka industria daude jomugan. «Jendeak ez daki, baina edozer gauza testatzen da animalietan, baita boligrafoak ere». Hor daude animaliak gizakiaren «gozagarri» erabiltzen diren espazioak, edo gizakiak janzteko erabiltzen dituen hainbat material ere: «Artilea, zela, larrua… animalien esplotaziotik datoz».

Animalia askoren kasuan, gizakiak erabakitzen du noiz jaio, nola bizi eta nola hil behar duten. Hala uste du Saguesek. Ez soilik «esplotaziopean» daudenen kasuan. «Errepide batekin baso bat erditik mozten dugunean, haien inguru guztia baldintzatzen dugu berdin-berdin, gure interesengatik». Hala, gizakiak hartzen dituen erabaki guztietan «gizakiz besteko animalien» interesak ere aintzat hartzea eskatzen du antiespezismoak.

Oinarria beti da berbera: animaliak mendean hartu gabeko jardunak sustatu nahi dituzte antiespezistek. «Animalia batekin bizi baldin bazara, zure egitekoa bera zaintzekoa da, errespetuz tratatzekoa, bere interesak errespetatzekoa. Behi bat baldin badut bere esnea lapurtzeko, argi eta garbi, harremana ez da horizontala». Interes batzuen arabera hedatutako uste okerrak ikusten ditu ikuskera horietan Saguesek: «Esnetarako behiak daudela saldu digute, behi batek automatikoki esnea emango balu bezala. Ugaztun bat da, eta esnea emateko lehenengo ume bat eduki behar du. Beraz, behi hori intseminatzen da, umea izaten du, urtebetez esnea ematen du, berriro intseminatzen da, eta bere bizitza ziklo guztia horrelakoa izango da. Hori gizaki batentzat urtero haurdun egotearen parekoa da. Azkenean, beste era batera 20 urte iraun lezakeen behi batek zazpi urte irauten du».

«Zuritzeko» argudioak

Bada mito gehiago. Arrautzekin ere, esate baterako, «zuriketa handia» egin da, Saguesen ustez. «Oilo bati arrautza uzten badiozu, eta arrautza hori ez bada intseminatzen, oiloak berak arrautza jaten du, kaltzioa berreskuratzeko. Pentsatzea oilo horrek arrautza sobera duela, erabat antropozentrista da. Badirudi guretzat erruten dutela. Kontua da esplotaziopean dauzkagula duela milaka urtetatik, eta gure beharretara moldatuta dagoen animalia bat bihurtu dela».

Espezismoa defendatzeko argudio ohikoenetako bat, naturako katea izan ohi da, animalia batzuen iraupenerako batzuk besteak mendean hartu beharra. «Gizakiak bortizki hautsi du kate hori», ohartarazi du, ordea, Saguesek. Beste bat gizakiaren gaitasun intelektuala lehenestea izan daiteke, baina argudio horrek ere ez du zentzurik Nor taldeko bozeramailearentzat. «Gizakien artean ere ez da norbait gure maila intelektual berberean egon behar errespetua izateko».

Borroka feministarekin erkatu du berriz borroka antiespezista Saguesek, biak ala biak sakon errotutako praktikak auzitan jartzetik abiatzen direlako. Antiespezismorako pausoa azkarren eman dutenak mugimendu feministako kideak izan direla aipatu du. «Zure gorputza erabilia izan deneko irakurketa bat duzunean, hurbil dago ikustea ondokoarena ere nola ari den erabilia izaten».

Feminismoak lortu du Nor taldeak orain lortu nahi duena. «Matxista izateak denontzat konnotazio oso txarra du, inork ez du zapalkuntza horren parte izan nahi. Antiespezistok, aldiz, oraindik pauso handi bat daukagu jendeak bere egin arte espezista izatea ere zerbait txarra dela». Eta transbertsaltasunera jo du berriz taldeko ordezkariak. Ezinbestekotzat dute: «Gizarte antiespezista batera iristeko kapitala ere suntsitu behar da, munduan beste erritmo bat ezarri, eta hor gizakiok okupatzen dugun espazioaz kontzientzia hartu».

Azken uneko agonia, azalera