Iragan urruneko irakaspenak

Iraganean planetan izan ziren suntsipen masiboak ikertzea gaur egungo arazo ekologikoak ulertzeko gakoa izan daiteke. Aste honetan argitaratutako ikerketa batek ideia hori berretsi du: orain arte ezagutzen ez zen suntsipen bat ekosistemen galeran abiatu omen zen.

Biodibertsitatearen horma, Berlingo Historia Naturalaren Museoan. CAROLA RADKE / BERLIN NATURKUNDE MUSEUM.
Juanma Gallego.
2017ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Zuhaitzek ez dezatela galaraz basoa ikustea. Big data-ren aroan, helburu horretara bideratutako ikerketa ugari daude martxan. Meatzariak lurraren barrenetik bitxiak ateratzen saiatzen diren modu berean, zientzialariek ere datu meatzaritza erabiltzen dute informazio baliagarria eskuratzeko. Eta, zenbaitetan, harribitxiak ateratzen dira jarduera horretatik. Asteon jakinarazi dute horren beste adibide bat. Orain arte ezagutzen ez zen suntsipen bat aurkitu du nazioarteko ikertzaile talde batek.

Azken 100 urteetan aurkitutako fosilen berrazterketa batetik abiatuz, duela 2,5 milioi urte inguru, itsas megafaunaren heren bat desagertu zela jakin da orain. Zehazki, duela 5,3 milioi urte eta 9.700 urte arteko fosilak berraztertu dituzte Zuricheko Unibertsitateko (Suitza) eta Berlingo Historia Naturalaren Museoko (Alemania) adituek. Paleobiology izeneko datu basean bildutako 2.000 erregistro inguru baliatu dituzte horretarako. Berrazterketaren emaitzak Nature Ecology and Evolution aldizkarian plazaratu dituzte.

Suntsipen horretan, besteak beste, inoiz existitu den marrazorik handiena desagertu zen: Carcharodon megalodon izenekoa. Bost urte eman zituen Catalina Pimiento paleobiologoak espezie horren desagerpena argitu nahian. Misterioari amaiera emateko, ikerketaren fokua irekitzea erabaki zuen, eta, megalodon espezieaz gain, itsas megafauna osotasunean kontuan hartzea erabaki zuen. «Animalia konkretu askoren iraungipena ezagutzen zen, baina modu isolatuan», adierazi du Pimientok. Datu horiek guztiak batzean konturatu dira suntsipen berri baten aurrean zirela. Itsas ugaztunak izan ziren galera gehien nozitu zutenak. Egin dituzten kalkuluen arabera, mota horretako animalien %55 desagertu ziren. Itsas dortoken %43 desagertu ziren, eta itsas hegaztien %35.

Adituak azaldu duenez, aurreko ikerketetatik abiatuta, bazekiten uraren tenperaturan izandako aldaketek ez zutela iraungipena eragin. «Uste zen glaziazioek ura hoztu zutela, baina ez zen horrela izan», argitu du. «Gure susmoa zen itsas mailan izandako aldaketek iraungipenarekin zerikusia izan zezaketela. Ezaguna da dinosauroen iraungipenetik—duela 65 milioi urte— itsasoaren mailan izan diren aldaketa handienak azken bost milioi urtetan izan direla, hau da, Pliozenoan eta Pleistozenoan».

Suntsipena azaltzeko, ikertzaileek itsas mailaren hipotesiari heldu diote. «Kostaldetik gertu dauden sakonera txikiko uretan bizi ziren animaliek nozitu zuten bereziki iraungipena», azaldu du paleobiologoak. «Aldiro, animalia horiek eskuragarri zuten eremua txikitzen eta handitzen zen. Epe luzera, aukeran zuten eremua txikitu zen, eta, beraz, elikatzeko gaitasuna ere urritu zen».

Adituak azpimarratu duenez, batez ere beren gorputzaren tenperatura erregulatzeko gaitasuna zuten animaliak desagertu ziren. «Gorputzaren tenperatura arautzeko, energia eta baliabide asko behar dira. Aukeran dagoen eremua gutxitzean, baliabideak ere txikitu ziren».

