Ane Labaka Mayoz.
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Manadak

2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Buelteu dire eskotiek eta buelteu da kanuto usaine, gabak zerueri begire, ta zure marradun minigonie. Mingain lodiko munstroak. «Morboa ematen didazue borde jartzen zaretenean». Esku irristakor bat ipurdian. Larunbata da. Donostia. Gaueko 23:30. Jai hasi berrien euforia usaintzen da giroan. Lagun bati eskutik helduta zoaz. Musu eman dizu ezpainetan. Zapi beltz batekin estali dizu aurpegia.

«Inoizko sanferminik seguruenak izan dira aurtengoak, sei salaketa bakarrik jarri dira sexu-abusuengatik». «Ez itzuli etxera bakarrik». «Badaezpada eraman mobila eskuan eta abisatu iristen zarenean». «—Iruñean gure girotik atera eta Manadak ikusten nituen nonahi... —Gure giroa? Barkatu?». Nazka. «Zenbatean dauzkazu mamadak?». Beste bi lagun ere batu zaizkizue. Beltzez jantzita datoz. Buruberokiak prest. Indarra sumatzen zaie begietan.

Makur zaitez, makur zaitez... Abesti sexistak gune ustez askeetan. Ez baduzu flamenkorik nahi, ez jo txalorik. Listua belarri zuloetan. Utz iezaiozu dantzatu dezan. Lau baby-rekin maiteminduta nago, beti ematen didate nahi dudana, nik esaten diedanean egiten dugu larrutan, inoiz ez didate 'baina'-rik jartzen.Gizonezkoz soilik osatutako whatsapp talde bateko txistea. «Orain ezin nauzu horrela utzi». «Bollera? Benetan? Ez dakizu zer galtzen duzun...». Txilibituak ahoratu dituzue. Argi-zuziak piztu. Danbor hotsak entzuten dira. Inguruko eraikinetako hormak dardarka.

«Bertsolaria zara? Zu entzutera ez dakit jenderik joango den, baina ikustera ziur baietz». Goitik beherako begirada. Gizonak soilik oholtzan. «Ez da hainbesterako, neska». «Arrazoi hori ez zen batere feminista. Eta nik zuri buruz hori kantatu izan banu, zer?». «Denok sartzen dugu hanka, bai gizonek bai emakumeek, denok». «Bidal iezadazu argazki bat norekin zauden jakiteko». Hamarnaka emakume gehiago batu zaizkizue. Konplizitatea. Indarra. Amorrua. Aldarri ozenak bozgorailuetatik. Gizonezkoak, azken lerrora.

«Hiru sexu eraso salatu dituzte Baionako festetan». «Sexu abusuak salatu ditu 14 urteko neska batek Gasteizen». Portugaleten. Itzalak etxera bidean. Pauso hotsak. Arnasestuak. «Bakarrik zihoan eta edanda». Ustezko erasoak, ustezko erasotzaileak, ustezko errudunak, ustezko, ustezko, ustezko... «Zer zeneraman jantzita?». «Manadako El Prenda-k atseden hartu du Rotako hondartzetan». Hasi da manifestazioa. Hartu duzue kalea. Oilo-ipurdia. «Gauak, kaleak, gureak dira». «Matxirulo, entzun: pin, pan, pun!».

«Ezin bada dantzatu, ez da gure iraultza». Protokoloak. «Erasotzaileak sutara!». Merezitako zaplazteko bat. «Beldurra bandoz aldatuko dugu». Autodefentsa. Harridura aurpegiak aurrean. «Ez ezetz da». «Esku hau topatu dut nire ipurdian, inork badaki norena den?». «Hau ez da gure bakea». Deserosotasuna. Begira daudenen isilik egon ezina. «Gu zuen alde gaude, baina ez daukazue gauzak horrela egin beharrik». Algara ozenak.

«Erasorik ez, erantzunik gabe». Erdigunea. Konspirazioa. Brigada moreak. Bularretakoak airean. Bi esku, alu forman. Gaueko 00:30. Ilargi erdia. Gorputz askeak. «Gora borroka feminista!». Irrintziak. Otsoak uluka. Sua. Plazera.

Gau osoa daukazue aurretik. Gozatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.