Beste bost suntsipen handiekin alderatuz, suntsipen xumea izan zela aitortu du adituak, baina, halere, garrantzi handikoa izan omen zen. «Itsas espezie handien %30 inguru desagertu ziren, baina horiek betetzen zituzten funtzio ekologikoak oso garrantzitsuak ziren. Ekosistemetako funtzioen %20 desagertu ziren. Aurrekaririk gabeko fenomenoa izan zen».

Bost iraungipenak

Ikerketaren balioa aitortuta ere, funtzio ekologikoen inguruan Pimientoren taldeak emandako azalpenak «oso teorikotzat» jo ditu Estibaliz Apellaniz EHUko geologoak. «Egia da edozein ingurunetan organismo bakoitzak bere funtzioa betetzen duela ekosisteman. Suntsipen masibo baten ondoren, beti dator leherketa ebolutibo bat. Okupatuta ez dauden txokoak eskuratzen dituzte heldu berriek».

Hala erakusten du historia geologikoak. Dinosauroek ere baliatu zuten aurreko suntsipen masibo batean geratu zen hutsunea Lurreko jaun eta jabe bilakatzeko, eta haiek desagertu zirenean ere, ugaztunak atera ziren garaile.

«Normalean, azken 550 milioi urtetik hona bost iraungipen masibo bereizten dira, eta, gaur egun, seigarrenaren atarian egon gaitezke», dio adituak. Duela 250 milioi urte inguru, Paleozoikoaren hasieran gertatutakoa izan zen bortitzena. Adituek diote espezieen %90 desagertu zirela. «Txikizio ikaragarri handia izan zen». Baina, seguruenera, ospetsuena Kretazeoa eta Paleogenoaren arteko mugan —KT muga deritzona— gertatutakoa izan zen. Dinosauroak desagertu zirenekoa, hain zuzen. Hipotesirik zabalduenaren arabera, Yukatan penintsulan (Mexiko) eroritako meteorito batek abiatu zuen hondamendia. Orain onartuta badago ere, aurrenekoz proposatu zenean hipotesiak hautsak harrotu zituela gogorarazi du geologoak: «KT muga horretan buztinezko geruza txiki bat dago. Geruzaren alde batean eta bestean zegoena ikertzean, geologoak konturatu ziren fosil zeharo desberdinak zaudela». Mundu osoko laginetan geruza hori aztertzean, iridio kontzentrazio handiak zeudela ikusi zuten ikertzaileek, eta horren jatorria meteorito batean kokatu zuten, elementu hori urriagoa baita Lurraren azalean.

«Biltzar batean meteoritoaren ideia proposatu zutenean, jende guztia kontra jarri zitzaien. Izan ere, ordura arte, horrelako suntsipenak prozesu gradualen bitartez azaltzen ziren, eta ez bat-bateko hondamendien bidez». Pixkanaka, datu berriek meteoritoaren hipotesia indartu zuten. «Paradoxikoa bada ere, zientzian oso komenigarria da hipotesi baten aurrean beste adituak kontra azaltzea. Horren haritik egiten diren ikerketen ondorioz, ezagutza maila asko handitzen da».

Seigarren suntsiketa baten atarian ote gauden galdetuta, ezkor azaldu da aditua. «Tira, gustatuko litzaidake huts egitea, baina seigarrenaren atarian gaudela iruditzen zait. Gure espeziea izurrite baten modura jokatzen ari da. Gure hazkunde demografikoa zein ekosistemetan egiten ditugun aldaketak hain dira handiak, ezen ekosistema horiek ez baitaukate egokitzeko denborarik».

Catalina Pimientok ere uste du iraganeko suntsipenak ikertzeak zer pentsa eman behar diola gizateriari. «Gaur egun ere gizakiok planetaren habitatak aldatzen ari gara. Gaur egun espezie asko desagertzen ari dira, eta, horren atzean, klima aldaketa, kutsadura eta antzeko faktoreak baino gehiago, habitaten galera dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.